Trafiko istripu larria izan zen Lizarran (Nafarroa) 2020ko urtarrilean. Gizon batek gidatzen ari zen autobusaren kontrola galdu zuen, eta auto bat jo; bertan zeuden bi ume txiki hil ziren, eta haien ama larri zauritu zen. Iruñeko epaitegiak bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ipini berri dio gidariari, eta, gainera, hiru urtean ezingo du motordun ibilgailurik gidatu. Epaia oraindik ez da behin betikoa, eta helegitea jar dakioke.
Zehazki, gizonari zera egotzi diote: bi delitu zuhurtziagabekeria larriagatik bi heriotza eragiteagatik, eta bi delitu zuhurtziagabekeria larriagatik lesioak eragiteagatik.
Epaiaren arabera, 2020ko urtarrilaren 19an Logroñotik (Espainia) Iruñerako ibilbidea egiten ari zen gidaria; aurrez egina zuen bidea beste autobus batzuetan, baina lehenengoz ari zen autobus jakin hori gidatzen. Gehienez ere orduko 40 kilometroko abiaduran gida zezakeen eremu batetik sartu zen Lizarrara; alabaina, moteldu beharrean, azeleratu egin zuen. Horregatik, istripua izan zuen, auto bat jota; ibilgailu hori «txiki-txiki eginda» utzi zuen, eta bertan zihoazen bi ume hil ziren, baita haien ama zauritu ere. Autobusa ez zen gelditu, eta beste emakume bat ere zauritu zen. Epailearen arabera, gidaria ez zen aritu «egoerak exijitu bezainbesteko arretaz».
Iazko apirilean egin zuten epaiketa. Fiskaltzak hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, absoluzioa.