Autobus gidarien grebak Bizkaian eta Nafarroan eragin du batez ere

Erretiroa 60 urtera aurreratu ahal izatea eskatu dute. %30 eta %40 arteko gutxieneko zerbitzuak bete dira.

Bilboko autobus geltoki intermodala, hutsik, gaur. LUIS TEJIDO / EFE
Bilboko autobus geltoki intermodala, hutsik, gaur. LUIS TEJIDO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko urriaren 28a
17:45
Entzun

Autobus gidarien grebak Bizkaian izan du eragina batez ere. Bertako foru aldundiak onartu du grebak %44 eta %64 arteko erantzuna —eskualdearen arabera— izan duela Bizkaibusen, eta %40koa Euskotrenen. Kopururik handiena Ezkerraldea-Meatzaldeari dagokio; apalena, berriz, Durangaldearen eta Arratiaren artean izandako erantzunari, eta Eibar, Arrasate eta Bilbo artekoari. CCOO eta UGTren arabera, berriz, greba ia erabatekoa izan da Bizkaibuseko zenbait ibilbidetan —«%90etik gorakoa goizeko lehen orduan»—. Bilboko Udalak zehaztu du Bilbobusen goizeko txandako autobusen %69k beren ohiko ibilbideak egin dituztela.

Bilbotik Donostiara eta Gasteizera joateko autobusetan nabaritu da greba. Baita eskoletakoetan ere. Guraso askok autoan eraman dituzte seme-alabak eskolara; beste batzuk etxean geratu dira. Autobus geltokietan jendea pilatu da, eta igo ezinik ere geratu dira batzuk, autobusak beteta iritsi direlako.

Nafarroako Gobernuak onartu du grebak erantzun handia izan duela herritar gehienei eragiten dieten zerbitzuetan, baina %40ko gutxieneko zerbitzuak bete direla. Gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan dira, sindikatuen iritziz. Nafarroako Gobernuak langileei eta enpresei eskerrak eman dizkie, gutxieneko zerbitzuak betetzeagatik.

Grebak eragin apalagoa izan du Araban eta Gipuzkoan. Gasteizko autobusetan —Tuvisa— 72 gidarietatik seik egin dute greba. Gutxieneko zerbitzuak %40koak izan dira. Gipuzkoan, Lurraldebus sozietate publikoak emandako datuen arabera, autobusen %90 baino gehiagok egin dituzte ohiko ibilbideak. Erantzuna %70-80 artekoa izan da TBHren eta Avanzaren zerbitzuetan. Donostian Dbus zerbitzuko langileen %78k eta gidarien %68k lan egin dute. Hamahiru ibilbide geratu dira bertan behera, eta murrizketak izan dira beste hainbatetan.

«Bidezkoa»

CCOO eta UGT sindikatuek greba antolatu dute, Espainiako Gobernuari eskatzeko 60 urtera aurreratu dezala bidaiarien garraioan aritzen diren gidarien erretiro adina. Kontzentrazioak egin dituzte Espainiako Gobernuak Bilbon eta Donostian dituen ordezkariordetzen aurrean, eta Gasteizko ordezkaritzaren aitzinean. EAEko idazkari nagusiek parte hartu dute Bilboko kontzentrazioan, CCOOko Loli Garciak eta UGTko Raul Arzak. Pozik daude grebak izan duen oihartzunarekin.

Bi sindikatuetako errepide eta logistika arduradunek, CCOOko Juan Carlos Gonzalezek eta UGTko Jose Luis Garciak, uste dute langileek badakitela haien eskaera «bidezkoa» dela. Baita haien lanbidea legeak erretiro adina aurreratzeko aurreikusten dituen «neke» eta «arrisku» irizpideetan sartzen dela ere.

ELAk eta LABek ez dute bat egin grebarekin, eta horrek grebaren arrakasta mugatu du. Hala ere, Gonzalezen eta Garciaren esanetan, grebaren erantzuna bat dator EAEn bidaiarien garraioan duten ordezkaritzarekin, «%65-70 ingurukoa». 

Arriskua

Bilboko kontzentrazioko pankartan autobus gidarien heriotzak salatu dituzte, sektoreko istripu kopurua handia delako, UGTko Garciaren esanetan: «Gidari lanak arriskuak ditu, ez bakarrik langileentzat, baita bidean doazen pertsona guztientzat ere». «Gaur egun autobus batekin hirigune batean ibiltzeak estres maila izugarria eragiten du, eta horrek ekartzen duena ekartzen du», gehitu du CCOOko Gonzalezek.

Biek esan dute dagokien zerbait eskatzen ari direla, eta gizarteak eskaera ulertzen duela: «Kamioi bat, autobus bat edo mota horretako edozein ibilgailu gidatzen duen langile batek, 65 urterekin, gaitz batzuk ditu, eta baita gabeziak ere, garai bateko erreflexuekin eta gaitasunekin alderatuta». Erreflexu eta gaitasun horiek beharrezkoak dira gidatzeko orduan, «baina despiste txikienak ere ezbehar oso larria eragin dezake». Zehaztu dute 55 urtetik gorako autobus gidarien gaixoaldien kopurua beste adin batzuetan ohi den baino %70 eta %80 handiagoa dela.

Hurrengo greba egunak azaroaren 11n, 28an eta 29an eta abenduaren 5ean eta 9an izango dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.