Nafarroako Parlamentuko lehendakaria

Unai Hualde: «Autogobernuaren inguruan berme gehiago nahi ditugu, aldebikotasuna paper errea baita bestela»

Eskuin muturraren ondorioz giroa «zapuztu» dela onartu du, eta, horri begira, parlamentarien jarrerari buruzko araudia bultzatzen ari da. Nabarmendu du Foru Hobekuntzaren lantaldea autogobernuan sakontzeko aukera dela.

Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko korridoreetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko korridoreetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun

2007an, Fernando Puras orduko eledun sozialistak esan zuen Nafarroa ez zegoela prest abertzale bat izateko parlamentuko presidente. Ordutik gauzak asko aldatu diren isla argia da Unai Hualde (Altsasu, 1976). Parlamentuko presidente gisa bigarren legealdia du honako hau, eta eskuin muturraren presentziak legebiltzar barruko giroa «zapuztu» duela onartu du. «UPN eta PPrengan eragin du, eta muturrera jo dute diskurtso batzuetan». Egoera politikoa, legealdiko erronka eta EAJko barne prozesua izan ditu hizpide, Hualde Napar Buru Batzarreko presidente baita egun.   

Legealdia zertan da oraintxe bertan?

Gobernu berriak badarama urte bat. Finkatu egin da, eta barkamen garaia ere amaitu zaio. Normalean, aurrean dugun urte politikoa legeak eta neurriak parlamentura ekartzeko garaia da, eta horretan gaude. Aurrekontuak izango ditugu berehala, eta horretaz harago, lege garrantzitsuak izango ditugu.

Zer lege daude bidean?

Adibidez, industria legearen ildoak aurkeztu dira, eta espero dugu urte politiko honetan onartzea. Lege garrantzitsua da, ez baitugu ahaztu behar BPGaren %31 ordezkatzen duela industriak. Gainera, aurreikusita dago osasun legea kurtso honetan helduko dela. Gaur egun 1990eko legea dugu indarrean, eta errealitatea asko aldatu da ordutik. Osasunak erronka handiak ditu aurrean, eta horri aurre egiteko oinarriak jarri nahi dizkio legeak: etorkizuneko lehen mailako arreta nola bideratu, prebentzio ikuspegi berriak… Bestalde, kurtso honetan izango da landa eremu eta despopulatze legea. Nik uste dut azken urte hauetan Nafarroako Gobernutik neurriak hartu dituela eskualde batzuetan —adibidez Pirinioetan—, baina orain beharrezkoa da populazioaren desoreka bat ez izateko Nafarroa osorako balioko duen lege bat izatea. 

2015etik aurrekontuak adostu dira, eta 2025ekoa ere bide beretik doa?

Hurrengo egunak garrantzitsuak dira. EH Bilduk bere ekarpenak egiteko jarrera adierazi duen heinean espero da 2025eko aurrekontuak izatea. Funtsezko tresna bat da politika aurrerakoiak aurrera ateratzeko.

Zailago izango al da fiskalitatearen eztabaida? 

Gobernu kideek eta EH Bilduk euren proposamenak jarri dituzte mahai gainean. Gure ekarpenak egin ditugu. Errenta ertainen eta apalen zerga presioa apur bat jaistea proposatu du Geroa Baik, eta autonomoen artean ere neurriak hartzeko proposatzen dugu. 

Eskuin muturraren presentziak nola eragin du jardunean?

Vox saiatzen ari da bere agenda sartzen. Migrazioari buruzko azkeneko mozioarekin, adibidez, ikusi dugu urrats bat gehiago egin nahi izan dutela. Diskurtso mingarri bat erabili dute, etorkinak kontzeptu negatiboekin eta delinkuentziarekin lotuz.

«Ezin dugu onartu zenbait diskurtsori oihartzuna ematea parlamentu batean. Nafarroako gizartea oso elkarbizitzaren aldekoa izan da»

Oro har, nola jokatu behar da Voxen aurrean?

Ezin dugu onartu zenbait diskurtsori oihartzuna ematea parlamentu batean. Nafarroako gizartea oso elkarbizitzaren aldekoa izan da, eta hura ordezkatzen duen erakundea da. Indar aurrerakoiak erabaki genuen eztabaidetan ez parte hartzea. Oraintxe bertan, bertan behera utzi dugu aipatutako mozio hori, eta fiskaltzara eraman da gorroto delitua izan daitekeelako. Azkenean, zalantzak ditugu oihartzun handiagoa ez ote diezun ematen. 

Lizarran izan zara asteon Fortunato Agirre 36ko gerran eraildako Lizarrako alkate jeltzalearen aldeko omenaldian. Han gogoratu zenuen gaur egungo diskurtso faxisten aurrean EAJ parez pare izango dela.

Jarrera irmoa izan dugu erakunde guztietan: gobernuetan, udaletan eta parlamentuetan. Hala jarraituko dugu. Ez dugu onartuko diskurtso horiek eguneratzen dituzten indarrei bidea ematea.

Horiek horrela, parlamentuko lehendakari gisa egin duzu parlamentarien jokabiderako kode baten proposamena, eta hori lantzeko lantalde bat abiatu berri da. Zertan datza?

Alde batetik, aurreko legealdian parlamentuko araudia berritu zen, eta puntu batzuk aldatzeko agindua ematen zuen. Horrez gain, eduki gehiago sartu nahi izan ditugu. Batetik, errespetu faltak arautu nahi ditugu, ikusita zer gertatu den azken hilabeteetan. Bestetik, parlamentuko bilkuretara justifikaziorik gabe ez joatea eta horrelako gauzak arautu nahi ditugu. Parlamentarien betebeharra da osoko bilkuretan eta batzordeetan egotea, eta hori uztartu behar da talde txikien errealitatearekin. Baina horrek ezin du justifikatu ez joatea justifikaziorik gabe.

PP eta UPN, beti begira besteak zer egingo?

Bai, UPNk jarraitzen du beste leku baten bila. Hitz politak esaten ditu, beste indar batzuengana hurbildu nahi duela. Dena den, gure kasuan behintzat, eztabaida eta akordioa nahi dutela esaten badute ere, betiko jarrera ikusten diegu. Oraindik ere blokeak oso markatuta daude. UPNk PPrekin eta Voxekin bere blokea osatzen du. Ez da ikusten oraindik bloke aurrerakoia eta eskuineko blokea haustea.

Unai Hualde, legebiltzarreko bulegoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Unai Hualde, legebiltzarreko bulegoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Euskararen inguruan blokeak bestelakoak dira eta ez dira posizioak aldatzen. 

Guk anbizio handiagoren falta nabaritzen diogu PSNri. Nahiko genuke anbizio handiagoa balute. Gure koalizioarentzat hizkuntza propioaren garapena oso garrantzitsua da, eta harrigarria da gaur egun gehiengo parlamentari batek zonifikazioari eutsi nahi izatea. Oztopo handia da euskararen babesa garatzeko eta, ondorioz, nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko. Gero, epaitegien ebazpenak ditugu, eta horrek asko murrizten du joko politikoa.

Barkosek Sanchezekin Moncloan trafiko eskumena itzultzeko konpromiso hori hitzartu zuenetik sei urte pasatu dira. Zergatik kostatzen ari da hainbeste?

Penagarria deritzogu. PP eta Vox trafiko eskumenaren transferentzia oztopatzen ari dira, baina ez dut dudarik egingo dela. Geroa Baik eta EAJk lan handia egin dute.

PPk adierazi du baiezkoa emango lukeela bi gobernuek Guardia Zibilak trafikoa zaintzen jarraitzeko hitzarmena eginez gero. 

Edozein kasutan, hitzarmenarena gero doa. Lehen auzia da norena den ahalmena, eta hori Nafarroarena da. Transferentzia egin behar da, eta gero eztabaidatu daiteke nola gauzatu. Guretzat bakarrik eta esklusibotasunez egin behar luke Foruzaingoak. Egia da Polizien Foru legea onartu zenean [2018ko azaroan] trafikoko guardia zibilak foruzain egiteko pasabide bat bideratu zuela gehiengo parlamentario batek —UPNk, PSNk eta PPk eta Podemos-eko kritikoek osatutako Orain Baiko bi parlamentarik—. Gu ez geunden ados: ez Katalunian, ez erkidegoan ez zen hori gertatu.

«Zentralistek eta jakobinoek kolokan jartzen dute gure sistema. Mingarria da, gero pedagogia egin behar delako»

Kataluniako finantzaketari buruzko akordioak sortutako harrabotsaren harira, Maria Txibite eta Imanol Pradales lehendakariek gutun bateratu bat atera dute bertako finantza eta zerga esparrua babestuz. Arriskuan ikusten duzu?

Ez dago arriskuan, zeren gure sistema aldebikotasunean oinarritua dago eta finantzaketa autonomikotik kanpo dago. Zentralistek eta jakobinoek kolokan jartzen dute gure sistema. Mingarria da, gero pedagogia egin behar delako.

Foru Hobekuntzaren lantaldeko batzordeburua zara. Zertan dago?

Kurtso hasieran berraktibatu egin da lantaldea. Adituen agerraldiak entzuten ari gara, eta interesgarriak dira. Badirudi gehiengo bat dagoela eguneratze horrekin ados, baina, gure ustez, eguneratze hori autogobernuaren garapenaren ikuspegitik egin beharko litzateke.

Zer esan nahi duzu?

Eguneratu behar dira eskumenak, eta berriak sartu. Beste estatutu batzuek eskubide berriak aitortu dizkiete bere herritarrei. Hemen ez da halakorik egin. Garrantzi handia du aldebikotasun gehiago bermatu ahal izatea. 40 urteko ibilbide honetan ikusi dugu eskumenak aitortuak daudela, baina ez dagoela orekarik Nafarroaren eta estatuaren artean aldebikotasun hori egiazkoa izateko. Berme gehiago nahi ditugu, aldebikotasuna paper errea baita bestela.

EAJk barne prozesua abiatu du.

Pertsonetatik harago —batzuetan ematen baitu pertsonen eztabaidetan sartzen garela— garrantzitsua da bizi dugun garaia. 2025eko martxoko batzar orokorrean bost eztabaida gune bideratu dira —politikoa, programatikoa, nazioarteko harremanak, gizartearekin harremanak, eta antolakuntza eta egitura—. Eztabaida hori behar-beharrezkoa da, eta egin behar da ahalik eta zabalen.

EAJk botere instituzionalari eutsi dio, baina boto galera izan du. Pertsona aldaketa bat dator eta norabidea argi duzue? Nondik jo behar du?

Eguneratu behar du proiektu politikoa, erakundeetako lanari begira iparrorratz bat izateko. Gizartea asko aldatu da, eta neurri berriak asmatu behar ditugu XXI. mendeko gizartearekin konektatzeko. Hori da erronka. Horrek ekarriko du ditugun egitura klasikoak berrikustea eta gizartearekin ditugun erlazioak eguneratzea. 

«Zortzi urte daramatzat, eta konpromisoa alderdiarekin izan dut. Alderdikideek erabakitzen duten tokian egoteko prestasuna adierazi dut»

Pertsonei dagokienez, Itxaso Atutxak agur esan du. Unai Hualdek zer egingo du?

Datorren astean Nafarroan herri batzarrak egingo dira, eta horiek proposatuko dituzte Napar Buru Batzarreko presidentea, kideak eta nazionalean Nafarroa ordezkatuko dituzten kideak. Prozesua behetik gora doa. Proposatuek onartu behar dute gero, eta bigarren buelta batean aurkezten dira hautagaiak.

Zu gogoz zaude?

Zortzi urte daramatzat, eta konpromisoa alderdiarekin izan dut. Alderdikideek erabakitzen duten tokian egoteko prestasuna adierazi dut.

Eta nola dago Nafarroako EAJ?

Urte garrantzitsuak izan dira EAJrentzat. Zortzi urteotan afiliazio mailan %20 hazi gara. Koalizioen esperientzia alderdiarentzat ona izan da. 

Uxue Barkos Senatuan dago, eta Geroa Baik hiru urte ditu aurretik.

Legealdia garrantzitsua da. Indartzeko eta etorkizun on bat izateko aukera dugu. Pertsonak garrantzitsuak dira, baina proiektuak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.