CIC Energigune ikerketa zentroko teknologia koordinatzailea

Roberto Pacios: «Auto elektrikoetan erabiltzen diren bateriak merkatuko seguruenak dira»

Bateria elektrikoak erabiltzen dituzten auto eta patineteak gero eta ohikoagoak dira, eta, horiekin batera, bateria horiek kargatzeko guneak ere asko ugaldu dira. Horrek ekar ditzakeen arriskuen inguruko jardunaldi bat egin dute Bilbon.

Roberto Pacios, CIC Energigune ikerketa zentroko kidea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Roberto Pacios, CIC Energigune ikerketa zentroko kidea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko uztailaren 9a
05:00
Entzun

Azken bolada honetan asko ugaldu dira bateria elektrikoak dituzten auto eta patineteak. Ekainaren 11n, bateria horiek su hartzearen inguruko jardunaldi bat egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon, eta zenbait adituk parte hartu zuten; horietako bat izan zen Roberto Pacios (Gasteiz, 1974); CIC Energigune ikerketa zentroko teknologia koordinatzailea da biltegiratze elektrokimikoaren arloan: «Oso interesgarria izan zen, gu normalean laborategian aritzen baikara, eta aukera eman zigun auziaren alde praktikoari aurre egin behar dioten suhiltzaileekin harremana izateko».

Sua piztea ohikoagoa da bateria elektrikoetan beste mekanismo batzuetan baino?

Bateria horiek ugaltzen ari dira, eta gero eta gehiago dira horrelakoak erabiltzen dituzten tresnak; beraz, eta probabilitate kontu huts batengatik, normala da ezbeharrak ere gehiago izatea. Baina estatistikei erreparatzen badiegu, ez da kezkatzeko moduko kontu bat: auto elektrikoetako suteak gutxiago dira besteetan baino. Horrek ez du esan nahi neurri guztiak hartu behar ez direnik arriskuak ahalik eta gutxien izan daitezen, baina arazoa ez da beste teknologia mota batzuekin daukaguna baino handiagoa.

Eta zein izaten da sua piztearen arrazoi nagusia?

Auto elektrikoek su hartzen duten gehienetan, arazoa ez dator bateriatik; sutea kanpoan sortzen da, eta azkenean bateriari eragiten dio. Kasu batzuetan gerta daiteke sua baterian piztea; horrelakoetan, bateriaren tenperatura igo, horren ondorioz bero handiagoa sortzen duten erreakzio kimiko batzuk gertatu, gasak metatu, eta azkenean sua pizten da.

Posible da erabiltzaileen jarduera desegokiak egotea sute horien atzean?

Teorian, bai; bateria baldintza jakin batzuetan kargatuz gero, ezbeharra izateko aukerak handiagoak dira. Bateriarako sarbide zuzena izango bagenu eta kargatzeko prozesua oso azkarra balitz, sutea pizteko aukerak gehiago lirateke. Baina, praktikan, bateria horiek segurtasun sistema elektroniko batek kontrolatuta daude, eta horrek asko murrizten dio erabiltzaileari esku hartzeko aukera. Sistemaren softwareak asko mugatzen du hori.

«Auto elektrikoek su hartzen duten gehienetan, arazoa ez dator bateriatik; sua kanpoan sortzen da, eta azkenean bateriari eragiten dio».

Bateria elektrikoetan piztutako suteek ba al dute ezaugarri berezirik?

Nik, batez ere, bi nabarmenduko nituzke: batetik, azkenean sutea eragiten duten erreakzio kimikoak sua piztu baino askoz lehenago gertatzen dira, eta erreakzio horiek gasak askatzen dituzte, sua piztu aurretik ere. Horrek esan nahi du sutea gertatzen denerako normalean giroa jadanik kutsatuta egoten dela, eta itzaltzean segurtasun neurriak hartu behar dira.

Bigarren ezaugarria da erreakzio kimiko horiek substantzia toxikoak askatzen dituztela. Suhiltzaileek ura botatzen dutenean sutea amatatzeko, substantzia horiek uretan gelditzen dira, eta, printzipioz, ez da komeni ur horiek zuzenean naturan isurtzea aldez aurretik aztertu eta araztu gabe.

Sakelako telefonoen ugaltzeak ekarri du etxeetan ere bateria elektrikoak gero eta gehiago izatea.

Teknikoki, bateria horiek eta auto elektrikoetakoak berdin-berdinak dira. Egia da autoetan segurtasun neurriak handiagoak direla, eta, beharbada, horrelako tresnetan erabiltzaileak esku hartzeko aukera handiagoa da auto elektrikoetan baino. Auto elektrikoetan erabiltzen diren bateriak merkatuko seguruenak dira. Baina patineteekin, adibidez, gerta daiteke denda batera konpontzera eramatea eta han bateria irekitzea; hori askoz zailagoa da autoetan. Manipulazio hori arriskutsua izan daiteke: gazte batzuek patinetea trukatzera eramaten dute, azkarrago ibil dadin, eta baliteke horrek geroago arazoak ematea. Jardunaldietan, suhiltzaileek kontatu zuten bazirela horrelako kasu batzuk, bateria manipulatu ostean patinetean sua piztu dena.

Eta egiazkoak dira hortik zehar entzuten diren kontuak? Adibidez, ez dela komeni sakelako telefonoa erabiltzea bateria kargatzen ari den bitartean...

Gehienak mitoak dira, sakelako telefonoek ere badituztelako kontrol sistemak. Normalean, telefonoa arazorik gabe erabil daiteke kargatzen ari den bitartean.

Zenbait lekutan, segurtasun arrazoiak direla medio, galarazita dago patineteak garraio publikoan eramatea. Zure ustez, zentzuzko neurria da hori?

Ez dakit zehatz-mehatz zein den neurri horren helburua, baina segurtasunaren ikuspegitik ez dut uste justifikatuta dagoenik: patinetea garraio publikoan eramaten dugunean, bateria ez dago kargatzen, eta, praktikan, deskonektatuta egongo balitz bezalaxe da. Kontua da arlo hori ez dagoela arauturik, eta, badaezpada, mundu guztiak nahiago du zuhur jokatu; esaera zaharrak dioen moduan, zauria sendatzea baino, ez egitea hobe.

«Segurtasunari dagokionez, ikerketa lanaren xede nagusia da material seguruagoak topatzea. Guk oso aurreratuta daukagu alor horretako ikerketa ildo bat»

Bateria elektrikoa erabiltzen duten ibilgailuak ugaltzeaz batera, kargalekuak ere toki askotan jarri dituzte, aparkalekuetan adibidez. Aparteko arriskurik dakar horrek?

Dagozkion segurtasun neurriekin eginez gero, ez. Hor ere, arazoa da ez dagoela horretarako arautegi berezirik. Auto elektrikoei dagokienez, jende guztiak nahi du bateria ahalik eta azkarren kargatzea, baina, horretarako, potentzia handitu behar da, eta potentzia handitzeaz batera, arriskuak ere handitzen dira. Arautegi bat behar da, potentzia eta azpiegitura horien kokapena erregulatzeko.

Teknologiak nola lagundu dezake arrisku horiek guztiak gutxitzeko?

Segurtasunari dagokionez, ikerketa lanaren xede nagusia da material seguruagoak topatzea. Adibidez, normalean telefono eta autoetan erabiltzen diren baterietan badago osagai bat, elektrolitoa, eta likidoa da. Elektrolitoa suharbera da, eta, likidoa izanik, beti egoten da arriskua isuriren bat izateko. Gaur egungo ikerketa lerroetako bat da horiek ordezkatzeko elektrolito solidoak garatzea, inerteak, su hartuko ez dutenak eta kolperen bat hartuz gero isuririk izango ez dutenak. Guk, adibidez, oso aurreratuta daukagu alor horretako ikerketa ildo bat. Beste bat da anodo eta katodoetarako material berriak garatzea, oxigenoaren aurrean hain erreaktiboak izango ez direnak eta tenperatura beroagoak hartzeko gai izango direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.