Eguzki plakak autokontsumorako jartzeko edo auto elektrikoa kargatzeko instalazioak jartzeko obra lizentzia eskatu behar izaten da udalean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Legebiltzarrak lege aldaketa bat onartu du aurrerantzean tramite hori arintzeko, eta, horrenbestez, ez da obra lizentziarik beharko, nahikoa izango da udalari jakinaraztearekin. Nafarroan 2018tik ez da beharrezkoa obra lizentzia.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak eraman zuen gaia legebiltzarrera 2022ko ekainean. Lurzoru eta Hirigintzari buruzko legea aldatzea proposatu zuen. Lantaldean landu ostean, lege aldaketa onartu dute EAJrekin, PSE-EErekin, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta PPrekin adostuta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio batzordean. Ekainaren 1eko osoko bilkuran onartuko dute behin betiko.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, «klima larrialdia, kanpo energiarekiko menpekotasuna, energia prezioen krisia eta azken hilabeteotan hornidurak tenkatzen ari diren faktore geopolitikoak agerian uzten ari dira trantsizio energetikoa azkartu beharra, eta, egoera horretan, autokontsumoa tresna garrantzitsua da arazo horiei guztiei aurre egiteko». Besteak beste, merkatu energetikoaren eskaria murriztuko luke autokontsumo energetikoa sustatzeak, ingurumen baldintzak hobetuko lirateke, hidrokarburoaren beharra murriztuko litzateke eta kontsumitzaileen fakturan eragin zuzena izango luke.
Horrenbestez, ekainaren 1etik aurrera ez da derrigorrezkoa izango udaletan obra lizentzia eskatzea. Tramitazioa arindu egingo da, nahikoa izango delako udalari instalazio berriei buruz jakinaraztearekin.
Izango dira salbuespenak. Lizentzia eskatu beharko da kultura intereseko ondasuntzat edo ondasun katalogatutzat jotako eraikinetan egiten direnean, eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenean eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar dutenean. Orduan eskatu beharko da udalean obra lizentzia.
Oterok gogorarazi du Europako Batasuna 2018tik ari dela ohartarazten energia berriztagarrien autokontsumoa bultzatu beharraz, eta aholkatzen du teilatuetan eguzki plakak jartzeko «oztopo administratiboak» antzeman eta arintzea. Bide horretan izaten diren oztopoetako bat ezabatzea da lege aldaketa honen helburua. Gogorarazi du 2018an Espainiako Gobernuak onartu zuela dekretu bat oztopo administratiboak arintzeko eskatuz.
Nafarroan berehala indarrean jarri bazuten ere, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara gehiago kostatu da iristea. Otero: «EAEn orain artean ez da urrats hori egin autokontsumoa oztopatzen duten trabak ezabatzeko, eta iritsi da ordua».
Autokontsumo energetikoa sustatzeko ez da obra lizentziarik beharko
EH Bilduk sustatuta egin dute lege aldaketa Eusko Legebiltzarrean. Nahikoa izango da udalari instalazioaren berri ematea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu