Autodefentsa feminista unibertsitatean, «lehenbailehen»

Deustuko Unibertsitateak autodefentsa feministari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Egin duten ikerketa baten arabera, neska gazteen ia erdiak sexu erasoren bat pairatu du noizbait; hamarretik zortzi errudun sentitu dira.

Raquel Royo Prieto eta Elena Ogeta Blasco autodefentsa feministari buruzko jardunaldietan, Deustuko Unibertsitatean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Raquel Royo Prieto eta Elena Ogeta Blasco autodefentsa feministari buruzko jardunaldietan, Deustuko Unibertsitatean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko maiatzaren 9a
15:45
Entzun

«Sexu erasoari buruz hitz egitean, jendeak ez zidan sinetsi, eta nire aurka jarri zen; horrek eragin zuen neure buruarengan konfiantza galtzea eta dena nire irudimenaren ondorioz izan dela pentsatzea». 20-22 urteko neska baten testigantza ozen irakurri du gaur Elena Ogeta Blasco psikologoak Deustuko Unibertsitateko auditoriumean. Autodefentsa Feministaren Teoria eta Praktika lehen unibertsitate jardunaldiak antolatu dituzte. Izan ere, autodefentsa feministari buruzko proiektua jarri dute aurten abian unibertsitatean, eta gaurko jardunaldiekin eman diote amaiera. Parte hartzaileek aldarrikatu dute autodefentsa feminista unibertsitatean eskaini behar dela.

Proiektua sortzeko, bi ideia izan dituzte abiapuntu, Raquel Royo Prieto Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasleak azaldu duenez. Batetik: «Sexu indarkeria da indarkeria matxistaren adierazpenetan gehien errepikatua; gainera, kontrolerako mekanismo gisa erabiltzen da. Indarkeria hori normalizatuta dago, eta ikusezina da». Eta, bestetik: «Unibertsitatean ez ditugu ikusarazten, ez ditugulako aztertzen; unibertsitateak gaitasuna du sentsibilizazioa sustatzeko eta indarkeria horiek identifikatzeko». San Ignazio auzoko modulu psikosozialarekin elkarlanean egin dute proiektua.

Ikasturte hasieran ekin zioten lanari. Lehenengo lauhilekoan, Psikologia, Gizarte Lana eta Gizarte Heziketa graduetako ikasleek ikuspegi feministarekin lotutako ikasgaiak izan zituzten, eta autodefentsa feministari buruzko ikastaroa ere egin zuten klasean. Ostean, autodefentsa feministari buruzko beste tailer bat egiteko aukera eman zieten ikasleei. Ez zen derrigorrezkoa izan; larunbat batez egin zuten, eta hamabost neskak eman zuten izena.

Ikastaroak egin baino lehen, Ogetak landutako galdetegi bat bete zuten 20-22 urte bitarteko 133 ikaslek, baita ikastaroa egin ostean ere  –Master Amaierako Lana egiteko erabili du galdetegia–. Gehienak emakume gazteak dira. Galdetegian sakontzeko, testigantzak ere jaso ditu. Erantzunek islatu dutenez, gazteen %72k ez zuten inoiz autodefentsa feministarekin lotutako hezkuntzarik jaso. «Are gehiago, proiektuarekin hasi aurretik, hamar gaztetik bik bakarrik ezagutzen zuten zer zen autodefentsa feminista», erantsi du Ogetak.

«Proiektuarekin hasi aurretik, hamar gaztetik bik bakarrik ezagutzen zuten zer zen autodefentsa feminista».

ELENA OGETA BLASCOPsikologoa

Nabarmentzeko beste hainbat datu jaso ditu ikerketan: «110 emakume gaztetik %47k esan dute bizitzan zehar sexu erasoren baten biktima izan direla». Halere, esan du kopuru hori ziur aski handiagoa izango dela, «indarkeria asko normalizatuta baitaude eta zaila baita eurek identifikatzea». Erasoak pairatu ostean, hamarretik zortzi errudun sentitu dira, eta erdiak soilik aitortu du gertatu zaiona. «Errudun sentitu izana lotuta egon daiteke ez aitortzearekin», atera du ondoriotzat psikologoak.

Mitoak, barneratuta

Bigarren ondorio gisa, Ogetak aitortu du gazteek barneratuak dituztela gizartean errotuta dauden mitoak. Honako hauek dira, besteak beste, gehien onartuak dituztenak: emakumeek espero dute gizonek ekimena hartzea; bortxaketa baten ondoren, emakumeek babes handia jasotzen dute; eta gizarteak sexu delituen inguruan duen sentsibilitatea neurriz kanpokoa da. Hortaz, ezinbestekoa da «baliabide gehiago» bideratzea, sinesmen horiek lantzeko. Gainera, sexu erasoen inguruan galdetzean, mito horiek «ez datoz bat» neska gazteen erantzunekin.

«Unibertsitatea funtsezko lekua da indarkeriak identifikatzeko eta eskura dituzten baliabideei buruzko informazioa emateko ikasleei», ezarri du Ogetak hirugarren eta azken ondorio gisa. Bat datoz galdetegia erantzun duten ikasleak; hamar pertsonatik sei guztiz ados daude unibertsitatean autodefentsa feminista ezartzearekin, eta hamarretik bederatzi ados daude «modu batean edo bestean» hura ezartzearekin.

«Ez daukagu inolako zalantzarik; tailerra unibertsitatearen testuinguruan jarri beharko litzateke lehenbailehen, inor derrigortu gabe, nahi duen emakumeak parte har dezan».

LIBE JAUREGI MADARIAGAPsikologia graduko ikaslea

Ikastaroa egin aurretik eta hura egin ondoren erantzun dituzten galdetegiak alderatuta, datuek islatu dute horrelako ikastaroek eragina dutela gazteengan. «Autodefentsa feministan pentsatzean bururatutako hiru hitz idazteko eskatu genien; ikastaroaren ostean, euren hiztegia aberastu zuten, autodefentsa feministaren izaera politikoari erreferentzia eginez, talde izaerari arreta berezia jarriz, eta indarkerien identifikazioarekin lotutako hitzak ezarriz». Besteak beste, ahalduntzea, segurtasuna, ahizpatasuna, babesa eta defentsa aipatu zituzten.

Hortaz, ezinbestekotzat jo dute autodefentsa feminista unibertsitatean ezartzea. Hala esan du Libe Jauregi Madariaga Psikologia graduko ikasleak; eskolatik kanpoko autodefentsa feminista tailerrean hartu zuen parte. «Ez dugu inolako zalantzarik; tailerra unibertsitatearen testuinguruan jarri beharko litzateke lehenbailehen, inor derrigortu gabe, nahi duen emakumeak parte har dezan», nabarmendu du.

«Eragin positiboak»

Tailerrak «eragin positiboak» izango ditu gazteengan, Jauregiren ustez. «Gure autoestimua eta konfiantza areagotuko dira», azaldu du. Era berean, «teknika fisiko espezifikoak» ikasiko dituzte. «Inoiz inork ez dizkigu horrelako teknikak irakatsi, eta pentsatzen dugu geure gorputza ez dela askotarako gai, gizarteak emakumeari pasibotasun rola ezarri diolako». Izan ere, Ogetaren galdetegiak erakutsi du gazteen %57k ez dutela konfiantza euren gorputzarengan.

Jauregirentzat, aberasgarria izan zen «askotan isiltzen dituzten kontuak» tailerrean kontatu ahal izatea, eta aurretik ezagutzen ez zituen neskak entzutea. Aitortu zuen indarkeria asko normalizatu egin dituztela eta, horregatik, garrantzitsua dela «gertatutako horiek ozen» esatea.

Jauregirekin batera, tailerrean izan zen Anne Gonzalez Abeledo. Hark azaldu duenez, tailerrean giro «eroso eta segurua» sortu zuten, eta horrek ahalbidetu zuen bakoitzak bere esperientziak kontatzea eta elkar entzutea. «Intentsitate diferenteak zituzten istorioak entzun genituen, baina guztiei eman zitzaien garrantzia bera; eta hala izan behar du». Gainera, «sarea» sortu izanaren balioa azpimarratu du. Eta tailerrean ikasitako tresnarik baliotsuena partekatu du entzuleekin: «Min egiten digun hori izendatzeko gaitasuna garatu genuen, hura seinalatzeko eta horren aurrean defendatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.