Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Korsikara eginiko bidaiak agerian utzi ditu gobernuko bi alderdiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berri bat ezartzearen inguruan dituzten desadostasunak. Korsikako Asanblean egindako hitzaldian, Espainiako Gobernuari egin zion erreferentzia Urkulluk, «estatuaren eredu berri bat» planteatzeko eskatuz. PSE-EEko kideek gogorararazi diote bien arteko gobernu akordioak ez duela urratsik aurreikusten norabide horretan. Jeltzaleen esanetan, baina, afera jasota dago EAJk eta PSOEk 2019an sinatutako itunean.
«Estatus berriaren afera programatik kanpo utzi zuen gobernu bateko lehendakariordea naiz». Argi mintzatu zen atzo Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan sailburua. Bide horretan, sozialistek defendatu dute gobernu itunaren mugak zurrunak direla: ez «estatus berririk», ez «subiranotasunaren birbanaketarik». Kontrara, akordioa «belaunaldi berri batentzat itun estatutario berri bat» bilatzeko asmoa adieraztera mugatzen da.
Mendiaren hitzak ez ziren ezerezetik iritsi. Aurrez, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak altxa zuen ahotsa. Estatus berri baterako bidea ekitearen alde eginiko adierazpenak Urkulluk «bere izenean» eginak zirela adierazi zuen Anduezak; hau da, haiek ez zituela lehendakari gisa esan. Hark, gainera, argiki adierazi zuen bere alderdiak ez duela bide hori jorratzeko asmorik. Zehazki, azaldu zuen «zentzugabea» litzatekeela «zatiketa eta konfrontazioa soilik ekarriko lituzkeen bide subiranisten» aldeko apustu bat egitea: «Bide subiranistak alde batera utzita, uste dut aukera dugula tentsio soziala eta klima politikoa askoz lasaiagoa diren bide bat jarraitzeko».
Bestela mintzatu zen Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria, Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketan. Adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren konpromiso nagusietako bat dela autogobernu «gehiago eta hobea» lortzea, eta gehitu zuen Espainiako Gobernuak ere adierazi duela urratsak egiteko asmoa. Izan ere, eztabaidari heltzeko, Madrilera begiratu du Zupiriak, Urkulluk Korsikan egin bezala.
Horren arrazoia da jeltzaleek eta sozialistek Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko itxitako ituna. Orduan, besteak beste, bi aldeek adostu zuten «Estatuaren egituran tokian tokiko identitateak aitortzeko beharko diren erreformak bultzatzea» eta «Estatutu berriaren negoziazioari eta akordioari irtenbide egokia aurkitzea». Itun hark Jaurlaritzan ere eragina duela uste du Zupiriak, hura EAJko eta PSE-EEko kideek osatzen duten heinean. Are gehiago, astearteko Gobernu Kontseiluaren ostean adierazi zuen Urkulluk bilera hartan eman zizkiela hitzartzeen inguruko xehetasunak sailburuei, eta PSE-EEko hiru kideek ez zutela azalpenik eskatu.
«Krisiari» erantzun
Korsikara egindako bidaian, Urkulluk adierazi zuen Jaurlaritzaren helburua dela «autogobernuan sakontzea», eta azaldu zuen eredu horrek «lurralde desadostasunari» eta «estatu ereduaren krisiari» erantzutea duela asmo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasua soilik ez, Kataluniako gatazka politikoa ere izan zuen hizketagai, eta Espainiako Gobernuaren gain jarri zuen «lurralde desadostasunei irtenbide politiko bat» emateko erantzukizuna.
Hitz horiekin, Urkulluk «nazio aniztasuna» onartzeko eskatu zion Madrili, «errealitate nazionalen onarpen juridiko-politikoan, zein sozialean eta kulturalean» aurrera egiteko. Finean, «subiranotasunaren birbanaketa bat» planteatu zuen lehendakariak, eta hari forma emateko urratsak eskatu zizkion Madrili: «Estatuari dagokio garai berri hau behar bezala irakurtzea, bere aniztasuna onartzea, eta Estatuaren eredu berri bat planteatzea».
Autogobernua da tentsiogunea
Mendiak Urkulluri gogoratu dio gobernu akordioan ez dela aipatzen «estatus berriaren afera». Azpiazuk azaldu du Moncloak urratsak egiteko konpromisoa adierazi zuela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu