Autokritika, «korapiloak» askatzeko

Iragan hurbilari buruzko hausnarketa kritikoa egiteko eskatu die Jonan Fernandezek alde guztiei eta ahalegin berezia ezker abertzaleari

Carmen Gisasola ETAko kide ohia eta Pili Zabala GALen biktima, atzo. G. E. / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Konponbide prozesuak egun duen etenalditik irteteko, ezinbesteko osagarriak dira euskal politika «oxigenatzea» eta bizikidetza «bideragarri» egitea; horretan, asko lagun dezake «autokritikak». Hala uste du, behintzat, Jonan Fernandezek, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak. Globernance institutuak eta berak zuzentzen duen idazkaritzak antolatutako jardunaldietan izan da, Donostiako San Telmo museoan. Politikariak, giza eskubideen arloan aritzen diren elkarteetako kideak, unibertsitateko irakasleak, alde bietako biktimak eta preso ohiak ari dira parte hartzen.

Sarrera hitzaldian, Fernandezek azpimarratu du iragana delanormalizazio politikoan aurrera egiteko oztoporik handiena, indarkeria egoerek sorturiko askotariko minek eta banaketa sozialak zailtasunak sortzen dituztelako adostasunak lantzeko orduan. Gatazkarekin lotura duten alde guztiei mintzatu zaie Jaurlaritzako idazkaria, eta ahalegin berezia eskatu dio ezker abertzaleari. Izan ere, uste du autokritika landu beharreko «lau eremuetatik» bitan erantzukizun «zuzena» duela sektore politiko horrek. Zehazki, ETAren indarkeriaren justifikazioarekin eta «sufrimenduaren sozializazio estrategiarekin» edota kale borrokarekin eta indarkeriaren ondorioz mehatxatu, ekonomikoki kaltetu eta bizkartzaina behar izan duten herritarren errealitatearekin. «Giza eskubideen urraketa horiek merezi dute hausnarketa kritiko zehatz bat».

Instituzioetan ardura karguak izan dituztenei ere autokritika eskatu die Fernandezek, bereziki «polizia, kartzela eta zigor arloko boterearen gehiegikeriengatik» eta biktima guztiek garai batean eta batzuek oraindik ere pairatzen duten arreta faltagatik. Fernandezek, oro har, uste du euskal gatazkak «balioen desordena eragin duela hainbat gizarte sektoretan, eta hori gertatu dela giza duintasunaren gainetik jarri direlako hainbat helburu politiko.

Mintegian atzo parte hartu zuten gehienek ere uste dute euskal gizartearen parte handi batek hausnartu beharko lukeela horri buruz eta bereziki ETArekin loturiko indarkeria buruz. Hori azpimarratu dute Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak eta Ramon Saizarbitoria idazleak. «Denok egin behar dugu autokritika, baita Elizak ere, baina lehenik horren arduradunek eta hori babestu eta hauspotu dutenek», adierazi du Uriartek. «Intolerantziarekin toleranteegiak izan gara denbora luzez», berriz, Saizarbitoriak. Arratsaldean, presoen egoera izan zuten mintzagai, besteak beste, Jon Mirena Landa eta Jose Luis de la Cuesta irakasleek eta Carmen Gisasola Langraiz bidea deituriko programan parte hartu duen preso ohiak. Presoen gizarteratze prozesuetan eta, horrekin batera hurbiltzeak, gradu aldaketak, baimenak eta beste lortzeko autokritikak duen balio juridiko eta politikoa azpimarratu dute legelariek. Gisasola, berriz, ezker abertzaleari mintzatu zaio. «Gertatukoaren erantzukizun politikoak ez onartzeak erantzukizun guztia presoen gainean uztea dakar».

Atutxa eta Zabaleta, gaur

Esperientzia pertsonaletan oinarrituta ere, bi mahai inguru egingo dituzte gaur goizean: lehenengoan parte hartuko dute Andoitz Kortak, Mari Carmen Hernandezek eta Pili Zabalak, ETAren indarkeriaren biktimak aurreneko biak eta GALena bestea. Jarraian, politikariek hartuko dute hitza: Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburu ohiak, Jose Ramon Rekalde sailburu ohi eta ETAren atentatu batean larri zauritutakoak, PPko Iñigo Manriquek, Aralar alderdiaren sortzaile Patxi Zabaletak eta Ahal Dugu-ko Josetxo Arrietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.