Autoinkulpazio kanpaina bat abiatu dute Korrikan migranteei lagundu zietenen alde

Martxoan 36 migratzaileri Irunen eta Hendaiaren arteko muga igarotzen lagundu zieten aktibistetako zazpi epaituko dituzte urtarrilaren 28an.

Korrikan migratzaileen aldeko desobedientzia ekintzarengatik auzipetutakoei babesa adierazteko autoinkulpazio kanpainaren aurkeztu dute gaur Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Korrikan migratzaileen aldeko desobedientzia ekintzarengatik auzipetutakoei babesa adierazteko autoinkulpazio kanpaina aurkeztu dute gaur Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irun
2024ko azaroaren 20a
14:00
Entzun

Korrikan 36 migratzaileri Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaiaren (Lapurdi) arteko muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako zazpi aktibista babesteko asmoz, autoinkulpazio kanpaina bat eta mobilizazio bat antolatu dituzte «desobedientzia ekintza» hori sustatu zuten kolektiboek. Auzipetutakoei elkartasuna adierazteko eta migrazio politika «bidegabeak» salatzeko antolatutako ekintza horien berri eman dute gaur, Irungo Ficoba erakustazokan. Aurkezpenean izan dira auzipetutako batzuk, baita haiei babesa emateko kolektiboetako kideak ere. 

Joan zen martxoaren 14an, Korrika abiatu zen egunean, giza eskubideen aldeko hainbat aktibistak 36 migratzaileri lagundu zieten Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubia zeharkatzen. Handik gutxira, kolektibo horiek beren gain hartu zuten «desobedientzia zibileko» ekintza hura. Urriaren hasieran, Frantziako Justiziak ekintza horrengatik deklaratzera deitu zituen kolektibo horietako zazpi pertsona. Hendaiako komisarian sei orduz atxilotuta egon ostean, epaitegian deklaratu zuten, eta, pertsonen trafikoko talde antolatuaren ustezko delitua egotzita, datorren urtarrilaren 28an epaituko dituzte.

Egoera bidegabea dela salatu dute gaur Irunen, eta auzipetutako aktibistak babesteko abiatuko duten kanpainaren berri eman dute. Bi egitasmo nabarmendu dituzte: autoinkulpazio kanpaina bat —gaur bertan abiatu dute— eta protesta ekintza bat. Ekintza hori epaiketa baino bi egun lehenago egingo dute, urtarrilaren 26an. 

«Kompromiso sendoa»

J'accuse [Salatzen dut] autoinkulpazio kanpaina gertukoa egin nahi dute. Hori dela eta, sinatu beharreko agiriak desobedientzia ekintza babestu zuten kolektiboek eta eragileek zuzenean banatzeko konpromisoa hartu dute. «Ez dugu klik batean adieraz daitekeen ekintza bat bezala planteatzen; konpromiso sendoa eskatzen duen ekintza bat izatea nahi dugu», adierazi dute kanpainaren sustatzaileek.

Etorkinen harrera sare eta elkarteak, sindikatuak —LAB, Steilas, FSU64, Ipar Euskal Herriko SUD—, alderdi politikoak —Berdeak, EH Bai, Frantzia Intsumisoa, Ipar Euskal Herriko Gauche Ecosocialiste— eta herritar mugimenduak — Bizi, Attac, Xuti Gazte— biltzen ditu martxoaren 14ko ekintza bere gain hartu duen kolektiboak. Beraz, horien bidez lor daitezke autoinkulpazio agiriak. Nolanahi ere, online formulario bat ere eskuragarri dago.

Bi ekintza horien bidez adierazi nahi dute ez dutela epaiketa hori onartzen eta auzipetutako pertsonen errugabetasuna aldarrikatzen dutela. «Epaitu beharrekoa ez da elkartasuna, ez eta pertsona guztien eskubideen alde ari direnak ere. Immigrazio politika anker eta hiltzaileak, muga arrazista eta bide hauen errudun diren agintari eta legeak dira zigortu behar direnak», esan du manifestua irakurri duenak, Amaia Redinek. 

Pertsona hauek epaituko dituzte urtarrilaren 28an: Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi LAB sindikatuko kideak; Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre, EH Bai eta Etorkinekin kolektiboko kideak; Aitzane Lasarte eta Fernand Perret Bidasoa Etorkinekin elkartekoak; eta Frantzia Intsumisoko kide bat.

Halaber, gaur salatu dutenez, Poliziaren kontroletatik ihesi, Bidasoa ibaia edota trenbidea zeharkatzeko ahaleginean gutxienez 9 pertsona hil dira, eta milaka pertsonak arriskuan jarri dute bizitza. Gizarte eragileek horren aurkako mobilizazioak eta protesta ekintzak egin dituzte, baina onartu dute egoera ez dela hobetu. Are okerrago, «Frantziako Gobernuak sei hilabetez luzatu du Irunen eta Hendaiaren arteko muga ixteko erabakia». 

Urtarrilaren 26an, protesta ekintza bat Ficobatik Hendaiara 

Autoinkulpazio kanpainarekin batera, immigrazio politika horiek salatzeko eta epaituko dituzten aktibistei elkartasuna adierazteko mobilizazio bat ere antolatuko dute. Urtarrilaren 26an egingo dute, epaiketa baino bi egun lehenago. «Atxikimenduak lortzen ari gara, eta espero dugu ordurako kolektibo gehiago batuko direla. Denon artean erabakiko dugu ekintza nolakoa izango den», argitu dute antolatzaileek. Edonola ere, 11:30ean Irungo Ficobatik abiatuko dela eta Hendaiaraino joango direla aurreratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.