Austeritatearen eta militarismoaren Europari buruz

Europako Parlamenturako bozen kanpainako debatea egin dute ETB1en. Ohartarazi dute austeritatea susper litekeela, militarismoaren gorakadarengatik.

Europako parlamenturako bozak. ETB debatea
Iturgaiz, Agirregoitia, Barrena, Esnaola, Lainez, Larrea eta Etxebeste, atzoko debatea hasterako. EITB
gurutze izagirre intxauspe
2024ko maiatzaren 29a
07:25
Entzun

Ekainaren 9ko Europako Parlamenturako bozen euskarazko lehen hauteskunde eztabaida egin zuten bart, ETB1en. Europako funtsak, ardatz atlantikoa indartzea eta militarismoaren gorakadarako arriskua izan zituzten hizpide nagusi.

EAJren izenean Oihane Agirregoitiak hartu zuen parte; EH Bilduren izenean, Pernando Barrenak; PSOEren izenean ez zuen Idoia Mendiak parte hartu —hamargarrena da zerrendan—, Maider Lainezek baizik —28.a da, eta inkesten arabera ez du eserlekurik lortuko—; PPren izenean, Carlos Iturgaizek —24.a da zerrendan—; Sumarren izenean, Andeka Larreak —35.a da zerrendan—; eta Podemosen izenean, Miren Etxebestek —ez dago zerrendan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Podemosen eleduna baita—. Inkesten arabera, Barrenak ziurtatua izango du ekainaren 9ko hauteskundeetan eserleku bat lortzea, Orain Errepublika koalizioarekin; eta Oihane Agirregoitiak ere bai, CEUS koalizioarekin. Besteek zail edo ezinezko dute.

Odei Esnaola moderatzaileak jarritako hiru gai nagusiren gainean aurkeztu zituzten proposamenak. Debate gutxi izan zen, eta gaietan sakontzeko betarik apenas eman zuen ordubete pasatxoko saioak. Proposamen asko irakurri egin zituzten parte hartzaile batzuek. Amaierako mezuan, eskuin muturraren goraldia geratzeko eskatu zuten Iturgaizek ez beste guztiek, era batera edo bestera. Militarismoaren gorakadak austeritate politikak susper ditzaketela ohartarazi zuten gehienek. Euskararen ofizialtasuna Agirregoitiak eta Barrenak bakarrik eskatu zuten.

Ekonomia

Agirregoitiak hasi zuen saioa, esanez lehen sektorea defendatzea dutela lehentasun. Europako Batasunetik Espainiako Gobernura bideratu diren Next funtsak zuzenean kudeatzeko eskatuko dute, «eredu orekatu bat lortzeko». 

Barrenak ohartarazi zuen Europako Parlamentuan gero eta ozenago entzuten dela gastu militarra handitu beharko dela: «Eta horrek esan nahi du austeritate gehiago izango dela». Hori iragartzen ari direlakoan dago, eta onartezintzat jo du: «Ezin dugu onartu politika horiek gutxien dutenen mende egitea».

Bestetik, EBk deskarbonizazio helburu batzuk bete behar dituela esan zuen, baina gastu militarra igotzeak deskarbonizazioan ekar dezakeen atzerapenaz ohartarazi zuen, «zenbait lobbyk atzeratzeko aitzakia gisa balia dezakete deskarbonizazioa, eta EBk industria berdea babestu behar du». Eta kritikatu egin zituen Europatik egiten ari diren merkataritza akordioak, «eurozentristak» direlakoan. «Harreman estraktibistak sustatzen dituzte, eta ez dute giza eskubideen klausula aktibatzen; geopolitika nagusitzen da, adibidez EBk Marokorekin dituen harremanetan, Saharan zer gertatzen ari den jakinda».

Iturgaizek hasieratik jo zuen Sanchezen gobernuaren aurka, eta salatu Europako funtsak ez direla «modu bidezkoan eta gardenean» banatu. Atal guztietan baliatu zuen argudio bera, PSOEren eta PPren arteko lehia bilakatu nahi zuelako eztabaida. Baina bakarrik geratu zen defentsa horretan.

«Itun berdea muturreraino eraman behar da. Europa ezin da AEBen eta Txinaren menpe egon».MAIDER LAINEZ

 (PSE-EE)

Lainezek zehaztu zuen hiru mila milioi iritsi direla Next funtsetatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, eta helburua dela laguntza horiek iraunkor bihurtzea. Ez zuen aukerarik galdu eskuina eta eskuin muturra kritikatzeko. Besteak beste, klima aldaketa eta indarkeria matxista ukatzen dituztela esan zuen, eta halakoekin nekez egingo dela trantsizio ekologiko bat. «Itun berdea muturreraino eraman behar da. Europa ezin da AEBren eta Txinaren menpe egon».

«Austeritaterako soinuak entzuten dira Europatik. Pentsatu behar dugu zer Europa nahi dugun».

MIREN ETXEBESTE (Podemos)

Etxebestek esan zuen bi eredu ekonomiko daudela: gerra ekonomia nahi duena eta bakearen ekonomia nahi duena. Gerra ekonomiak austeritatea ekarriko duela esan zuen, Barrenak esandakoarekin bat eginez. Defendatu egin zituen Next funtsak, pandemiak sortutako krisiari aurre egiten lagundu zutelako inbertsio publikoaren bidez, baina ohartarazi zuen 2026an amaitzen direla: «Austeritaterako prestatzeko soinuak entzuten dira Europatik. Pentsatu behar dugu zer Europa nahi dugun». Halere, kritiko agertu zen funtsen kudeaketarekin, «enpresa pribatuen proiektu erraldoietan geratzen direlako».

Sumarrek ere «kudeaketa demokratikoagoa» eskatu zuen. «Trantsizio ekologikoa behar da, eta hori tokiko erakundeekin hitz eginez egin behar da».

«Trantsizio ekologikoa behar da, eta hori tokiko erakundeekin hitz eginez egin behar da».ANDEKA LARREA (Sumar)

Lehen sektorea

Barrenaren esanetan, arrantza eta nekazaritza «biziraun» beharrean daude, eta lana egingo dute burokrazia arintzeko eta adimen artifiziala garatzen segitzeko; «eta euskarak hizkuntza estrategikoa izan behar du horretan guztian».

Agirregoitiak esan zuen 160 puntuko programan hamar proposamen zehatz jaso dituztela lehen sektorearekin lotuta. Besteak beste, arrantza sektorearen digitalizazioaz aritu zen, burokrazia arintzen laguntzeaz, eta baita abiadura handiko trenaz ere. «Konektibitatea garrantzitsua da. Nahikoa itxaron dugu, eta eskatzen dugu bakoitzak bere konpromisoak betetzeko». Bordele eta Irun arteko lotura egiteko dago. Ardatz atlantikoa lotzeko ezinbesteko jotzen dute hori, eta Jaurlaritzaren lehentasuna izan da Europak Frantzia bultzatzea lotura hori egin dezan, baina Frantziak esana du ez duela lehentasunen artean. Makroeskualde atlantikoa sustatzearen ideia behin baino gehiagotan aipatu zuen Agirregoitiak: «Azken bultzada eman behar diogu; inportantea da, ekonomia guztia Mediterraneo aldera ez joateko. Europako bosgarren makroeskualdea izango litzateke».

«Makroeskualde atlantikoari azken bultzada eman behar diogu. Inportantea da, ekonomia guztia Mediterraneo aldera ez joateko».OIHANE AGIRREGOITIA

 (EAJ)

Agirregoitiak eta Barrenak biek defendatu zuten ardatz atlantikoa, Ipar eta Hego Euskal Herriko lotura sozialak, kulturalak, ekonomikoak eta beste estutzen lagun dezakeelakoan. Baina Barrenak, ardatz atlantikoa defendatzean, itsasoa ere aipatu zuen, «errepideak gainezka daudelako». Uste du ardatz atlantikoa itsasotik indartzea interesgarria izan litekeela merkantziak garraiatzeko, «ze esan ziguten AHTak merkantziak ere garraiatuko zituela, baina hori ere ezin omen da».

Europa

Giza eskubideez eta eskuin muturraren goraldiak izan dezakeen eraginaz aritu ziren puntu horretan. Baita migrazio politikez ere.

Lainezen esanetan, «eskuinak eta eskuin muturrak Europa gobernatzea lortzen badute, arriskuan daude politika feministak, berdeak, sozialak eta aurrerakoiak». Bestetik, txalotu egin zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak atzo Palestinako Estatua aitortu izana. Larreak ere horixe bera egin zuen.

Etxebestek ere txalotu zuen aitortza hori, baina Lainezi egotzi zion Alderdi Sozialistak Israel «lagun» jo izana: «Zeren zain dago harremanak hausteko?».

«Militarismoa eta eskuin muturra dira Europaren etsai nagusiak. Europaren subiranotasun osoa defendatu behar dugu AEBen eta NATOren aurrean».PERNANDO BARRENA

 (EH Bildu)

Barrenak gogora ekarri zuen EH Bilduk eskuinarekin daukan jarrera bera izango duela Europan ere: eskuina joko politikotik kanpo uztearen aldekoa, hain zuzen. Bestetik, esan zuen Ursula von der Leyen EBko buruak iragarri zuela Europak gerrarako prestatu behar zuela, eta iruditzen zaio NATOri eta AEBei men egin izana dagoela adierazpen horien atzean. Baina Euskal Herriak NATOri ezetz esan zion 1986an. «Militarismoa eta eskuin muturra dira Europaren etsai nagusiak. Europaren subiranotasun osoa defendatu behar dugu. NATOren interesak ez dira Europarenak».

Agirregoitiak ere honako hau esan zuen eskuin muturraren aurka: «Faxismoaren kontra gaude. Europa bakea eta giza eskubideak defendatzeko jaio zen, eta rol hori jokatu behar du».

Iturgaizen ustez, bi aukera daude hauteskunde hauetan: «Sanchezen bazkideena edo PPrena. Hauteskunde hauek Sanchezen kontrako gaitzespen mozio bat izan litezke».

«Hauteskunde hauek Sanchezen kontrako gaitzespen mozio bat izan litezke».

CARLOS ITURGAIZ(PP)

Migrazio politikak ere hizpide izan zituzten. Iturgaizek esan zuen migrazio «erregularra» defendatuko dutela. Etxebestek hau erantzun zion: «Zuretzat, dirua daukana da erregularra. Milioi bat euro zeuzkanari zuzenean ematen zenizkioten paperak». 

Barrenak eta Larreak adierazi zuten Europak harrera eremu izan behar duela. Agirregoitiak ere defendatu zuen hori, baina iristen diren migratzaileak «elkartasunezko banaketa mekanismoen» bidez banatzearen alde egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.