Lekukoen adin handia zenbaitetan, eta dokumentuak lortzeko zailtasunak besteetan, haur lapurtuen auzia ahaztuta dagoela dirudi. Hasiera indartsua eta babes handia izan zuen gaia ezerezean geratzeko zorian dago.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal nagusi Juan Kalparsorok hilaren hasieran azaldu zuen auzibidean dauden kasuetan ez dutela deliturik antzeman, «ezta arrazoizko zantzurik ere». Baina senideek ez dute hala denik uste. Gaiarekiko interes falta nabarmena dagoelakoan daude. Gainera, azken hilabeteetan ez da aurrerapausorik eman; ez da hilobirik ireki, eta kasu asko artxibatu egin dituzte.
Hori kontuan izanda, eta lekukoen adina kontuan hartuta, haur lapurtuen auzia kinka larrian dago. «Gero eta beranduago egin, orduan eta zailagoa izango da frogak lortzea», azaldu du Inmaculada Garate Gipuzkoako fiskalak. Horregatik, lehenbailehen heldu behar den gaia dela uste dute fiskalak eta biktimek, esaterako. «Egoera oso txarra da; erantzunak nahi ditugu, baina badirudi norbaiti ez zaiola interesatzen; haurrak ez dira inon azaltzen gainera», azaldu du Susana Espi Araba, Bizkai eta Gipuzkoako SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideak.
Haur lapurtuen elkarteetako kide gehienek sentitzen dute laguntza eta interes falta. «Badirudi ez dagoela gauzak argitzeko interesik, auzi honetan inplikatuta dauden pertsonen inguruan harresi moduko bat ari dira eraikitzen». Asko bizirik daudela baieztatu du Espik. Hainbat lanetan, askotan publikotan, dabiltzala jardunean baieztatu du; beraz, ez daudela hilda. Espirekin bat datorren Nafarroako SOS Haur Lapurtua elkarteko kide Karmele Jauregik salatu du inork ez dituela «ezertaz informatzen», inork ez diela «ezer esaten».
Bizkaian arazo larri batekin egin dute topo gainera: preskribatzea. Hainbat kasutan urte asko igaro direla kontuan izanda—1940 eta 1990 bitarteko kasuetan—,epaile batzuek kasuak iraungitzat jo dituzte; ondorioz, ez dituzte ikertuko. Gipuzkoan, berriz, abokatu bat kontratatzeko aukerarik ez dutenen kasuak artxibatzen ari dira; hau da, egoera ekonomiko okerrenean daudenen kasuak dira preskribatzen aurrenak. «Ez dugu uste kasu horietan abokatua kontratatzeko aholkatzea denik aukerarik onena; diru asko gastatu behar da, eta galdutako dirua izango da ezer ez bada lortzen. Ikusi dugu auzi hauek ikertzeko gogo gutxi dagoela», adierazi du Espik.
Informazioa euren kontura
Beraz, bide berri bati ekin diote. «Gu geure aldetik ari gara ikertzen, eta gauza asko lortu ditugu. Gero eta argiago dugu guztia. Biktimek kontatutakoari ez dio inork inoiz jaramonik egin, ezta sinesgarritasunik eman ere. Osotasunean ikusita, eta agertzen diren izenak ikusita, beti berberak dira», adierazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideak. Gero eta oztopo eta traba gehiago jarri, orduan eta argiago dute garai hartan umeen salmenta egin zela Euskal Herriko hainbat lurraldetan.
Emakumeen egoera iruditzen zaio gogorra Espiri: Emakume guztiek kontatzen dute istorio berbera: «'Lasai egon; zu ez arduratu; gure esku utzi', esaten zieten mediku, erizain edo mojek. Ospitaletik esku-hutsik irteten ziren; haurrik gabe eta han egon zirela egiaztatzen zuen agiririk gabe».
Ospitale publiko zein pribatuetan gertatu zela salatu du Espik. Ospitale pribatuetan haurra izan zutenen egoera nabarmendu du: «ziurtasun handiagoa» ematen zielako jo zuten ospitale pribatuetara, ordainduta gauzak «hobeto» egingo zituzten esperantzaz. Orain senideei adierazi diete garai hartan ez zutela historia klinikoa gordetzeko betebeharrik. Adibide bat besterik ez da.
«1976an jaiotako mutil batek azaldu zuen adoptatua zela eta gurasoek esan ziotela milioi bat pezeta ordaindu eta bera ospitalean bertan jaso zutela. Zer gehiago behar da ustelkeria kasua izan zela onartzeko?», adierazi du Espik.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez jakin dute 1940 eta 1990 urte bitartean 14.000 adopzio txosten ofizial izan zituztela. Hori «asko da», Espiren ustez. Nabarmendu du kopuru horretan ez daudela adopzio pribatuak zenbatuta. Horiek herri bakoitzeko artxiboan gordetzen zituztelako.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoanegoera txarra bada, Nafarroan zailagoa. Zortzi salaketa egin dituzte, eta horietako bost artxibatuta daude froga faltagatik. SOS Haur Lapurtuak elkarteko kide Karmele Jauregik dio badaudela haur lapurtuak direla susmatzen duten herritar gehiago. «Haurra lapurtu zietela uste dutenek ikusi dute justizia ez dagoela haiei laguntzeko prest, eta ez diote borroka honi ekin nahi ezerezean geratzeko bada».
Gainera, «Nafarroan dokumentu asko desagertu dira», Jauregiren esanetan. 1974. eta 1982. urteen arteko abortuen inguruko informazioa desagertu dela salatu dute. Horrez gain, 1974an M eta Z letren arteko dokumentu guztiak falta direla adierazi du.
Halere, badute berri on bat. Nafarroan Berriozarko Udalak laguntza eskaini dio bertako elkarteari, eta etorkizunean Berriozarko Kulturgunean biktimekin biltzeko aukera izango dute elkarteko kideek. Asteartero biltzen dira, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Beharra duen oro gonbidatu du Jauregik agertzera, lapurtua izan zela susmatzen duen edonor. «Orain arte tabernetan geratzen ginen senideekin, baina gogorra izaten zen; emakumeek euren bizipenak malko artean kontatzen zituzten inolako intimitaterik gabe, taberna erdian. Etorkizunean izango dugu aukera hori, eta pozik eta esker onez ekingo diogu bideari».
Hiru hobi huts
Auzi Medikuntzako Euskal Erakundeko zuzendari Carlos Cuberok ere adierazi du egoera ez dela batere aldatu, geldirik dagoela dirudiela. «Ez dago hilobi gehiago irekitzeko asmorik gaur egun. Auzi hau ahazten ari dela iruditzen zait, edo puzgarri bat bezala husten ari dela». Ertzaintzak ikertzen jarraitzen duela dioen arren, ez dela aurrerapausorik ikusten nabarmendu du; auzia geldirik dagoela iruditzen zaio.
Horren harira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideek azaldu dute ertzainek haur lapurtuen gurasoei epaitegian egin izan dizkieten adierazpenak «oso gogorrak» izan direla, «harrituta» geratu izan direla gerora elkartean kontatu dutenean.
Ustez ostutako sei haurren hilobiak ireki dituzte Hego Euskal Herrian bide ofizialetik; pribatutik, beste zortzi. Sei kasu ofizialak Gipuzkoan eta Bizkaian izan dira, eta horietako hiru hilobitan —Donostian, Itsasondon eta Derion—ez dute giza arrastorik aurkitu, Carlos Cubero auzi medikuaren arabera. Francisco Etxeberria auzi medikuak dio gorpuak berez desagertu ahal izan direla denboraren poderioz. «Gorpurik ez dugu aurkitu panteoi batean, horma-hilobi batean, eta lurrarekin kontaktuan zegoen beste kasu batean. Panteoian eta horma-hilobian ezinezkoa da gorpuak berez desagertzea, eta hezurra lur garratzarekin kontaktuan denbora luzez egon bada ere ez», ohartarazi du Cuberok. Ofizialki ireki ziren beste hiru hilobietako emaitzak positiboak izan dira, hau da, berez lurperatua egon behar zuen gorpuaren ezaugarriak zituen arrastoak aurkitu dituzte. Azken hobia martxoan ireki zuten eta geroztik ez da ezer aldatu, hori da kide guztiek diotena.
Auzia geldirik dago. Ez aurrera, ez atzera; elkarteen esku, gaur egun. «Delitua egin zela frogatzea oso zaila da», Inmaculada Garate fiskalaren hitzetan, baina senideek, oztopoak oztopo, frogen bila jarraituko dute.
Auzi ahaztua
Haur lapurtuen auziak urte hasieran indar handia hartu zuen; gerora, berriz, ahaztu egin da. Bidean hainbat traba topatu arren, senideek erantzun bila jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu