«Autodefentsa», euskararen aldeko tresna

Ibaetako Euskaltzaleen Plaza Euskarari-k protokolo bat egin du: EHUn euskarak jasaten dituen erasoez kontzientzia pizteaz gain, salaketarako tresna izatea nahi dute. Premiazkotzat dute: «Hezkuntza prozesua ezin dugu inoiz %100ean euskaraz egin».

(ID_17079137357195) (/EZEZAGUNA) IEPko Ibaetako ikasle euskaltzaleen kide Ibai Lekuona Darceles eta Aimar Jusue Rosano
Aimar Jusue eta Ibai Lekuona, EHUren Ibaetako campusean. BERRIA
arantxa iraola
2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

«Euskararentzat arnasguneak aurkitzea zaila egiten zaigu, eta trabaz beteriko ikasketa prozesu baten aurrean gaude».  EHUko Ibaetako campusean ikasle euskaltzaleak batzen dituen IEP Euskarari Ibaetako Euskaltzaleen Plazak era horretan deskribatu du euskarak oraindik usu unibertsitate barruan duen egoera bazterrekoa: «Euskaraz ikasten dugula esaten den arren, hezkuntza prozesu hori ezin izaten dugu inoiz %100 euskaraz egin, unibertsitateak ez baitu baliabide nahikoa eskaintzen». Horiek horrela, eremu horretan gertatzen diren erasoei aurre egiteko protokolo bat landu dute, «autodefentsa» tresna bat. Lehengo astean aurkeztu zuten.

Protokoloan bertan gogoratu dute euskaraz ikasteko aukera izatea ikasle guztiek eduki beharreko «oinarrizko eskubide bat» dela, eta horren alde egiteko egin dutela tresna hau. Bi helburu ditu. Egoerari neurria hartzen laguntzea da lehena, begiradak zolitzea: «Esparru desberdinetan euskarak jasan ditzakeen erasoez kontzientzia politikoa zabaltzea». Bigarrena, berriz, eragitea: baliabide bat izatea nahi dute «salaketak» egiteko. Izaera «irekia» duela esan dute, eta ekarpenak jaso ahala, molda daitekeela. Era horretan, «autodefentsa sare indartsu» bat ehundu nahi dute, «erantzun erreal bat» emateko. 

Jarraibideak

Eraso mota bi bereizi dituzte protokoloan: estruktural  izendapena eman diete EHUk instituzio publiko gisara euskara azpiratze aldera egindakoei, eta partikular  unibertsitate barruan  norbanakoek zein taldeek egindakoei. Bietarako jarraibideak eman dituzte. Lehen kasuan erasoaren gaineko kexa formala azalduko zaio EHUn dagokion erakundeari, eta publikoki ere adieraziko da kexa, hedabideen eta sare sozialen bidez. Erakundearen erantzuna aldekoa bada, publikoki aitortuko da, eta protokoloa indargabetuko da; kontrakoa bada, mobilizazioak egingo dira aldaketa eskatzeko. 

Eraso partikularrei dagokienez, euskararen kontrako jarrera izan duenari bisita egingo zaio, euskara erabiltzeko eskatuz, eta horretarako laguntza eskainiz. Erantzuna aldekoa bada, zoriondu egingo dute, eta euskararen aldeko hautua izatera animatuko dute; kontrakoa bada, mobilizazio soziala izango da bidea. 

IEP Euskarari-ko kideak dira Ibai Lekuona Darceles eta bai Aimar Jusue Rosano. «Hemen bertan, Ibaetan, pairatzen ditugu hizkuntza eskubideen urraketak. Helburua da hori desnormalizatzea», azaldu du Jusuek. Protokoloa egiteko eredu gisara erabili dute, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak «oldarraldi judizialak» eragindako erasoei erantzuteko iazko azaroan aurkeztu zuen protokoloa; EHEk propio Arrasaten (Gipuzkoa) landua duen eredu bat ere hartu dute oinarri.

Tresna ezagutaraztea dute orain lehen helburua. «Aurkezpenak egin nahi ditugu ahalik eta toki gehienetan jendea ernatzeko eta kontzientzia pizteko», azaldu du Lekuonak. 

Atxikimendua

Protokoloari atxikimendua emateko proposamena ere egingo diete hainbat eragileri. Protokoloaren aktibazioan parte hartzeko betebeharrik ez dute horiek, baina abiatu eta gero egon daitezkeen deialdi, komunikatu edota ekintzak zabaltzeko konpromisoa hartuko dute, eta egingo diren agerraldi, elkarretaratze eta antzekoetara agertzekoa.

 

gakoak

  • Eraso estrukturalak. Eraso estruktural gisara definitu dituzte protokoloan EHU «instituzio publiko» den aldetik gertatzen diren horiek. Administratiboak izan daitezke: ikasketak osotasunean euskaraz aurrera eramateko ezintasuna, unibertsitateko langileekin euskaraz mintzatzeko ezintasuna, hizkuntza paisaian euskara azpiratua eta gutxietsia egotea... Edota edukizkoak: material eta edukien gehiengoa gazteleraz izatea, adibidez, eta oinarrizkoenak diren edukietan itzulpen urri eta desegokiak izatea. 

  • Eraso partikularrak. Definitu dituzte eraso partikular gisara EHU barruan norbanakoek zein taldeek aurrera eramandako erasoak. Adibidez: irakasleak nahi duenean eskolak gazteleraz ematea, euskaraz edukiak bermatzeko eta emateko arduragabekeria, euskararen aurkako diskurtsoak plazaratzea, Euskal Herria gutxiestea...

     

  • Harremanetarako. Hiru bide dituzte. Telefono zenbaki bat: 621-34 51 85. Helbide elektronikoko bat: [email protected]. Instagram bidezko bat: @iepeuskarari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.