Aspaldi hasi zen COVID-19a Euskal Herriko etxeetan sartzen; orain, birusari ez ezik, hark pertsonen sistema immunologikoan utzitako arrastoa aztertzeko testei ere zabaldu zaizkie etxeko ateak. Joan den astetik, posible da antigorputzen testak nork bere buruari egitea Hego Euskal Herrian; zenbait farmaziatan eros daitezke, medikuaren errezetarekin, betiere. Ipar Euskal Herrian, berriz, agorrilean hasi ziren immunitatea neurtzen duten probak banatzen. Haatik, Hegoaldean ez bezala, farmazietan eta laborategietan egin daitezke, eta ez etxean bakarrik, soilik osasun langileek dutelako horiek egiteko baimena.
Epidemiologiako hainbat adituk ohartarazi dute «tentuz» jokatu behar dela proba horiekin. Emaitzen interpretazio egokia egitea zaila izan daiteke, eta ondorio okerrak ateratzea kaltegarria izan daiteke pandemiaren bilakaera kontrolatzeko garaian. Are, Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteak deia egin du autodiagnostikorako test horiek ez erabiltzeko, argudiaturik laborategietakoak baino fidagarritasun gutxiago dutela.
Erabiltzailearen behatz-mamian zizta eginez ateratako odol lagin txiki batetik abiatuta egiten da testa: serologikoa da. Testa erositakoan, proba egiteko beharrezko elementu guztiak eskuratuko ditu erabiltzaileak; orratza, odola aztertzeko gailua, disolbatzailea eta baita desinfektatzeko produktua ere. Odol lagina gailuaren edukiontzian sartu, bi tanta disolbatzaile bota, eta hamar minuturen buruan jaso daiteke emaitza. Erabiltzaileak jakin ahal izanen du bere sistema immunologikoak IgM eta IgG antigorputzik duen ala ez.
Hala, COVID-19a igaro izanaren zantzua detektatzeko balioko du proba horrek; ez, ordea, jakiteko testa egiten den unean pertsona hori kutsatua dagoen. Testean positibo ematen dutenei PCR proba edo antigeno testa eginen zaie ondotik. Guillaume Sammut Akitania Berriko Farmazialarien Ordezkaria da, eta adi egoteko eskatu du: «Test serologikoa ez da pasaporte immunitario bat: emaitzak ez du esan nahi babestuak garenik. Jendeak pentsa dezake birusa pasatu badu babestua dela; ez da egia».
Interpretazio arazoak
Hain zuzen, «guztizko fidagarritasunik eza» da adituek autodiagnostikorako proba horietan ikusitako arazo nagusietako bat. Ana Galarraga Elhuyar Zientziako ikertzailearen ustez, test horiek «hankamotzak» dira, oraingoz. «Proba horiek ematen dituzten emaitzak ez dira esanguratsuak norbanakoarentzat, are gutxiago haren araberako erabakiak hartzeko». Iritzi berekoa da Nafarroako Farmazialarien Elkargoko lehendakari Marta Galipienzo; «arriskutsuak» izan daitezkeela ohartarazi du berak. «Diagnostikorako proba erabiltzaile baten eskutan uztea, inolako laguntza profesionalik gabe, ez da guri gehien gustatuko litzaigukeen formatua», adierazi du. Bi adituekin bat egin du Sammutek, eta adierazi du hain zuzen horregatik ez dutela pazienteek proba etxean egiteko modurik Iparraldean.
Ugari dira dira testaren emaitza era egokian interpretatzeko aintzat hartu beharrekoak. Batik bat, premiazkoa da jakitea zer esan nahi duen testak detektatu ditzakeen antigorputzetako bakoitzak: infekzioa gertatu eta denbora gutxira sortzen da bata (IgM), epe luzeagora bestea (IgG), eta aise gerta daiteke batean positibo eman, eta bestean negatibo ematea. «Adibidez, lehenbizikoan positibo ematen bada eta bigarrenean negatibo, horrek esan nahi du oraindik nahiko berria dela infekzioa, eta kasu batzuetan pertsona horrek kutsatu dezake oraindik», azaldu du Galarragak.
Halere, kasu batzuetan baliagarriak izan daitezkeela uste du Sammutek, immunitate kolektiboa neurtzeko, adibidez. Bestalde, birusa ukan duten garaian testik egin ez dutenentzako baliagarri izan daitezkeela uste du, «diagnostikoa eta tratamendua egokitzeko».
Praktikan, ordea, ez dira oso zabalduak Galipienzoren arabera: «Test horien presentzia ia anekdotikoa da». Sammutek ere sentsazio bera du: «Agorriletikoso jende oso gutxik egin ditu».
Koronabirusa
Autoproba, ilunez betea
Badira COVID-19aren antigorputzak atzematen dituzten proba mota batzuk etxean egiteko modukoak. Hego Euskal Herrian etxean egiten ahal dira, behin botikan erosita; Iparraldean, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu