Egungo egoera politikoarekin kexu ageri dira Mikel Erauskin (Zarautz, 1980) eta Jesus Arregi (Aretxabaleta, 1958) Orreaga taldeko kideak. Urteak daramatzate autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapenak egiten. Urtero bezala, gaurko egunez, Askatasunaren Eguna ospatuko dute, Pasai Donibanen (Gipuzkoa).
Zer aldarrikatuko duzue Pasai Donibaneko ekitaldian?
MIKEL ERAUSKIN: Ideia edo asmoa antzekoa izaten da urtero. Ekitaldiaren helburua da gogoraraztea guda bat irabazi genuela egun horretan, irabazi ditugun gutxietako bat, eta harrigarria iruditzen zaigu jendeak nola ahaztu duen. Guda hori ahaztuta egotea gaur egun dugun mendekotasunaren seinale garbi bat da. Europako gudarosterik indartsuena hartu baikenuen mendean.
Koronabirusak markatutako ekitaldi bat izango da. Neurriak aurreikusi dituzue?
JESUS ARREGI: Edonork leku publikoetan hartzen dituen neurri guztiak hartuko ditugu guk ere.
MIKEL ERAUSKIN: Aurreko urteetan, ohikoak diren ekintza gehiago egiten genituen: karpa jartzen genuen, herri bazkaria... Aurtengoan ezingo dugu halako ekintzarik egin. Distantziak gordeko ditugu, eta ekitaldiak xumeagoak izango dira.
Zergatik sortu zenuten taldea?
J. A: Taldea sortu zutenek hutsune bat ikusten zuten herri honetako bizitza politikoan. Ez zuten atzematen askabiderako inolako ahalegin politikorik zegoela. Espainiako eta Frantziako instituzioetan integratzeko eta horietan parte hartzeko nahia zegoela ikusten zuten. Oraindik ere egoerak berdintsu jarraitzen du. Guri iruditzen zaigu hori integrazio bide bat dela, eta hortik ezin daitekeela inola ere independentziarik eskuratu. Horregatik, Espainiako eta Frantziako instituzioetatik alde egiteko eta independentzia lortzeko bide politiko bat sortu edo landu nahi dugu.
Zer rol jokatzen duzue?
M. E: Abertzale deitzen zaien alderdiek paradigma bat dute, eta paradigma hori da etsaien instituzioetan parte hartuz bertatik oposizioa egitea; betiere sisteman barneratuta. Guk proposatzen dugu erresistentzia antolatzea kanpotik, etsaien instituzioei zilegitasuna eman gabe. Gure ikuspuntutik, Espainia eta Frantzia ilegalak dira gure herrian.
Nolakoa da taldearen egoera?
J. A: Gu ahalegintzen gara gorantz egiten, jendeari azaltzen zertan datzan gure taldearen proiektua, eta pixkanaka bagoaz aurrera. Hala ere, zailtasun handiak ditugu, ez digutelako ahotsik eman nahi, gure ikuspegiak erabat salatzen duelako gaur egungo euskal alderdiek duten planteamendu integratzailea.
Zer interpretazio egiten diozue Euskal Herriko egoera politikoari?
M. E: Alderdi politikoek dauzkaten gatazkei ez diegu erreparatzen; hortik kanpo kokatzen gara.
J. A: Dena den, ikusten dugu gizartearen zati handi bat etsita dagoela egungo alderdiekin. Abstentzioa asko handitu da, koronabirusak lagunduta, baina ez da arrazoi bakarra. Eta guk uste dugu badaudela abertzale asko gaur egungo bideak antzuak iruditzen zaizkienak baina ez dituztenak gurearen gisako proiektuak ezagutzen. Gure helburuetako bat da haiengana iristea.
Abstentzioak markatu ditu hauteskundeak. Zergatik?
M. E: Koronabirusak eragin zuzena eduki du horretan. Ziurrenik jendearen etsipen puntu bat ere izango da horren eragile, baina ez nuke esango, orokorrean, abstentzio aktibo edo kontziente bat izan denik.
Bideo sorta bat osatu duzue hauteskundeak kritikatuz. Zergatik?
J. A: Gure bidea beste bat delako. Euskal alderdiek integrazioaren bidea hartu dute, eta guk independentziaren bidea hartu nahi dugu. Guretzat, espainolek edo frantsesek antolatutako hauteskundeetan parte hartzea sistema horiei zilegitasuna ematea da, eta demokratikotzat jotzea inperialista eta totalitarioak direnean.
M. E: Gainera, ikusten dugu abstentzioa dela menderaturiko herri batean erantzunik berehalakoena, logikoena eta errazena. Jende batek uste du bozak egiten direlako automatikoki herrialde demokratiko batean bizi dela, eta hori ez da egia. Bideo horien bitartez, saiatu gara gezur horiei buruzko azalpenak ematen.
Zein da, zuen ustez, Euskal Herriak autodeterminazioa lortzeko bidea?
M. E: Era bakarra da herriak bere indarretan sinestea, herria antolatzea eta kanpoan aliatu posibleak lortzea. Baina benetan bidea herriak berak egin behar du. Historikoki, autodeterminazioaren kontzeptua saldu digute beste zerbaiti lotua; erreferendumari, alegia. Gainera, bozketa hipotetiko horretan normaltzat jotzen dute erroldaren moduko gai garrantzitsuak etsaiek kontrolatzea. Erokeria da guretzat. Iruditzen zaigu autodeterminazioa ezin dela inola ere bozkagai jarri.
Nola ikusten duzue autodeterminazioa lortzeko bide hori?
J. A: Nazio Batuen eskubideen gutunean ez da inongo erreferendumik azaltzen; eskubide gisa azaltzen da, eta eskubide horren ondorio izan beharko luke inbasorea inbaditu duen herritik ateratzeak. Borondatez egingo ez dutenez, ezinbestekoa da bide politiko egokia aukeratzea. Gainerakoan, politikan ezin da inoiz jakin noiz izango den aukera aldaketa bat lortzeko.
M. E.: Lehentasun kontua da. Herriak barneratu behar du lehentasunezko eta berehalako helburu bakarra herri honek independentzia berreskuratzea dela. Berriro diot: berreskuratzea.
Mikel Erauskin eta Jesus Arregi. Orreaga taldeko kideak
«Autodeterminazioa ezin da bozkagai jarri»
Orreaga taldeak autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du, eta bidea «herritik» hasi behar dela diote taldeko kideek. Gaur Askatasunaren Eguna ospatuko dute, Pasai Donibanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu