50 urte beteko dira aurten diktadura frankistak Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi exekutatu zituenetik, baita Francisco Franco diktadorea hil zenetik ere. Horren harira, «Euskal Herriaren askatasunaren alde indarrak biltzeko» ekitaldia egingo du Sortuk irailaren 27an, Askatzera lotuak lelopean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Ezkertiar eta abertzale guztiei dei egin diete data gorde dezaten eta bertara daitezen.
«Diktadore faxistak ondo lotuta utzi zuena askatzeko aukera» dagoela aldarrikatzeko elkartuko dira Iruñean. Sorturen arabera, Espainiako Gobernuak urteurrena baliatuko du «espainiar erreforma edo trantsizio esaten dioten hori aldarrikatzeko», ehun ekitaldi eginez. Sortuk, berriz, erreforma horren kritika egin nahi du. Gogoratu duenez, ezker abertzaleak orduan esan zuen trantsizioak ez zuela demokraziarik ekarriko Euskal Herrian: «Trantsizio demokratikoa deiturikoa ‘transakzio’ bat baino ez zen izan, guztia ‘lotuta eta ondo lotuta’ uztea helburu zuena».
Are, gaineratu du trantsizioa «espainiar elite politikoen, ekonomikoen eta oligarkikoen interesen araberako fartsa bat» izan zela. Izan ere: «Francok hautatu zuen Juan Carlos Borboikoa bere oinordeko, 36ko altxamendu faxista eta frankismoaren krimen guztiak zigorrik gabe gelditu ziren, eta Espainiako estatu aparatuek ez zuten demokratizazio biderik egin». Euskal Herriari dagokionez, kritikatu dute lurralde zatiketa betikotu nahi izan zutela, «herriaren zapalkuntza iraunarazteko».
Horiek horrela, Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko baliatuko dute urteurrena, eskubide hori aitortzea baita «nazio eta klase gisa» bizitako zapalkuntzak gainditzeko giltza. Sorturen ustez, Txiki eta Otaegiren fusilamenduekin saiatu ziren «askatasun egarria» itotzen eta «aldaketarako aukera» zapuzten. «Bistan da, ez zuten lortu».
Milaka militanteren konpromisoa
«Gaur askatasunetik inoiz baino gertuago dago gure herria, milaka militanteren konpromisoari esker, besteak beste», nabarmendu dute. Eta erantsi Txiki eta Otaegiren belaunaldiak «nazio bulkada paregabe bat» sustatu zuela, «Euskal Herriari taupada emanez, kultur sorkuntzatik, langile borroketatik, auzolanetik eta borroka politikotik». Gaur egun ere, ezinbestekotzat jo dute herri aktibazioa, askapen prozesuan aurrera egiteko. Hori dela eta, irailaren 27ko nazio ekitaldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei.