Auzapez ohiaren zerrendako disidentea atera da lehena Ahetzeko bozetan, zortzi botoren aldearekin

Abertzaleen zerrenda da bigarren atera, eta Elizalde auzapez ohiak sostengatu zerrenda hirugarren. Hiru zerrendetako ordezkariek erran dute bigarren itzulira aurkeztuko direla igandean.

Ahetzeko herriko bozen lehen itzulia, atzo. PATXI BELTZAIZ
Ahetzeko herriko bozen lehen itzulia, atzo. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
2025eko urtarrilaren 6a
09:30
Entzun

Ramuntxo Goihetxek zuzendu Ahetze Zuekin zerrendak 371 boz egin zituen atzo Ahetzeko (Lapurdi) herriko bozetan (%38,37). Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen eta EH Bai alderdiak sustengatu Ahetzen zerrenda bigarren atera da 8 bototara, 363 boz eginez (%37,54). Philippe Elizalde auzapez ohiak sustengatzen zuen Laetitia Guesdon-Michauden Ahetze Bihotzetik zerrenda hirugarren gelditu da, 233 botorekin (%24,10). Bozen bigarren itzulia heldu den igandean jokatuko da eta hiru zerrendek jakinarazi dute berriz aurkeztuko zirela.

https://www.berria.eus/euskal-herria/hiru-zerrenda-izango-dira-lehian-ahetzeko-bozetan-igandean_2135640_102.html

Ramuntxo Goihetxe Ahetze Zuekin zerrendako burua «satisfos» da atzoko emaitzekin. Azpimarratu du epe laburra izan dutela lanerako eta halere emaitza onak lortu dituztela: «Taldeko kide batzuk hautetsi dira oraindik, eta, beraz, hauteskundeak eta herriko lanak denbora berean aitzina eraman behar izan ditugu». Aitzina egin dute, bai, baina muga-mugan Ahetzeko zerrenda abertzalearekin, zeren zortzi botoren aldea baizik ez baitute lortu. Goihetxe ez da kezkaturik agertu horrekin, eta erran du «pixka bat estonaturik» izan dela abertzaleek «ez baitute hainbeste jende konbentzitu».

Pentsatzen zuen 2024ko giro politikoagatik herritarrek uko eginen zietela orain arteko herriko etxeko gehiengotik sortu diren bi zerrendei, «gatazka bat izan baita bi zerrenden artean», baina «dirudienez ez da hala izan». Zortzi botoren aldea besterik ez da, halere, eta bigarren itzulian erabakiko da dena.

Heldu den iganderako, hain zuzen, «atzo parte hartu ez zuen jendea konbentzitzen» ahaleginduko dira Ahetze Zuekin zerrendakoak. «Erranen diegu: astelehenetik goiti eta hamahiru hilabetez indarrean izanen den zerrenda gurea da. Prest gara, eta proiektuak bidean ditugu».

Alta, zatiketa aitzineko lankideek ere proiektu berak dituzte bidean —herriko eskola eta Elizaldea etxearen berritzea— eta zerrenda abertzaleak horiek eta gehiago ere baditu gogoan. «Inplikazioan» datza desberdintasuna, Goihetxeren aburuz: uste du bere zerrendakoena dela adierazgarriena. «Ahetze Bihotzetik zerrendaren historia bera dugu, baina lan metodoa, aheztarrei lotzeko moldea eta herriko inplikazioa desberdinak ditugu».

Abertzaleekiko berdin: «Ahetzen zerrendakoek printzipio handiak dituzte, EH Bairen berdintsuak; zenbait gauzekin bat nator, eta besteekin ez. Baina, herriarekin zer harreman, zer inplikazio duten ikusita, desberdinak gara. Gu herriko zerrenda bat gara, ororen gainetik».

Kasik «berdindurik»

Guztiz baikor da Ramuntxo Labat-Aramendi ere lehen itzuliko emaitzekin. Zortzi bozen alde ttipia «berdinketa» zaie Ahetzen zerrendakoei. «Zortzi boz ez da deus, eta horrek erran nahi du xantza guztiak baditugula bigarren itzuliko». Ikusita lehen itzulian parte hartzea %59koa izan dela, iruditzen zaio badituztela aukerak bozetan gora egiteko. «Zazpiehun bat boz gelditu dira kanpoan, eta aste honetan horri buruz eginen dugu lan». 

Nahiz eta aste bateko epea biziki motza izan, hautagai abertzaleak argi du etxez etxe ibili behar dutela egunero. «Hurbiltasuna bultzatu behar dugu; herrixka batean bizi gara, eta, abertzale izanik, benetako harremana izan behar dugu gure herritarrekin. Kanpaina bat ez da egiten sare sozialetan bakarrik». 

Goihetxe eta Guesdon auzapez ohia zerrenda berekoak ziren, eta badu hamabost urte Goihetxe hautetsi dela Ahetzen. Labatek uste du aldatzeko tenorea dela. Gauzak «egiteko manera» funski aldatu behar da, haren ustez. Herritarrekiko komunikazioan eta herriko etxeko langileekiko harremanean, besteak beste: «30 langiletarik, azken urteetan hamar bat baino gehiago joan dira, eta hautetsiekin zuten harreman zaila izan da arazo nagusia». 

Auzapez ohiaren zerrendakideek euskararen aldeko jarrera erakusten dute boz hauetako programetan. Labatek dio «irri egitekoa» dela hori, ikusiz boterean izan direlarik zer politika egin duten euskarari buruz. Labat Ahetzeko ikastolako buraso da, eta ikastolarekin izandako politika adierazgarria zaio. «Jakin behar da zenbat traba ezarri dizkiguten. Traba izugarriak». Labatek erran du herriko kontseiluan ere euskararen kontrako jarrera nabaritu duela. Oposizioko hautetsi gisa, Labatek behin galdera bat euskaraz egin zuen lehenik, eta gero frantsesera itzuli. «Goihetxek hitza hartu, eta erran zuen nire mintzatzeko manera errespetu falta bat zela. Harrigarri da holakoen entzutea». 

Hatu merkatuaren auzia ere lehenbailehen konpondu nahi luke Ahetzen taldeak. Arrakasta handia du hilabeteko hirugarren igandean egiten den merkatu horrek. Ahetzeko biztanle askorentzat arrakasta handiegia da, dirudienez. Jendea urrundik heldu da saldoan, eta traba franko sortzen ditu herrian. «Egun egoera den bezala, aheztar anitz aspertuak dira. Hatu merkatuaren egunetan, batzuk Ahetzetik kanpora joaten dira. Onartezina da», erran du argiki Labatek. Elkarte batek du kudeatzen ekitaldi hori, eta, abertzalearen ustez, gobernantza aldatu behar da, eta merkatuaren antolaketa sakonki hobetu. 

Ahetzen zerrendak bilkura publiko bat eginen du asteazken arratsean. 

Hirugarrenek ere, aitzina

Auzapez ohiaren Ahetze Bihotzetik zerrendako Laetitia Guesdon-Mochaud gelditu da hirugarren, eta, haren ustez, igandean «ez da aski bozkatzailerik izan». Hak ere bozkatu gabe gelditu diren herritarren bozen xerka joan nahi du. Haren ustez, Ahetzen zerrenda abertzaleak hunkia du lor dezakeen bozen gorena. «2020an bezainbat boz bildu dituzte». 

Goihetxeren Zuekin zerrenda herriko etxeko aitzineko gehiengo gisa definitu du: «Badakigu karguan den gehiengoak beti baduela abantaila». Guesdon-Michaud, alta, talde horretan zen 2020an, zatiketa gertatu aitzin, baina esplikatu du beste talde bat osatu duela aldi honetarako. Emaitza itzulikatzeko esperantza badu. «Bozkatu ez duten jendeak bultzatu beharko ditugu urtarrilaren 12an bozkatzera joan daitezen». 

Goihetxeren zerrenda du begitan Guesdon-Michaudek. «Zuekin zerrendak aurkeztu duen aurrekontua, hain zuzen, haren zerrendaburuak apirilean babestu ez zuen berbera da. Ez du zentzurik!». Goihetxek bere ingurukoak Elizalde auzapez ohiaren aurka itzulikatu izana deitoratu du; «uste dut aheztarrek egitate horiek jakiten badituzte posible dela Zuekin-en alde bozkatu duten anitzek gure alde egitea orain». Lan egiteko moldeak ezberdintzen ditu Goihetxerengandik, dioenez. Guesdon-Michaudek adierazi du herritarrek gehiago parte hartzearen aldekoak direla, eta Goihetxeren taldekoek kontrakoa egiten dutela: «Beren artean hartzen dituzte erabakiak, eta uste dute beti arrazoi dutela. 

Horren adierazlea zaio Ahetzeko hatu merkatuaren kudeatzeko moldea. Labaten gisan, Guesdon-Mochaudek uste du arrunt aldatu behar dela, eta segur da Goihetxeren taldeak ez duela eginen: «Ez dute sekula eginen, zeren eta zerrendan sartua baitute hatu merkatua antolatzen duen elkartearen burua». 

Bilkura publiko bat egitekoa du Bihotzetik zerrendak ostiral arratsean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.