Gernikako Estatutuaren 45. urteurrenaren harira, Eusko Jaurlaritzak ez du ekitaldirik egingo, baina Imanol Pradales lehendakariak gutun bat argitaratu du sare sozialetan. Hartan, defendatu du autogobernuan «jauzi kualitatibo bat» egiteko garaia dela, eta «aldebikotasun eraginkorra» eta «berme sistema inpartzial» bat ezarriko dituen itun politiko baten alde egin du.
Lehendakariaren esanetan, Gernikako Estatutua «jauzi kualitatibo bat» izan zen «diktaduratik demokraziara» pasatzeko, «zentralismotik autogobernura». Eta orain halako beste salto bat egiteko garaia da, erronka berriei erantzun eta euskal erakundeak indartu ahal izateko.
Jada Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenak gogoan, Pradalesek gogoratu du, batetik, horietako batzuk eskualdatzeko «eragozpen handiak» egon direla, eta itundu diren zenbait eskumen ere «higatu» egin direla. Bestetik, azaldu du aldatuz joan diren eskumenak «identifikatu eta zuzendu» behar direla: «Gure konpromiso partekatua da tresna politiko, juridiko eta instituzionalak erabiltzea, lortutako autogobernua defendatu eta babesteko».
Hortik harago ere jo behar da, ordea. Pradalesek azaldu du «gaitasun eta eskumen berriak» adostu behar direla: «Gure herriaren nortasuna gorde eta ereiteko, Euskadiren kanpoko proiekzioan aurrera egin eta Europako Batasuneko instituzioetan zuzenean parte hartzeko, eta aberastasuna, ongizatea eta kohesio soziala hobetzen jarraitzeko». Izan ere, defendatu du «autogobernua, euskal identitatea eta ongizatea» direla kontuan hartu beharreko hiru erpinak: «Ezinbestean, elkarri lotuta behar dute».
Hala, itun politiko berri baterako adostasun bat bilatu nahian, Gernikako Estatutuko xedapen gehigarriak ezartzen duen oinarria aipatu du. Hartan zehazten da «erregimen autonomikoaren onarpenak» ez duela adierazi nahi Euskal Herriari herri gisa dagozkion eskubideei uko egiten zaienik, ezta horiek gaurkotu ezin daitezkeenik ere. Kontrara, «Euskal Herriaren eskubide historikoak eguneratzeko bidea» eskaintzen duela defendatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Aldebikotasun eraginkorra eskainiko duen eta berme sistema inpartziala finkatuko duen estatutu itun berri baterantz».
Eta nazio aitortzari erreparatuz, Gernikako Estatutua «bere osotasunean» irakurtzeko deia egin du, «subjektua ─alegia, Euskal Herria─ definitzen duen artikulutik» hasita.
«Itun politiko berri» hori erdiesteko, lehendakariak 1979ko adostasuna «zabaltzeko» asmoa azaldu du, ulertzera emanez EH Bildu ere haren parte izatea duela xede; ezker abertzaleak ez baitzuen Gernikako Estatutuaren alde egin 1979an. Hain zuzen, espresuki aipatu ez arren, Pradalesek erreferentzia egin die «orduan aurka egin eta haren sorrera eta garapena oztopatu» eta egun estatutuari «etekina atera» eta hartatik eratorritako instituzioetan «aktiboki parte hartzen» dutenei.
Halere, ez da hori Eusko Jaurlaritzak autogobernuaren arloan duen lehentasun bakarra. Pradalesek gogoratu du 29 eskumen daudela Gernikako Estatutuan jasota baina eskualdatu gabe, eta Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuela horiek hurrengo urtea amaitu aurretik transferitzeko. «Ez da erraza beste itun baterantz aurrera egitea aurretik adostutakoa betetzen ez bada», zehaztu du.
«Tresna baliagarria»
Lehendakariaren esanetan, Gernikako Estatutuak balio izan zuen «Euskadi instituzionalizatzeari ekiteko», diktadurak hura «zapuztu» ostean: «Estatutuari esker, aro politiko berria ireki zen». Eta hartara iristeko «itun politiko hirukoitz bat» behar izan zela adierazi: «askotariko pentsaera ideologiko eta identitate sentimendudunen» arteko ituna, hiru lurralde historikoen arteko adostasuna, eta baita Espainiako Estatuarekin erdietsitakoa ere.
Estatutuak «bere gabezia eta hutsunea» izan arren, «eztabaidaezina» da «jauzi kualitatibo» bat egin dela gaur egungo estatutuarekin, Pradalesen esanetan: «Argi geratu da Gernikako Estatutua tresna baliagarria dela gure identitate ikurrak zaindu eta ereiteko eta gure bizi kalitatea eta pertsona guztien ongizatea hobetzeko berezko politikak garatzeko».