Autobus gidarien grebak eragin eskasa izan du Hego Euskal Herrian

CCOO eta CGT sindikatuek deitu dituzte lanuztera; ELA eta LAB sindikatuek ez dute deialdian parte hartu, eta UGTk ere ez, akordio bat erdietsi zuelako patronalarekin.

PESAren autobus bat, urriaren 31ko greba egunean. GORKA RUBIO / FOKU
PESAren autobus bat, urriaren 31ko greba egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko azaroaren 28a
17:00
Entzun

Gutxi nabaritu da autobus gidarien greba Hego Euskal Herrian. Hala aitortu du grebaren deitzaile nagusiak, CCOO sindikatuak, eta hala esan dute garraio zerbitzuaren arduradunek, erakunde publikoek.

Hego Euskal Herriko autobusetako gidariek greba egunak dituzte gaur eta bihar, erretiro adina aurreratu ahal izatea eskatzeko. Berez, CCOO eta CGT sindikatuek deitu dituzte langileak lanuztera; ELA eta LAB sindikatuek ez dute deialdian parte hartu, eta UGTk ere ez, akordio bat erdietsi zuelako patronalarekin, erretiro aurreratua hartu ahal izateko adina jaisteko. Hala ere, CCOOk eutsi egin dio grebari. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita daude Bizkaibus, Euskotren, Lurraldebus, PESA, Bilbobus, Dbus eta Tuvisaren zerbitzuetan. Nafarroan, berriz, %40koak dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, goizean Bizkaibusen autobusen %85 ibili dira. Datuak zehaztu egin ditu, zerbitzua ematen duten enpresen arabera: BLBn guztiak, Avanzan %92,6, Txorierrin %88,7, EMBn %87,8, Enkarterrin %80 eta Euskotrenen %69,8. Bilbon Bilbobuseko autobus gehienak ibili dira: 129tik 124, udalak zehaztu duenez. CCOOk azaldu duenez, ordea, goizean EMBren —Ezkerraldean eta Meatzaldean lan egiten du— 26 autobus soilik ibili dira, gutxieneko zerbitzuetakoez gain.

Araban, goizeko txandan gidari batek egin du greba, eta Alavabuseko autobus guztiek egin dituzte ohiko ibilbideak, Gasteiz eta Miranda de Ebro (Burgos, Espainia) artekoak izan ezik —gutxieneko zerbitzuak izan dira—. Arabako Foru Aldundiak zehaztu du Artziniega eta Okondo arteko lau zerbitzu utziko dituztela bertan behera.

Abenduaren 5ean, 9an eta 23an

Gipuzkoan, eragina eskasa izan da. Donostiako Dbus zerbitzuan inork ez du grebarik egin. Herrien arteko zerbitzuetan ere guztiek lan egin dute. Salbuespen bakarra izan da: Avanzaren zerbitzuetan %97 bete dira.

Nafarroan, Iruñeko zenbait billabesa behar baino beranduago atera dira. Moventis TCC enpresak emandako datuen arabera, autobusen %95 ibili dira.

CCOO sindikatuko iturriek Efe agentziari esan diote grebak erantzun txikia izan duela, baita eskoletako garraioan ere. Urriaren 28koa baino nabarmen apalagoa. Sindikatuek nabarmendu dutenez, akordio bat erdietsi ezean greba mugagabea egingo dute abenduaren 23tik aurrera. Abenduaren 5a, 9a eta 23a dira hurrengo greba egunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.