Gernikako Estatutuan jasotako lau eskumen transferitzeko akordioa lortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak joan den apirilaren 16an, eta atzo izenpetu zuten, Transferentzien Batzorde Mistoak Bilbon egindako bileran. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxe kudeaketari buruzkoa da eskumen aldaketarik nabarmenena, eta Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak horrek «zalantzarik gabe» daukan pisu «sinbolikoa eta politikoa» azpimarratu zuen bileraren ondoren hedabideen aurrean egindako agerraldian: «Eduki sozial handia du, baita inpaktu handia ere aurrekontuetan». Nolanahi ere, errepide garraioaren, ISSN kode bibliografikoaren eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren (Bizkaia) eskualdatzearen inguruan lortutako eta izenpetutako akordioei ere balioa eman zien Garamendik.
1979ko estatutuan jasotako eskumenak transferitzeak erakusten du, Garamendiren esanetan, «ituna eta akordioa» direla autogobernuan aurrerapausoak eman ahal izateko «modurik eraginkorrena». Bi gobernuek adostutako transferentzien egutegia aintzat hartuta, negoziatutako bigarren multzoko 11 eskumenek transferituta egon behar zuten joan den martxorako —lehen multzoan jasotako hiru eskumenak iazko otsailean eskualdatu zituzten—, baina oraingoz lau daude sinatuta. Kartzelen arloko eskumenak urriaren 1etik aurrera eskualdatuko dituzte.
Garamendik adierazi zuenez, «buru-belarri» ari dira lehen sorta horretako gai batzuk gauzatzeko lanean, eta «ahal bezain laster» helduko diete besteei ere. «Ez dugu amore emango falta zaizkigunak gauzatu arte, materia guztiak etxetik kudeatu arte». Sailburuaren iritziz, estatutuan jasota dauden eskumenak «ezinbesteko tresna» dira politika publikoak kudeatzeko, baita «herritarren ongizatea eta Euskadiren garapena bermatzeko» ere.
Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako ministroak ere lortutako akordioa goratu zuen, eta zehaztu autonomia estatuaren eta Gernikako Estatutuaren «garapenean» aurrerapausoak emateko balio duela: «Tresna bat dira gure lurralde ereduaren deszentralizazio politikoa eta administratiboa errealitate bilakatzeko».
Bileraren aurretik Radio Euskadin elkarrizketatu zuten, eta nabarmendu zuen gauza bat dela espetxeak kudeatzea eta beste bat espetxe politika kudeatzea, aldeak «garbi» geratu behar duela.
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren lehen lehendakariordeak ere hitz egin zuen agerraldian. «Autogobernu handiagoa izateak ongizate handiagoa edukitzea esan nahi du», nabarmendu zuen. Eta gogorarazi zuen bi gobernuek «kronograma bat» daukatela adostuta, «negoziazio epeekin-eta», transferitzeko falta diren eskumen guztiak eskualdatzeko. Oroitarazi zuen, gainera, Jaurlaritzaren legegintzaldi honetarako helburua dela eskumen aldaketari dagokionez jasotakoa «bere osotasunean» betetzea.
Zazpi urte eta gero, Transferentzien Batzorde Mistoa 2018an batzartu zen atzera, eta bi urte geroago, 2020ko urrian, egutegi bat zehaztu zuen eskumenak transferitzeko. Horren arabera, hirugarren multzoko hamazazpi eskumenak aurtengo urrirako jaso beharko lituzke Jaurlaritzak, eta laugarrenekoak —Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari lotutako gaiak—, hurrengo urteko maiatzerako. Erkorekaren hitzetan, denbora behar da transferentziak egiteko, horietako bakoitza «artisau lan baten modukoa» delako.
Mendiaren mezua
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia eta Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua Iceta alderdikidearekin bildu zen atzo, eta adierazi zion oraindik «bilera asko» egin beharko dituztela transferitzeko gelditzen diren eskumenez hitz egiteko.
Mendiak azpimarratu zuen eskuduntza horiek Lan eta EnpleguSailari eragiten diotela «bereziki», eta, transferitzen «errazak» ez diren arren, uste du «akordio bat» lortuko dutela.
Autogobernuan «aurrerapausoak» ematen jarraitzeko prest daude
Espetxe kudeaketa eta beste hiru eskumen transferitzeko akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Bi aldeek adierazi dute akordiorako borondatea daukatela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu