Autopista Elektrikorik Ez taldeak itzalaldia eginen du bihar goi tentsioaren aurka

Taldeak salatu du REE enpresak Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko proiektua tramitatzen jarraitzen duela

Goi tentsioko linearen aurkako mendi martxa egin zuten iaz; irudian, Ollon. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Ekintza burutuen politika da REE Red Electrica de Españarena». Horixe salatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformako aholkulari Alberto Friasek, eta enpresa horren aurka itzalaldi bat antolatu du taldeak. Bihar eginen dute, Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko goi tentsioko linearen proiektuak ukitzen dituen herrietan, 20:00etatik 20:30era.

Izan ere, enpresak aurrera jarraitzen du Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linea egiteko proiektuarekin. REEk Gueñes eta Ezkio-Itsaso arteko egitasmoarentzat ingurumen baimena lortu du jada, eta Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko proiektuarena hil honetan bertan eska dezake, plataformak salatu duenez. «Espainiako Gobernuak berak etena agindu zuen iazko martxoan, egitasmo guztiak berraztertzeko. Eten horrek indarrean jarraitzen du oraindik; baina, hala eta guztiz ere, enpresak aurrera jarraitzen du baimena lortzeko tramitazioekin», salatu du Alberto Friasek.

Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linea egiteko proiektuak 213 herri ukitzen ditu, eta haietako 211tan onartu dituzte egitasmo horren aurkako mozioak. «Toki erakundeak aurka dira, baina enpresak ez du aintzat hartzen», erran du Friasek. Gogora ekarri du oraingo proiektuaren aurretik prestatutakoa bertan behera utzi zuela Espainiako Gobernuak, ingurumenari eragiten zion kalteagatik, bai eta herritarrak aurka agertu zirelako ere.

«Goi tentsioko lineak ez ditugu hemen nahi, ezta bertze inon ere», erantsi du Autopista Elektrikorik Ez plataformako aholkulariak. Friasek nabarmendu du REE enpresaren asmo bakarra «negozioa egitea» dela. «Enpresa baten interesak jarri nahi dituzte gure herrien etorkizunaren gainetik».

Enpresaren irabaziak

REE enpresaren interesak zeintzuk diren argi ikusten du Friasek: «Dirutza irabazten jarraitu nahi dute». Egungo krisi garaian ere REEk irabaziak dituela nabarmendu du plataformako aholkulariak: «492 milioi euro 2012an, aurreko urtean baino %7 gehiago».

Bertze hainbat erakunderen interesak ere badaude tartean, plataformak aipatu duenez. «REEk berak Iberdrolaren eta Nafarroako Gobernuaren interesak aipatzen ditu, Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko egitasmoarekin aurrera jarraitzeko», erran du Friasek. Gogorarazi du 2005ean Nafarroako Gobernuak Accionari saldu ziola EHN, eta, Sodenaren bitartez, 173,5 milioi euro inbertitu zituela Iberdrolaren akzioak erosteko. «Operazio osoaren kostua 211,6 milioi eurokoa izan da; 264,5 milioikoa, hainbat iturriren arabera. Diru publikoarekin ordaindutako operazio horrek 90 milioi euro inguruko balioa izanen luke gaur egun. Galera %57 ingurukoa izan da, beraz», azaldu du Alberto Friasek.

Plataformako arduradunek argi utzi dute goi tentsioko lineak egiteko proiektuen helburu bakarra energia kanpora saltzea dela, «dirua irabazten jarraitu ahal izateko». «Espainian instalatutako potentzia elektrikoa 100.000 megawattekoa da; eta gehienezko eskaera 44.000koa da. Azken urteotan, erosi baino energia gehiago saldu du Espainiak. Hor dago REE enpresaren negozioa», salatu du Friasek. «Bertzeak bertze, Frantziari, Andorrari, Portugali eta Marokori saltzen dio energia Espainiak», gaineratu du.

Negozio hori dago Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linearen egitasmoaren atzetik, Autopista Elektrikorik Ez plataformak salatu duenez eta, horregatik, proiektu horren aurka itzalaldiarekin bat egitera deitu ditu herritarrak. Itzalaldi zaratatsua izanen da, goi tentsioko lineari ezetz errateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.