Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak jakitera eman ditu lehendakariak alderdiekin egin asmo duen bilera sortarako gai zerrendaren zertzeladak. EAJk PSE-EErekin egindako gobernu akordioa azaltzeaz gain, osasun sistema indartzeari eta autogobernuan aurrera egiteari buruz ere jardungo dutela aurreratu du Ubarretxenak.
Ostegunean hastekoa da bilera sorta, Sumarrekin. Ostiralean, berriz, PSE-EE eta PPrekin bilduko da. Datorren astelehenean, EH Bildurekin, eta, azkenik, EAJrekin asteartean elkartuko da. Ondoren eragile sozioekonomikoekin jarraituko duela esan du Ubarretxenak, zehaztu gabe noiz.
Ubarretxenak adierazi duenez, autogobernuaren arloan, lehenik eta behin Gernikako Estatutuak jasotzen dituen eskumen guztien eskualdatzea betetzearen alde jardungo da. Ondoren, lehendakariak estatutu berrirako proposamenaz jarduteko asmoa du alderdiekin. Eusko Legebiltzarrean eratutako autogobernuaren lantaldetik eratorritakoa izatea nahi luke.
Aitortza
Autogobernua izan du hizpide Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Esan du EH Bildu ez dela ari proposatzen erreferendumik edo aldebakarreko haustura independentistarik, baina errespetu bat eskatu du Euskal Herriaren nazio aitortzarako. Baldintza gisa jarri du Euskal Herria aitortzea, estatutu berrirako akordioan aurrera egiteko. «Hemen mundu guztiak defendatzen du erabakitzeko eskubidea, eta mundu guztia da independentista. Haiek Espainiako independentzia defendatzen dutelako, eta Espainiak erabakitzea defendatzen dutelako». Beraz, esan du lan egingo dutela adostasun zabalen inguruan elkarrekin topo egingo den toki bat aurkitzeko. «Sinetsita nago akordioa egon daitekeela. Hala nahi nuke».
Pradalesen jardunari buruz ez du balorazio handitan sartu nahi izan, oraindik denbora gutxi daramalako karguan eta konfiantza tarte bat eskaintzearen alde egin du, baina uste du begi bistakoa dela aldaketa batzuk badaudela aurreko lehendakariaren aldean. Hasteko eta behin, onartu du Osakidetzan gauzak gaizki egin direla eta hobetu egin behar dela; bigarrenik, herri akordioez dihardu; eta hirugarrenik, berriz hasi da bilerak egiten ELArekin, ordezkaritza handiena duen sindikatuarekin. Hiru gako horiek azpimarragarriak iruditu zaizkio Otegiri.