Gaurkoa bezalako egun batez, 1992ko apirilaren 22an, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu zuen Gipuzkoa eta Nafarroa lotuko zuen autobidearen behin betiko ibilbidea. Horrekin amaitu zen sei urte luze iraun zuen Leitzarango gatazka deiturikoa, liskar eta tentsio iturri izan zena eta Euskal Herriko egoera politikoa gogor astindu zuena. Hasieran gatazka ekologista izan zenak, autobidearen hasierako ibilbideak Leitzarango bailaran sortu behar zituen kalteen inguruko eztabaidak eta horren aurkako protestak, oso norabide desberdina hartu zuen azken urteetan, eta bestelako arazoak ere azaleratu zituen: herri mugimenduen eta instituzioen arteko kontraesana, indarkeriaren auzia, negoziazioaren eta akordioaren aukerak eta zailtasunak eta, oro har, orduko egoera politiko korapilatsuaren gako nagusiak. 30 urte bete dira atal hura itxi zenetik.
Gatazka askoz lehenagotik zetorren. Gipuzkoa eta Nafarroa lotzeko autobidearen egitasmoa 1976koa zen, eta horren kontrako lehen bilkura eta mugimenduak Andoainen (Gipuzkoa) izan ziren, 1977an. Proiektuaren kontrako lehen kanpaldia 1980an antolatu zuten, Andoainen.
1986ko apirilean sortu zen AAK Autobiaren Aurkako Koordinakundea, eta uztailean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak akordioa sinatu zuten, Irurtzun (Nafarroa) eta Andoainen arteko autobia egiteko. Horrekin batera areagotu ziren mobilizazioak, alegazioak, eragileen adierazpenak eta abar.
Koordinakundearen eskaerak argiak ziren: egitasmoa gelditzea, aukeren analisi teknikoa, informazio publikoa eta erabaki demokratikoa galdeketa baten bidez. Leitzaran babestea proposatzen zuten, autobidea handik pasatzea saihestuz eta parke natural izendatuz.
Bittor Aierdi (Iruñea, 1963) 1986ko udaberrian hasi zen AAKrekin harremanetan, soziologia ikasketak amaitu berritan: «Mario Gabiria soziologoarekin lanean nengoen proiektu batean. 'Etorri Lekunberrira, bilera batera, asko ikasiko duzu', esan zidan. Eta uste baino askoz gehiago ikasi nuen. Hasieran gaztetxoak ginenok, laguntzaileok, denborarekin ardura handiak hartu genituen».
Lurraldea alternatiba
1988ko azaroaren 11n Koordinakundeak Lurraldea izeneko alternatiba aurkeztu zuen, eta 1990eko martxoan, horren garapen teknikoa. Hori berrikuntza handia izan zen Euskal Herriko gizarte mugimenduen historian: lehenengo aldiz, gizartetik sortutako mugimendu batek, egitasmo zehatz baten kontrako jarrera erakusteaz gain, horren ordezko izan zitekeen proiektu alternatibo bat aurkeztu zuen.
Mario Zubiaga politologo eta EHUko irakasleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1963) xehe aztertu du Leitzarango gatazka, eta horretaz egin zuen doktore tesia, 2008an liburu gisa argitaratu zena. Haren ustez, alternatiba bat aurkeztea mugimenduak ekarritako «berrikuntza nagusia» izan zen, baina ez bakarra: «Berrikuntzak arlo askotan egon ziren: protesta moduetan, gizarteratze prozesuetan, finantzaketa lortzeko bideetan eta abarretan. Oso mugimendu profesionalizatua izan zen, heldutasun handia erakutsi zuena eta oso eraginkorra».
Aierdik gogoratzen du urrats horrek «esfortzu ekonomiko eta tekniko handia» eskatu zuela, eta horren helburua zela «eztabaida berdintasun parametroetara» eramatea: «Eztabaida parekotasunean egin ahal izateko bi proiektu behar ziren aurrez aurre. Mugitzeko beste eredu bat posible zela azaldu nahi izan zuen Lurraldea alternatibak. Kolokan ipintzen zuen eredu klasikoa. Eta balio ekologiko handiko tokien babesaren beharra azpimarratu nahi zuen, batez ere gurea bezalako lurralde urbanizatu eta industrializatu batean».
Baina garai hartako giro politiko liskartsuak asko zaildu zuen gatazkari irtenbide bat emateko aukera. Alde batetik, erakundeek mesfidantzaz ikusten zituzten gizartetik iristen ziren protesta eta aldarrikapenak, instituzioen zilegitasuna kolokan jartzen zutelakoan. Beste aldetik, gatazka politikoa puri-purian zegoen: 1988ko urtarrilaren 12an HB ez beste alderdi politikoek Ajuriaeneko ituna sinatu zuten, eta horrekin demokraten eta biolentoen arteko dikotomia ezarri zen, bai eta azken horien multzoan sartzen zituzten eragile politiko eta sozialak bakartzeko ahaleginak finkatu ere.
1989ko udazkenetik aurrera, eskaera nagusia zen obrak geldi zitezela, Lurraldea alternatibaren alde teknikoak garatu ahal izateko. Lanen geldialdi hori lortzeko, erresistentzia pasibo eta indarkeriarik gabekoaren bidetik jo zuen AAK-k, adibidez obrak egin behar ziren lekuan kanpaldiak eginez, zuhaitzak landatuz eta abar, baina garai hartan sabotajeak ere ugaldu egin ziren.
Orduan gertatu zen ETAren esku hartzea gatazkan. Irailaren 17an argitaratutako agiri batean, ETAk bere gain hartu zuen eztanda egin ez zuten zenbait lehergailu jarri izana, eta bat egin zuen lanak gelditzeko eskaerarekin.
De facto, obrak gelditu egin ziren, baina polarizazioa eta erradikalismoa areagotu egin ziren. Hurrengo hilabeteetan ugaldu ziren sabotajeak, atxiloketak, Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren oldarraldiak mobilizazioen kontra, salaketak, eta bateko eta besteko adierazpen gogorrak.
«ETA sartzeak eta ekintza biolentoek beste maila batera eraman zuten gaia», azaldu du Aierdik. «Garrantzi handiagoa hartu zuen: une batetik bestera estatu mailako arazo bihurtu zen, eta guztiek jarri zioten arreta gaiari. Ardura handia erori zen mugimenduaren gainean. Oso argi esan nahi dut: ahalik eta esfortzurik handiena egin genuen gatazka hura modu baketsuan amai zedin, ahalik eta lasterren».
Hori nabaria da mugimenduak izan zuen bilakaeran. Aurrerantzean, egitasmo baten edo bestearen defentsan tematu beharrean, Lurraldea koordinakundeak —izen hori hartu baitzuen 1990eko maiatzetik aurrera— erabakiak hartzeko prozeduraren inguruan ardaztu zuen bere diskurtsoa: inposizioari uko egitea eta edozein aterabide eragile sozialekin adosteko beharra.
Hura ere garaiaren ondorio izan zen. Aierdik gogorarazten duen moduan, Espainiak 2006an onartu zuen ingurumen gaietan informazioa, parte hartzea eta justiziarako sarbidea arautzen duen legea, baina ideia horiek oso urrun zeuden orduko kultura politikotik: «Orduan antisistema eman zezakeena orain guztiz araututa dago legez. Gatazka honen antzeko askok ekarri zuten gaurko informazio eta gardentasun prozedura, orain guztiz normalizatuta dagoena».
Horregatik, Zubiagak uste du «mugimendu bakarrean hiru mugimendu» daudela autobiaren kontrako oposizioaren historian: lehenengoak «identitatearen logikari» jarraitzen dio eta «izaera antidesarrollista» du; gero, «autobiarik ez esatetik, autobia egitasmo honi ez esatera pasatu zen, eta bere alternatiba propioa landu zuen»; «kontraboterearen eredua» deitzen dio Zubiagak horri. Eta, azkenik, «eraginaren logikan» murgiltzen da, ibilbidean aldaketak eraginez eta hobekuntzak sartuz: «Erakundeekin elkarlanean aritzen den agente bilakatzen da».
Pitzadurak gotorlekuan
Azkenean, pitzadurak agertu ziren autobiaren aldeko gotorlekuan, eta horrek atea zabaldu zion konponbideari. Gatazka gordinen azaleratu zen urteetan, Ajuriaeneko ituna sinatu zuten alderdi guztiek aho batez defendatu zuten autobiaren ibilbide ofiziala, baina EAko Imanol Murua zen Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta alderdi horri egokitu zitzaion jarrerarik irmoena erakustea. 1991ko maiatzean udal eta foru hauteskundeak egin zituzten, eta Gipuzkoan berdinketa egon zen: HBk, EAk eta EAJk hamabina batzarkide lortu zituzten, baina EAk lau galduta, eta EAJk sei irabazita. Eli Galdos jeltzalea izendatu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi, EAJk PSE-EErekin egindako akordioaren ondorioz.
Antza denez, EAJren kide batzuen auzia bideratzeko kontaktu eta ahaleginak lehenagotik zetozen: «Ez dakit inoiz jakingo dugun zer gertatu zen xehetasun guztiekin», azaldu du Zubiagak, baina, haren ustez, argi dago «lehia mekanismoak garrantzi handia» izan zuela. «Garai hartan EAJ oso ahul zegoen Gipuzkoan, eta EA, aldiz, oso indartsu, eta hark zeukan Foru Aldundiaren ardura instituzionala. Lehia mekanismo horren arabera EAJk ikusi zuen aukera ona zela EA bere aginte posiziotik lekutzeko, eta erabaki zuen zuzenean negoziatzea Lurraldearekin eta, antza denez, horren inguruko beste eragile soziopolitikoekin ere».
1991ko abuztuan Galdosek eta Lurraldea koordinakundeko bozeramaile Jonan Fernandezek akordio bat lortu zuten ibilbidearen inguruan. Ajuriaeneko ituna osatzen zuten gainerako alderdiek gaizki hartu zuten albistea, batez ere EAk, eta azaroan akordioaren aukera zapuztu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Baina apirilean iritsi zen behin betiko akordioa, PSE-EEk ere oniritzia emanda. Hilabete batzuk geroago, abuztuan, Nafarroan ere akordioa egon zen Axitarteko igarobideaz.
Aierdiren arabera, «elkarrizketa zintzoa» izan zen hura: «Denok mugitu ginen, akordio guztietan bezala. Esperientzia pozgarria izan zen. Denok bete genuen gure hitza. Uste dut denok irabazi genuela».
Zubiagaren arabera, akordio hark Ajuriaeneko itunaren logika apurtu zuen, eta «erakundeen eta sektore politiko zabal baten artean zegoen lubaki hori gainditu eta negoziaziorako ate bat zabaldu» egin zuen: «Hipotesi bezala, planteatu daiteke Lurraldearen eta erakundeen arteko akordioa Lizarra-Garaziko prozesuaren aurrekari bat ote den».
Hiru hamarkada geroago, irakaspenik atera al daiteke orduan gertatutakotik? Aierdiren ustez, hark erakutsi zuen gizartearen parte hartzeak «proiektuak hobetu eta gatazkak murriztu» egiten dituela, eta indarkeriak, berriz, «gasolinak suari bezala» eragiten diola gatazkari: «Nik uste dut denok ikasi dugula. Segur aski, berriro gertatuko balitz, gauzak hobeto egingo genituzke denok. Orduan, kontsentsuaren kultura ahulagoa zen. Gatazkak luzatuta, denek galtzen dute; akordioetan denek irabazten dute».