Arnaldo Otegi. EH Bilduko koordinatzaile nagusia

«Autodeterminazioaren aldeko gehiengo zabala batzera joko dugu guk»

Hego Euskal Herriko indar politikoek ber-bertan dituzte Espainiako, Europako, udaletako eta foruetako hauteskundeak, eta bete-betean dabiltza. Arnaldo Otegik egoera «perspektibaz» ere aztertu nahi du, aurrerabideak zein diren jakiteko.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ostiraletik Mexikon dago Arnaldo Otegi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1958) EH Bilduko koordinatzaile nagusia, astebeterako lanera joanda. Asteazkenean hartu zuen BERRIA, EH Bilduren Donostiako egoitzan. Handik oso gertu dago LABena: hantxe atxilotu zuten 2009ko urrian, Bateragune auzian, eta, oraindik, Espainiaren kondenaren ondorioak pairatzen ari da, 2021eko otsaila arteko inhabilitazioa baitu. Estrasburgoren epaiagatik, kenduko diotela uste du Otegik, baina ez du argitu berriro hautagai izango den ala ez. (Elkarrizketaren bertsio luzea, hemen).

Europakoetarako ez ezik, Espainiako Estatuko bozetarako ere akordioa egin duzue ERCrekin. Lasaitua hartu al du EH Bilduk bakarrik ez egoteagatik?

Bakarrik aurkeztea ez zen hauteskunde bertigo bat guretzat. Kontua da zertara joan nahi dugun Madrilera. Bukatu da Europako eta Espainiako Estatuko instituzioetara sigla baten estrategiarekin joateko fase historikoa. Inboluzio antidemokratikoa dago, eskubideen murrizketa, gure herriaren onarpena ez da gertatzen, eta, beraz, nazio zapalduek ahots batuarekin eta batekin joan behar dugu instituzio horietara. Horregatik planteatu genuen guk fronte zabala, eta lortu ditugu akordio batzuk.

Azkeneko urteetan zuk zeuk dozenaka aldiz esan duzu Espainiako Estatua ezin dela demokratizatu. Orain bai, ala?

Ez. Ekonomikoki, sozialki eta lurralde ikuspegitik estatua krisi latz batean dago, eta botere errealek erabaki bat hartu dute: autoritarismoarekin erantzutea. Hori da haren egiturazko joera. Hiru bloke daude egun: batetik, atzera begira dagoena dago —Errege Etxea, PP, Ciudadanos eta Vox—; beste bloke batek ez du ez atzera ez aurrera egin nahi —PSOE eta EAJ daude hor—; eta bestea, gurea da, ezker subiranistena, aurrera begirakoa, demokratizazio programa bat daukan bakarra; aukera badago, jokatuko dugu partida.

Partida, Madrilen. Zer lortzeko?

ERCrekin, oraingoz, gutxieneko programa adostu dugu: autodeterminazioa, preso politikoak eta politika sozialak. Uste dugu erabakigarriak izango garela eta baldintzatu dezakegula gobernua, han PSOE balego. Gure koalizio politikoaren lehentasuna, katalan eta euskal preso politikoen auziari irtenbidea ematea litzateke. Gero helduko genioke estatuko lurralde auziari, autodeterminazio eskubidea oinarri hartuta.

PSOE izan zen Alderdien Legearen sustatzailea, eta, berriki, irmo babestu du 155. artikulua.

Euskal Herriarentzat onena ez da Madrilen jokalekurik okerrena egotea. Guk eskuina ez dugu nahi boterean, eta frogatu izan dugu. Horrek esan nahi al du konfiantza dugula PSOErengan? Ez. Aldebikotasunerako aukerarik ez badago, bide propioa jorratuko dugu.

2005-2007ko prozesuan ere ez al zegoen PSOE demokratizazio baterako prest? Negoziatu zenuten harekin; ETAk ere bai.

Lehen ere ez zegoen horretan.

Duela hilabete batzuk Zapaterorekin egon zinen, Txillarren. Zer zioen 2005-2007ko garaiaz?

Zapaterok ez du onartzen erabakitzeko eskubidea.

ERCrekin egungo tiradizoaz baliatuz, zuen asmoa ba al da boto aldetik EAJrengana arrimatzen hastea? Kostatzen ari zaizue.

Akordio honen lehentasuna ez da hori, testuinguru politikoa baizik. Dena den, egia da EAJk arazoak dituela hauteskunde bazkideak lortzeko, EAEn gobernu ahul bat duela, hor dauzka Darponen eta De Miguelen kasuak... Jakina, EAJrekin lehiatu nahi dugu hauteskunde hegemonia, eta badugu proiektu bat. Herri honek dituen erronkei aurre egiteko, ezker independentista da tresna.

Zergatik zabiltzate EAJri herri akordioak eskatu eta eskatu?

Batetik, hori ez dago kontrajarria guk hegemonia lortu nahi izatearekin. Bestetik, ETAren borroka armatua zegoenean esaten ziguten posible izango zela abertzaleen arteko elkarlana, baina bukatu da ETA, eta EAJk aliantzak, lehen bezala, PSErekin eta PPrekin ditu.

Beraz?

Politika konbentzionala egiten dutenek ez bezala, guk plan bakarra dugu, eta da herri honen askatasuna lortzea. Baina bi estatuen aldean txikia da gure herri hau eta akordio nazionalen beharrean gara. Esaten digute EAJren atzetik gabiltzala beti. Ez, aurretik goaz.

EAJrengan eragiteko indar posizio onean al dago EH Bildu?

EAJk EAEn erregimen propio bat osatu du, oso klientelista, eta espazioak okupatu ditu gizartean. Baina gurea Europan salbuespen bat da, botoetan %20tik gora dagoen ezkerreko indar bat gara, eta gure herrian kontzeptu aldetik besteak baino aurreratuago gaude; duela 40 bat urte erabiltzen genituenak orain ari dira besteak erabiltzen: ingurumenaren arloan, berdintasunarenean... Balio horiek hedarazi ditu ezker abertzaleak, eta, ez dakit noiz, baina hegemonia sozial hori hauteskunde hegemonia bilakatuko da.

EAJk EAEn inoizko botere instituzionalik handiena dauka.

Gauza batzuk oso ondo egingo ditu EAJk, j endeak botoa ematen diolako. Baina boto emaile horien artean ikusten dena da gure aurka aritzen diren ildo erreakzionarioek EAJri ematen diotela botoa. Hori nabarmen geratu zen Gipuzkoan 2015ean. Beraz, EAJren boto multzo handi bat ez da independentista; boto kontserbadorea da. Bere proiektuari uko egin ziolako dauka botere izugarri hori EAJk.

Ezker abertzaleak herrietan du indarrik handiena, munizipalismoan. Baliatzen al du alternatiba orokorragoa eraikitzeko?

Hego Euskal Herrian zinegotzi gehien duena da EH Bildu. Hurbiltasunean, jendeak konfiantza jartzen du gugan; Iruñeko alkatetzan dago ezker independentista, Errenteriakoan, beste udalerri handi batzuetakoan, Donostiakoan egon ginen, Gasteizen irabazteko aukera handiak ditugu... Politika nazionala konplikatuagoa da, eta egun dagoen aliantza politikak zaildu egiten digu, baina, nire ustez, herrietako indar hori gutxi esplotatzen dugu. Sakon-sakonean sortzen ari den joerak ahalbidetu beharko liguke alternatiba integral bat eratzea.

Bilbo aldean Euskal Herriko biztanleriaren %30 inguru bizi da. EH Bildu hango udal bozetan %10-15ean dabil, eta, maiatzaren 26an, 2011ko eta 2015eko hauteskunde formula berarekin aurkeztuko da. Ez al duzue beste ezer probatzeko asmorik izan?

Lehenik eta behin, ezker independentista hasi behar da onartzen Bilbo aldea dela gure metropolia, eta, beraz, behar duela dedikazio eta inbertsio berezi bat. Arazoak dauzkagu inguru horretan. Han bestelako pisu elektoral eta sozial bat ez badugu, proiektu independentista Euskal Herrian ez da nagusi izango. Asmatu beharra daukagu, beste hizkuntza bat erabiliz, beste mota bateko planteamenduak... Ezkerraldean gertatutakoa ere aztertu behar da: ikusi dugu PSE babestu izan duten sektoreak orain EAJ bozkatzen ari direla; noizbait guk ere ordezkatu behar ditugu haiek.

EH Bilduko koordinatzaile nagusia zara. Zenbat izaten zara Nafarroan, publikoki?

Izaten naiz hitzaldiak-eta ematen, baina egia da Euskal Herriko konfederazioaren aldeko apustua egin genuenetik asko zaintzen ditugula gauza batzuk. Baina Hego Euskal Herri mailako indar bat da EH Bildu, eta uste dut neuk Nafarroan gehiago egon beharko nukeela. Niretzat, obsesio bat da nazio ikuspegia berreskuratzea.

Nafarroan kolpea eman al dute UPNk, PPk eta Ciudadanosek?

Ahuleziatik egin dute apustua. Ikusi dute laukoa gainditzeko aukera bakarra euren indar guztiak biltzea dela. UPNk forutasuna albo batera utzi du, eta, gainera, frogatu da forutasuna instrumentala izan dela harentzat, helburu bakartzat izan baitu, eta baitu, Hegoaldearen lurralde batasuna ez egitea eta Espainiaren batasun sakratua defendatzea.

Aldaketak jarraitzeko zenbakiak baleude, eta Geroa Bai aurretik balu, EH Bilduk exijituko al du gobernuan sartzea?

Prest egongo gara, jakina, berriro gobernu akordioa egiteko, baina logikoena hurrena gu ere gobernuan egotea litzateke. Argi esanda, Nafarroan ere gobernuan egoteko bokazioa dugu. Lau urteotan aldaketa EH Bilduk sostengatu du; jendeak garbi ikusi du hori.

Euskal Herria zer fase politikotan dago? Subiranistan bai?

Aro batetik beste baterako trantsizioan gaude; trantsizio luze batean. Balioetan eta mobilizazioan berpizte moduko batean egon gaitezke, baina oraindik aurreko zikloaren ondorioak dauzkagu; preso politikoak, adibidez. Gainera, beste gauza bat: Euskal Herriak garbi izan behar du Madrildik kontrarreforma bat datorrela, eta krisi ekonomiko berri bat ere egon ahal dela.

Aro berria ereiteko akordioetarako ardatz al duzue autodeterminazio eskubidea?

ERCrekin egindako akordioko puntuetako bat da. Euskal Herrian ere gehiengo zabal-zabal bat dago autodeterminazio eskubidearen alde, eta indarrak batzera joko dugu guk. Horrez gain, EAEko estatus politiko berriaren oinarrietan jarrita dugunez, botere politiko handia nahi dugu.

Itxaropentsu al zaude EAEko estatutu berriari buruz?

Oinarrietan eta printzipioetan EAJrekin dugun akordioak potentzialitate handia du. Uste dugu Madrilek ez duela onartuko halako estatus politikorik, baina gaur Gernikako Estatutua ere ez luke onartuko. Ezin gara egiten uzten diguten horretara makurtu; zer egin nahi dugun hitz egin behar dugu. Hori da estatus berriaren oinarrietan egindako ariketa.

EAJk eutsiko al dio akordioari?

Askok esaten digute atzera egingo duela azkenean. Baina Ibarretxe planaren azpitik legokeen zerbait nahi al du EAJk? Guk, berriz, akordioa blindatu egin nahi dugu.

Nola? Norekin? EH Bilduk ez du aliantza abertzalerik EAEn (EAJrekin), eta ezker politiko gertukoenarekin ere ez (Ahal Dugu-rekin). Ezta LABek ELArekin aliantza sindikalik ere.

Lehen aipatu bezala, trantsizio batean gaude oraindik, baina uste dut gauza horiek ere mugituko direla. Guk oinarri ona dugu: EH Bildu hauteskunde posizio onean dago oso, ezker abertzalean batuta gaude, eta estatuan aliantza politika bat zabaldu dugu, eta Euskal Herrian ere zabalduko dugu; Nafarroan badugu aliantzarik.

Eta euskal nazioa nola dago? 2016an BERRIAn zenioen nazio eztabaida bat egin beharko zela.

Gauza bera diot. Esparru bat eraiki behar dugu erronka nazionalez hitz egiteko. Eztabaida estrategiko baten beharra daukagu, baina ezin da izan ekimen partidista bat. Datozen 15-20 urteetarako inguruan eta Europan zer jokaleku aurreikusten ditugu? Nola antolatu geure burua?... Jendarte zibil indartsua dugu, baina alor bakoitza bere kasa dabil, eta ohartu behar gara arrisku bat dugula herri gisa desagertzeko. Juan Jose Etxabek esaten zuen bazekiela berrehun urte barru klase borroka egongo dela, baina ez zekiela Euskal Herria egongo den.

Peixoto-k aipu bera erabili zuen duela urtebete, kazeta honetan. Hau ere bazioen elkarrizketan: «Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra».

Guztiz ados. Perspektiba hori galtzen badu, gaizki ibiliko gara. Euskal Herria egotea, arazo bat da Madrilentzat eta Parisentzat. Pablo Casadok esaten du Moncloara iristen bada hezkuntza birzentralizatu egingo duela. Badute estrategia bat Euskal Herria desagerrarazteko. Baina Casadok esandakoaren inguruan ez dut ikusi erantzunik hemen. Hori ez da EH Bilduren arazoa, guztiona da.

Euskal Herriak erasoak jasan behar al ditu antolatzeko?

Historian zehar horrelakoak izan gara. Alde horretatik ere aldaketa historiko bat izan beharko genuke, Euskal Herri alternatibo bat eraikitzeko. Epika galdu dela esaten da. Ez, epika lehengo bera da: Euskal Herriaren askatasunaren aldeko lana. Euskal Herriko feminismoak zer esparrutan uste du gainditu dezakeela emakumeen zapalkuntza: mundu mailako iraultzan? Europakoan? Bi estatuetakoan? Ala euskal errepublika batean? Edo zer esparrutan bermatuko da hezkuntza sistema propioa? Erantzun horiek eman behar dira. Guk argi dugu zein den esparrua: Euskal Herria.

Bateragune auziko inhabilitazioa kentzen badizute, EAEko lehendakarigai izango al zara?

Oraindik ez dut pentsatu.

Ez daukazu denbora askorik: 2020ko irailean lirateke Eusko Legebiltzarrerako bozak.

Gainera, uste dut Urkulluk aurreratu egingo dituela. Ez harritu urte honen bukaeran legebiltzarra desegiten badu. Ikusiko dugu inhabilitazioa kentzen didaten. Estrasburgoren epaiaren ondoren, kendu beharko lidakete.

Zer eskatzen dizu barruak?

Ez daukat garbi. Talde ona dugu.

Iraganarekin lotu nahi zaituzte?

Saiatzen dira. Gu garena gara, eta ez dugu ezkutatzen. Hori bai, zailagoa dute gure kide batzuk iragan jakin batekin lotzea.

Martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen 15. urtea bete da. Inork inoiz barkamenik eskatu al dizu orduko akusazioengatik?

Ez.

Ezker abertzalea seinalatzen zuten.

Gure aurkako lintxamendurako sekulako arriskua egon zen. Eta ez ahaztu Angel Berruetarena: hil egin zuten. Badut poz bat: ni izan nintzen martxoaren 11n estatu osoan egia esan zuen bakarra.

Eta ezker abertzaleak ETAren indarkeriarekiko barkamenik eskatzeko asmorik ba al du, edo esan beharrekoa esan du?

Hitz batekin edo bestearekin gu higatzeko asmoa dago. Horretan dabil [Urkullu] lehendakaria; beti ari da hitz magiko baten bila ezker abertzalea kanpoan uzteko.

Urkulluk eskatzen dizue esateko «bidegabea» izan zela ETArena. Esango al duzue?

Ez gara horretan sartuko. Gainera, guk inoiz esan al dugu ba justua izan zela? Guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta ezker abertzaleak eman ditu pausoak horra bidean: Errenteriako ekinbideak, ETAren desegitea, eragindako minaren aitortza... Besteek zer egin dute? Oraindik preso asko daude, eta urrunduta. Sortuko al dugu denon artean nazioarteko egiaren batzorde bat, parte bakoitzak egindakoa aitor dezan? Ez gero zigor arlotik jotzeko, baizik eta hemen gertatutakoa azaltzeko. Batzuek interpretazio berezi samarra dute elkarbizitza demokratikoaz: legezko erreferendum bat antolatzen dutenak kartzelaratu eta epaitu egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.