LGTBIfobiaren kontrako nazioarteko eguna izan da gaur, eta Euskal Herrian ugariak izan dira agerraldi eta mobilizazioak, LGTBI komunitateko kideek oraindik ere mota askotako eraso eta indarkeriak pairatzen dituztela salatzeko. Besteak beste, Baionan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Durangon, Leioan (Bizkaia), Hernanin, Oiartzunen, Errenterian, Orion (Gipuzkoa) eta beste zenbait lekutan egin dituzte mobilizazioak, LGTBI elkarteek eta talde feministek deituta.
Bilbon, elkarretaratzea egin dute Arriaga plazan, E28 koordinakundeak deituta. Ez dira pasako. Erasoen aurrean transmaribibollo autodefentsa leloa idatzita zeukan pankarta baten atzean, dozenaka lagun elkartu dira ordu erdiz. Mobilizazio koloretsua izan da: ortzadarraren ikurrak eta trans komunitatearenak ugariak izan dira, eta Palestinaren bandera batzuk ere haizatu dituzte.
Oihuak etengabeak izan dira elkarretaratzeak iraun duen bitartean: «Harro ez da pride, ez gaude salgai», «erasoen aurrean autodefentsa», «hemen gaude transmaribibolloak», «transfobiaren aurrean, klase elkartasuna», «Polizia, entzun, ez zara lagun» eta antzeko leloak oihukatu dituzte. Palestinaren aldeko mezuak eta Israeli boikota egitea eskatzen zutenak ere entzun dira.
Ekitaldiaren amaieran irakurritako agirian, «genero eta sexu identitateagatik» pairatutako erasoak salatu dituzte: «Zisheteroaraua arrakalatzen duten gorputzak mehatxu gisa ikusten dituzte, kapitalismoa eta patriarkatua iraunarazteko oztopo gisa. Horregatik, gorputzok esparru publikotik desagerrarazteko estrategia ohikoena da indarkeria».
«Ertzetako beste talde batzuek pairatzen dituzten erasoak» ere aipatu dituzte, hala nola kaleko saltzaileek jasaten duten indarkeria, etxegabetzeak, hilketa matxistak eta abar. «Estatu burges, inperialista eta zisheteropatriarkala» egin dute indarkeria horien erantzule, eta beharrezkotzat jo dute «gainontzeko desjabetuekin antolatzea eta saretzea» horiei erantzuteko.
Instituzioen «erabilpena»
Oso kritiko agertu dira instituzioek LGTBI kolektiboarekin egiten duten «erabilpena» dela eta. Gogorarazi dute ekainaren 28an LGTBI komunitatearen nazioarteko eguna izango dela, eta «instituzio burgesen erabilpenari erresistentzia» egitera eta «harrotasun antikapitalista aldarrikatzen duten manifestazioetan» parte hartzera deitu dute. Elkarretaratzean ere, ugariak izan dira zuriketa arrosarenedo LGTBI komunitatearen irudia erabiliz egindako garbiketaren kontrako oihuak. Ekitaldia amaitutakoan, kalejira egin dute Zazpikaleetan.
Iruñean egindako mobilizazioan, elkartasuna adierazi diote Palestinari, eta Israel «herrialde zibilizatu, ireki eta inklusibo gisa saltzeko eraikitako fikzioa» salatu dute: «Herri zapalduekiko elkartasuna eta basakeriaren salaketa ez da inoiz gure orientazioaren eta identitatearen onarpen mailaren baldintzapean egongo».
EHGAM sexu askapen mugimenduak Euskal Herrian ezagututako azken erasoak ekarri ditu gogora, eta nabarmendu du askoz gehiago direla ezkutuan gelditzen direnak: «Transmaribibolloon bizitzak ez daude gorrototik libre, kaleak eta gauak ez dira seguruak guretzat, eta gure herri eta hiriak zisheterosexismoaren neurrira eginda daude». Azaldu dutenez, erasoek «ikusgarriago» egiten dute LGTBIfobia, baina ez dira haren adierazpen bakarrak: «LGTBIfobia bestelako molde ugaritan ere bizi dugu, osasun etxeetako jarrera lesbofobo eta transfoboetan, lantokietan, pertsona transen langabezia tasetan eta abarretan». LGTBIfobiak dituen alde ugarietatik, transfobia nabarmendu nahi izan dute.
EHGAMek ere «instituzioek euren burua zuritzeko eta Polizia eta sistema judiziala legitimatzeko egindako erabilpena» salatu du, eta «antolaketarako eta autodefentsarako deia» egin du: «Ahizpek zaintzen gaituzte, ez Poliziak».
Instituzio ugarik ere bat egin dute maiatzaren 17ko aldarrikapenekin. Nafarroako Parlamentuak adierazpen bat plazaratu zuen joan den astelehenean, talde politiko guztien onespenarekin, eta Eusko Legebiltzarrak LGTBI ikurra eskegi du eraikinaren aurreko aldean. Udal askok ere adierazpen instituzionalak egin dituzte LGTBIfobiaren kontrako egunaren harira.
Maiatzaren 17ko mobilizazio eta adierazpenek balio dute gogorarazteko LGTBI komunitateko kideen kontrako indarkeria uste baino ohikoagoa dela. Espainiako LGTBI+ federazioak aste honetan plazaratutako datuak ikaragarriak dira: kolektiboko kideei dagokienez, hamarretik lauk erasoren bat pairatu dute azken urteotan, eta %83k diskriminazio motaren bat jasan dute. Euskal Herriko erakunde eta elkarte ugarik txostenak eta ikerketak aurkeztu dituzte LGTBIfobiaren kontrako egunaren karietara; adibidez, Araban gutxienez 28 eraso zenbatu zituzten 2023an; Donostian, berriz, hamabost, eta Iruñean, 34. Irainak, eraso fisikoak, diskriminazioak, gorroto diskurtsoak eta bestelakoak jaso dituzte aipatutako ikerketetan, eta guzti-guztietan bat datoz: ezagutarazten diren erasoak baino askoz gehiago dira ezkutuan gelditzen direnak.
Joan den igandean izan zen orain arte ezagututako azken erasoetako bat: gizon batek irain lesbofoboak egin zizkion emakume bikote bati Elexalde auzoko jaietan (Getxo, Bizkaia), eta gero ukabilkada bat jo zion emakumeetako bati. Gaur, Getxoko Udalak jakinarazi du indarkeria matxistaren kontrako protokoloa abian jarri duela, eta erasoa gaitzetsi du: «Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, eta genero desberdintasunen adierazpenik larriena». Azaldu duenez, emakumeen kontrako indarkeriak eta LGTBI komunitateko kideen kontrakoak «matxismoa» dute sorburu.