Autobusak geldi, konponbidea lortu arte

Greba mugagabea hasiko dute asteartean Bilbobuseko langileek. Salatu dutenez, soldatak izoztuak dituzte 2021etik; enpresak dio ezin diela aurre egin lan hitzarmenean onartutako soldata igoerei. Gatazka konpontzeko, udalaren esku hartzea eskatu dute.

 Bilbobuseko langileen manifestazioa, iazko azaroan. UGT
Bilbobuseko langileen manifestazioa, iazko azaroan. UGT
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Bilboko toki batetik bestera garraioan mugitzeko, aukera gutxiago izango dituzte asteartetik aurrera herritarrek: greba mugagabea hasiko dute Bilbobuseko langileek, UGT, ELA, CCOO, USO, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Iazko urriaren 23tik ari dira lanuzteak egiten. Eta aldaketarik egon ez dela ikusita, 24 orduko grebekin hasiko dira. Protestak egingo dituzte egunero. «Ezin dugu gatazka honetan ikusgarritasuna galdu; presioa egin behar dugu, udalak esku hartzea erabaki dezan», argi utzi dute Covadonga Garrido ELAko ordezkariak eta Maria Isabel Picado ELAko eta enpresa batzordeko kideak.

Lan gatazka luzea du Bilbobusek. Bilboko Udalak Biobide enpresari eman zion Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua duela bost urte. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029ra. 2021. urtearen amaieran lan hitzarmenaren epealdia amaitu zen, eta, ordutik, hitzarmenik gabe daude. «Aurrerako eraginaren epe batean sartu ginen; negoziazio labur-laburrak izan genituen», zehaztu dute ELAko kideek. Negoziazio horietan, halere, enpresak azpimarratu zuen «galerak» zituela, eta COVIDak eta Ukrainako gatazkak «langileen eta mantentze lanen kostuak» handitu zituela. Greba mugagabeari buruz galdetuta, udalak zein enpresak ez dute adierazpenik egin nahi izan.

2019an sinatutako lan hitzarmenaren arabera, langileen soldata igoerak %1,5 gehi KPI izan behar du kontratuak irauten duen hamar urteetan. Biobidek %8ko soldata igoera aplikatu zuen 2021ean. Geroztik, ez du soldatarik eguneratu. Hortaz, langileek bi urte daramatzate soldata «izoztuekin». Enpresak dio ezin diela aurre egin lan hitzarmenean onartutako soldata igoerei. «Negoziazio mahaiaren lehen bileran jada, enpresak esan zuen kontratua ez zela bideragarria eta, 2029ra arte zerbitzua mantentzeko, estu ibili beharko zutela», esan dute Garridok eta Picadok. Beraz, haien irudiko, hasieratik enpresak atea itxi zien «edozein motatako negoziazioei».

«Ezin dugu gatazka honetan ikusgarritasuna galdu; presio egin behar dugu udalak esku hartzea erabaki dezan».

COVADONGA GARRIDO ETA MARIA ISABEL PICADOELAko ordezkariak

Egoera halako izanik, enpresak udalari eskatu zion orekatze ekonomiko bat egin zezala: hau da, udalaren baimenarekin, baldintza ekonomikoei mesede egingo zien hobekuntza edo aldaketaren bat egitea. Udalak, baina, ezezkoa eman zuen. «Hortaz, susmoekin hasi ginen; badirudi udalak ez duela hain gaizki ikusten enpresaren egoera ekonomikoa».

Soldatak izoztuta izateaz gain, langileek salatu dute lanpostuak amortizatzen ari direla eta kontratu prekarioak eskaintzen dizkietela. «Alde ekonomikoari dagokionez, larriena da enpresa aparteko ordainsariak murrizten hasi dela», salatu dute ELAko ordezkariek. Are, edozein baimen eskatzeko orduan, enpresak oztopo ugari jartzen ditu beti: «Etengabe jartzen dituzte zalantzan langileen baimenak». Horren harira, zenbait langilek auzitara jo dute, eta hainbat epaiketaren ebazpenen zain daude.

Kontratua egokitzea

Bilbobuseko langileen egoera konpontzeko, Jose Fernandez enpresa batzordeko presidenteak (UGT) argi du zer egin behar den: «Lehenik eta behin, kontratua egungo egoerara egokitu behar dute». Behin hori eginda, posible izango da kontratua deuseztatzea. «Udalak kudeaketa propiotzat hartu baino lehen edota lizitazio berri bat atera baino lehen, kostuak egokitu behar dira», azaldu du. Hori egin ezean, ezinezkoa izango da lan itun bat negoziatzea. 

Epe motzera, behintzat, Fernandezek ez du uste egoera konponduko dutenik. Are, greba mugagabearen deialdia iragarri zutenetik, ez da aldaketarik izan enpresaren eta udalaren partetik. Hain justu, Garridok eta Picadok nabarmendu dute duela bi urtetik hona egoerak «okerrera» egin duela: «Egun, dena geldirik dago: ez dago komunikaziorik ez enpresarekin, eta ez udalarekin». 

«Herritarrei ez zaie zerbitzurik ematen, eta Bilbobus zerbitzu publiko bat da: errepideko garraio zerbitzu nagusia da».

JOSE FERNANDEZUGTko ordezkaria eta enpresa batzordeko presidentea

Izan ere, salatu dute udalak ez duela lan gatazka konpontzeko irtenbiderik bilatu. Martxoaren hasieran, EH Bilduk eta Elkarrekin Bilbok gatazka konpontzeko hartu dituen neurriez galdetu zioten Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziari. Hark iragarri zuenez, Bilboko Udala euskarri juridikoa duen irtenbide bat bila ari da oraindik, «aldaketa bat, kontratuaren suntsiarazpena edo zuzenbidean balizkoa den beste edozein forma juridiko». Eta erantsi zuen udaleko zerbitzu juridikoak «alde guztiak» gogobeteko dituen konponbide baten bila ari direla. Konponbide posible horien artean dago kontratua bertan behera uztea, baina oraindik ez dute aurkitu beharrezko babes juridikoa duen soluziorik. 

Fernandezen arabera, ezinbestekoa da udalak esku hartzea: «Berak egin zuen kontratua enpresarekin; beraz, arazoak badaude, konpondu beharko dituzte». Are, gogoratu du zerbitzua «erabat kolapsatuta» dagoela, eta herritarrek ere irtenbide bat behar dutela: «Herritarrei ez zaie zerbitzurik ematen, eta Bilbobus zerbitzu publiko bat da: errepideko garraio zerbitzu nagusia da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.