Bada astebete, Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman eta gero, COVID-19aren autodiagnostikoa egiteko testak Hegoaldean lehenengoz salgai jarri zirela. Horregatik, Lierni Mendiaraz farmazialariak eta Miguel Angel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioko zuzendariak orain arteko balorazioa eta test horien nondik norakoak adierazi nahi izan dituzte. Biak bat datoz autodiagnostikorako test horiek jaso duten harrera «oso ona» izan dela. Hala ere, bien iritziz, neurri hori «berandu» iritsi da, eta «positiboentzako protokolo argirik» ez da oraindik.
Egia auzoko Mendiaraz Farmazian egiten du lan Lierni Mendiarazek, Donostian. Izurriak hartu duen bidea dela-eta, sinistuta dago test horiek lagungarri izango direla pandemiari aurre egiteko: «Batez ere, osasun zentroak gainezka dauden honetan». Farmazialariaren hitzetan, testak «berehala» bukatzen dira: «bosgarren olatuagatik edo udako oporrengatik», baina jendeak zailtasunak ditu testok aurkitzeko orduan. «Guk ere ezin ditugu nahi bezainbesteko eskaerak egin. Ez genuen espero hainbesteko eskaririk». Marka askotako testak daude, eta farmazia bakoitzak bere prezioa jartzen du. Azpimarratu du Europako Batasunak «gutxienez %97ko espezifikotasuna eta %90eko sentsibilitatea» duten testak erabiltzea gomendatzen duela.
Galdera ugari
Mendiarazen arabera, farmaziara doazen erosleek asko galdetzen dute testen inguruan: «Batez ere, proba nola egin behar den eta positibo emanez gero nola jokatu behar duten jakiteko». Testa egitea «erraza» dela esan du. Makilatxoa sudurreko bi zuloetan sartu behar da; «ez gehiegi, bizpahiru zentimetro». Ondoren likidoa dagoen hodi batean sartu behar da lagina, eta bertan ondo nahastu. Nahasketaren tanta bat bota behar da plaka batean, «haurdunaldiko test bat izango balitz bezala», eta 15-30 minutuan emaitza ematen du: «Marra gorri bakarra emaitza negatiboa denean; bi marra positiboa denean». Testokin, ordea, positibo edo negatibo faltsuak ager daitezke.
Oraingoz, ez dago erarik teston emaitzak zuzenean Osakidetzari jakinarazteko. Miguel Angel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioko zuzendaria da, eta azpimarratu du beraiek eskua luzatu diotela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari: «Etengabe eskatu diogu aukera eman diezagula test horiek egiteko eta horrela guk emaitzak Osakidetzari zuzenean jakinarazteko. Nafarroan horrela egiten da, eta gustatzen zaigu eredua». Azken orduko aldaketa bat egon dela adierazi du: «Orain arte, positibo eman dutenek osasun zentroetara deituz jakinarazi behar zuten. Orain, ordea, Osasun Sailak esteka bat jarri du erabiltzaileen eskura, positiboek datuak sartu eta jakinarazteko».
Gastelurrutiarentzat, testok baliagarriak dira, «azalpenei jaramon eginez gero»: izan ere, akatsak detektatu izan dituzte testak egiteko moduetan. «Eta arazo bat da, halaber, ezin dugula kontrolatu positiboak Osakidetzari jakinaraztea».