Erregistro bibliografikoetan pertsona izenak edo gaiak euskaraz modu «normalizatuan» nola idatzi behar diren ebaztea da Euskal Autoritateen Lantaldearen helburua; 2017tik ari da egiteko horretan, eta gaur, jardun horretan jarraitze aldera, hitzarmen bat izenpetu du Eusko Ikaskuntzarekin batera. Horrekin batera, Autoritateak.eus webgunea aurkeztu du, pertsona izenen autoritateak euskaraz idazteko modua «bateratzeko» tresna. Liburutegi nazionalen egitekoa izaten da grafia horiek zehaztea, baina Euskal Herrian ez da halakorik, eta euskaraz izenak idazteko erak bateratzeko egon dira orain arte. Hain justu ere, hutsune hori betetzea da lantalde horren jardunaren helburua. Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta taldeko ordezkari Idoia Sobrinok aurkeztu dute gaur, Donostian.
Tresna horren falta askotan sentitu dute liburuzain, dokumentalista eta arloko profesionalek, gaur Sobrinok azaldu duenez: «Orain arte, erakunde bakoitzak bere irizpideak ezarri ditu, eta ez dago gaizki, baina ez daude bateratuta, eta horrek hutsune bat sortzen zuen». Helburua argia da: «Erreferentzia fidagarriak, bateratuak eta iraunkorrak sortzea: iturri bateratua izanen den autoritate zerrenda bat».
Horra egiten ari diren lanaren hainbat adibide. Anton Abadia hizkuntzalari, esploratzaile eta astronomoaren izena, esaterako, hainbat eratan idatzi izan da: Abbadia, Antoine; Abbadie, Antoine d'; Arrast, Antoine... Izenaren hogei aldaera baino gehiago daude erregistratuta, eta orain «onartutako forma» bat bakarra dela ebatzi dute: Abadia, Anton. Antzeko zerbait Katalina Erausorekin. Dozenaka eratan izendatu izan dute buruzagi militar eta idazlea: Catalina de Erauso; Erauso, Catalina de; Moja alfereza... Onartutako forma hau dela ebatzi dute orain:Erauso, Katalina. Hori bera egin dute ja 500 bat izenekin. Ez daude denak webgunean oraindik, baina udarako denak agertzea espero dute. Eta zerrenda gehiago luzatuko da bitartean. «Gero eta informazio gehiago egonen da eskuragarri», aurreratu du Sobrinok.
«Batez ere katalogoetan, liburutegietan eta beste edozein erregistro gunetan erabili da, baina baita hedabideetan edo kale izendegietan ere», azaldu dute gaurko aurkezpenean. «Autoritateei esker, eta kasu honetan zehazki euskal autoritateei esker, erregistroen bilaketan, euskaraz ere erreferentzia komun, normalizatu eta arautuak egongo dira eskuragarri». Horren garrantzia nabarmendu du Idoia Sobrinok: «Euskaraz lan hau modu orokor eta bateratu batean egin gabe zegoen oraindik, eta gaurtik aitzinera iturri komun bat izanen dugu, autoritateen zerrenda oso bat, edozein erakundek bere autoritate katalogoa osatzeko erabili ahal izanen duena».
«Euskaraz lan hau modu orokor eta bateratu batean egin gabe zegoen oraindik, eta gaurtik aitzinera iturri komun bat izanen dugu».
IDOIA SOBRINOEuskal Autoritateak lantaldeko kidea
Gaur ezagutarazi duten atarian autoritateen izenak biltzen dituzten fitxak daude jasota, izen horien aldaerak, onartutako eta onartu gabeko moduak barne, eta kontsulta irekian eskuragarri daude. Eusko Ikaskuntzak bere gain hartu du proiektua garatzeko beharrezkoa den azpiegitura teknologikoa jartzea. Egitasmoaren garrantzia defendatu du Ana Urkizak: «Herri ikuspegia bultzatzen du egitasmoak, eta interes orokorrekoa da, euskal ekoizpenaren hedapena eta sarbidea erraztuko dituena, baita euskararen sustapena ere, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako kultura eta akademia erakundeen arteko lankidetza bultzatuko duena».
Hain justu ere, egitasmoa bideratzen ari dira erakunde ugari, Euskal Herri osokoak. Bilketa sarea dago batetik: Ikas pedagogia zentroak, Euskal Museoak, Baionako Liburutegiak eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegiak ordezkaritza dute. Nafarroako Liburuzainen Elkarte ASNABI ere parte da, eta Eusko Jaurlaritzako erakundeok: Liburutegi Zerbitzua, Euskarian, HABE Liburutegia eta EIMA katalogoa. Lantaldeko parte dira Euskaltzaindiaren Azkue liburutegia eta Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Liburutegia ere. «Denera hamahiru profesional gaude lantaldean», azaldu du Sobrinok.
Hilean behin
Lan handia dago egiteko, eta lehenengo ahalegina egiten ari dira «euskal bibliografiaren parte diren izen eta abizen euskaldunak dituzten pertsona-autoritateen normalizaziora» begira. Horixe lehenetsi dute. Hilean behin batzen dira. Autoritate bakoitzaren gaineko «txostenak» egiten dituzte aurrez; horietan doi aztertzen dute haien izenak idazteko zer bide erabili diren historian zehar, eta denen artean «adosten» dute kasu bakoitzean euskarazko forma egokiena zein den.
Abian den eginkizun hau Eusko Ikaskuntzaren «bokazio berritzailearekin» guztiz bat datorrela nabarmendu du Urkizak, eta guztiz bat datorrela «jakintza diziplina anitzetan sortu eta zabaltzeko» beti izan duen «konpromisoarekin» ere.
Baroja edo baroxa?
Hilean behin elkartu, eta prozesu horretan ari diren lantaldeko kideek batez beste hamar bat izen «estandarizatzen» dituzte bilera bakoitzean. Zenbaitetan, erabaki baten inguruan jirabiran ibiltzen dira: ezin adostu. Kasu horietako baten adibidea jarri du Sobrinok: «Zalantza sortu zigun autoritate bat Pio Baroja izan zen. Euskaltzaindiaren arabera, Pio Baroxa izan beharko luke». Baina beste hainbat irizpide ere aintzakotzat hartzen dituzte: nola erabili zuen autoreak berak, nola jasotzen duten beste informazio iturriek...«Inoiz inon ez da Pio Baroxa bezala agertu». Eta horretan, adibidez, hori guztia kontuan hartuta, Euskaltzaindiaren irizpideen aurkako erabakia hartu zuten, «salbuespen» gisara. Erabakia hartzeko egiten den lan hori guztia «dokumentatuta» geratzen da.