Espainiako Gobernuak Forestaliaren tentsio altuko lineen bi proiekturi baimena eman diela eta, egitasmo horien kontra mobilizatzera deitu dute Autopista Elektrikorik Ez plataformako 24 udalek biharko, Iruñean. Autopista Elektrikorik Ez plataformak azaldu duenez, antolatu duen ekitaldiak «izaera kultural eta aldarrikatzailea» izango du, eta deialdia egin duten udaletako alkateek manifestu bat irakurriko dute. Izarbeibarko, Iruñerriko eta Sakananako (Nafarroa) eta Goierriko (Gipuzkoa) 24 udal dira deitzaileak. Mobilizazioa 12:00etan hasiko da, Gazteluko plazan.
Protestan, Madrilek onetsi dituen Kyoko eta Tebe proiektuak gaitzetsiko dituzte. Lehenak Aragoiko parke eoliko batzuk lotuko ditu Gasteizko azpiestazio batekin, Nafarroatik barrena; bigarrenak, berriz, Aragoiko beste parke eoliko batzuen argindarra eramango du Gatikaraino (Bizkaia).
Autopista Elektrikorik Ez esperoan da Espainiako Gobernuak zer erabaki hartzen duen beste goi tentsioko linea baten gainean: Castejon (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) lotuko lituzkeena, Espainiako Sare Elektrikoak sustatutakoa.
Plataformak helegiteak aurkeztu ditu onartutako bi proiektuen aurka, eta, azken asteetan, elkarretaratzeak, hitzaldiak eta bilera informatiboak antolatu ditu. Nafarroako Gobernua ere Forestaliaren proiektuen aurka agertu da, eta administrazioarekin auzi prozesu bat abiatu du Espainiako Gobernuak emandako baimenen kontra.