PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezi EAJren baietza soilik falta zitzaion gehiengo parlamentarioa eskuratu eta Espainiako gobernuburu izateko. Sozialistek eta jeltzaleek atzo lortu zuten akordioa. EAJko bost diputatuek jarduneko gobernuko presidentearen hautagaitza babestuko dute, eta Espainiako Gobernuak eta Alderdi Sozialistak urratsak egingo dituzte autogobernuaren alorrean. Bai Gernikako Estatutua osorik betetzeko, baina baita «etorkizuneko autogobernuaren» inguruko akordio bat erdiesteko ere. Hori guztia, bi urteko epean, sinatutakoaren arabera. Nafarroarentzat ere beste bi eskumen hitzartu dituzte.
Sanchezek eta Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak atzo goizean sinatu zuten bi alderdien arteko akordioa, Espainiako Kongresuan. Sozialistek «lehentasunezko» bazkide bati egindako keinua izan zen, PSOEren Kongresuko eledun Patxi Lopezek aitortu zuenez. Izan ere, Espainiako jarduneko gobernuburuak sinatutako akordio bakarra izan da. EAJk soilik izan du argazki hori.
Hamar orrialde eta sei atal ditu testuak: autogobernua, segurtasuna, ekonomia eta fiskalitatea, kultura, Nafarroa eta Europa. Horien artean, baina, autogobernuaren ingurukoak nabarmendu dira, afera hark biltzen baititu gainerako ataletako asko ere. Gainera, Ortuzarrek berak azpimarratu zuen afera horretan «aurrerapen argi» bat egiteko balioko duela.
2019ko inbestidurari bide emateko, PSOEk eta EAJk adostu zuten eskualdatu gabe zeuden eskumenak 2020an transferitzea. Azken urteetan zenbait eskualdaketa egin dituzten arren —besteak beste, espetxeetakoa—, akordioa ez da osorik bete, eta jeltzaleek berriz heldu diote gaiari.
Leheniketa behin, akordioan lehenetsi dute aurretik zehaztutako hiru eskumenen transferentzia hiru hilabeteko epean hitzartzea: aldiriko trenen, atzerriko tituluen homologazioaren eta «estatuko harrera sistemaren autonomia pertsonalerako fasearen» ingurukoak. Aldiriko trenen kasuan, aferak hilabeteak daramatza negoziazio mahaian, eta Eusko Jaurlaritzak sarri salatu du Espainiako Gobernuak ez diola erantzun bere azken proposamenari. Akordioaren arabera, ordea, termino horietan gauzatuko da orain transferentzia.
Gainera, Gernikako Estatutuan jaso baina oraindik eskualdatu gabeko «eskumen guztiak» transferitzea adostu dute berriz, Ortuzarren esanetan, eta bi urteko epe «luzaezina» itundu horretarako. PSOE prest azaldu da Gizarte Segurantzaren kudeaketaren ingurukoa ere zaku horretan sartzeko. Aitor Esteban EAJren Kongresuko eledunak arratsaldean zehaztu zuen sartzen azkena izan dela.
Prozesuaren jarraipena egiteko, bi aldeko batzorde bat eratuko dute, eta, horrekin batera, sei hilabetean behin aferaren inguruko aurrez aurreko bilkura bat egitea adostu dute. Bileretan Pedro Sanchez eta Iñigo Urkullu izango dira.
Eskumenen ingurukoak, ordea, ez dira mugatu Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. Nafarroari dagokionez, sei hilabeteko epea ezarri dute Espainiako Gobernuak I+G+B eta beka eskumenak Nafarroako Gobernuaren esku utz ditzan. Aurreko legealdian, hiru eskumen eskualdatu ziren —horien artean, trafikoarena—. Aurretik, Geroa Baik aldarrikatu zuen euren hurrengo helburua zirela ikerketa eta garapena eta bekak. Hartara, koalizioko bazkide den alderdiak konpromiso hori sartu du akordioan.
«Nazio aitortza»
Aurrera begira, bi alderdiek itundu dute Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Gorteetan «etorkizuneko autogobernuaren» inguruan «fede onez» negoziatzea eta akordio bat egitea. Hau da, autogobernu berriaren inguruko elkarrizketa izatea EAJren eta Alderdi Sozialistaren artean.
Testuak ez du aipatzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri baten beharra. Ortuzarrek azaldu zuenez, ordea, adostutako prozesu horrek «nazio aitortza», «euskal eskuduntzak babestea» eta «aldebikotasunaren eta foraltasunaren berme sistema» izan behar ditu oinarri, eta lortutako akordioak Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren eskaerei erantzun beharko die. Elkarrizketa horietarako, bi aldeen arteko batzorde bat eratuko dute, eta epemuga ere izango du: urte eta erdikoa, Eusko Legebiltzarrean hurrengo legealdia hasten denetik; gehienez ere ekainean izango dira Eusko Legebiltzarrerako bozak, baina zenbait alderditako ordezkariek azaldu dute litekeena dela Urkulluk martxora aurreratzea.
Autogobernuak zeharkatua
Akordioak jasotako gainerako puntuetan ere autogobernuaren inguruko eztabaidaren presentzia nabari da. Arlo ekonomikoan, jeltzaleen «aldarrikapen historikoetako» batzuei ere erantzun dietela azaldu zuen Ortuzarrek. Akordioan jaso denez, erkidego mailako lan hitzarmenek «lehentasuna» izango dute estatu mailan hitzartutakoen gainetik. Hain justu ere, afera hori izan zen iazko otsailean EAJk Espainiako lan erreformaren kontra bozkatu izanaren arrazoietako bat.
Era berean, kontzertu ekonomikoaren zenbait artikulu aldatzea adostu dute. Gainera, urteko defizitaren inguruko helburuak hitzartu beharko ditu Madrilek EAEko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren batzorde mistoekin, hurrenez hurren. Halaber, batzorde horietan «adostu ahal izango dira» lan eskaintza publikoetako tasak eta langile publikoen ordainsarien igoeraren gehiengo globalak ere.
Segurtasun arloan, berriz, Ertzaintzaren eskumenak «indartuko» dira: Bilboko portuko segurtasuna eta «ingurumenarekin lortutako delitu administratiboen ikerketa» bere gain hartuko du, eta Espainiako Barne Ministerioak zuzendutako zenbait batzordetan parte hartuko du. Horren inguruan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi du urrats bat dela Ertzaintza «polizia oso» gisa indartzeko: «Erakunde honentzat, autogobernuaren oinarri denarentzat, beste pauso bat izango da». Hitz horiekin, «aldebikotasunaren» garrantzia nabarmendu zuen, autogobernuan «sakontzeko» bidea delakoan.
Horrez gain, Usansoloko (Bizkaia) kasuari erreferentzia eginez, PSOEk eta EAJk adostu dute udalerri bilakatzeko gutxieneko biztanle kopurua 4.000ra murriztea, erkidegoetako araudiak hala adierazten duenean. Euskararen sustapenari dagokionez, berriz, lau urtean euskal erakundeei 100 milioi euroko finantzaketa ematea itundu dute, euskara «aro digital berrira» egokitzeko.
Espainiako inbestidura ituna. EAJ-PSOE akordioa
Autogobernu berria bi urteko epean adostea itundu dute EAJk eta PSOEk
Negoziazioaren oinarria «nazio aitortza» izango da. Eskumenak eskualdatzeko ere bi urteko epea ezarri dute. EAJk Sanchezen inbestidura babestuko du, eta sozialistak gehiengo osoa bermatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu