«AUSARTU» ZIRENEKOA

Gaur hogei urte itxi zituen 'Egin' egunkaria eta irratia Baltasar Garzon epaileak. Langileen ustez, hark eragindako kaltea ez da konpondu, baina egindakoaz «harro» daude.

''Egin'-eko langile ohi batzuk, itxieraren hamargarren urteurrenean eginiko protestan, kazetaren egoitza izan zen eraikinaren aurrean, Hernanin. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ez zaitez etorri; Polizia sartu da». Telefono dei bat, goizean goiz. Bi esaldi labur horiek, eta ezer gehiago ez. Egin Irratiko arduraduna zen Marian Beitilarrangoitia. «Ohi bezala, irratia piztea izan zen esnatu eta egin nuen lehenengo gauza. Zarata entzuten zen. Biraoka hasi nintzen, arazo teknikoren bat izango zelakoan, lankideren bat lo geratu zelakoan... Berehala jakin nuen zer ari zen gertatzen; ez zen denbora asko pasatu mezu horiek jaso nituen arte».

Gaur hogei urte. Biharamuna iritsi gabe jakin zuten berria gainontzeko lankideek ere. Ospakizun afari bat zuten, eta etxeratu gabe ziren artean batzuk. «Eta ni oporretan, Alacanten [Herrialde Katalanak]», gogoratu du Jabier Salutregi Egin-eko azken zuzendariak. «Dei batek esnatu ninduen. 05:00ak ziren. Uste nuen festan zeuden lankideak izango zirela,txantxetan edo. Ahots indartsu bat zen. Poliziaren inspektore bat zela esan zidan, harro. Baltasar Garzoni pasatuko ziola deia. Epaileak, ea nirekin hitz egitera etor zitezkeen; nik, baietz. Deiari susmo txarra hartu zion Salutregik. «Ez ziren etorri».

Euskal Herrira gerturatuko zuen lehen hegazkinera igo zen, egunkariak Hernanin (Gipuzkoa) zuen egoitza nagusira ahalik eta azkarrena iristeko. Han zenerako, lankideek orduak zeramatzaten. Ikusi zituzten poliziak eraikineko sabaian antenak kentzen. Beste bat atetik ateratzen, kaxa bat besapean, eskuarekin irabazlearen keinua eginez. Eta Jose Maria Aznar orduko Espainiako Gobernuko presidentea, telebistan, Turkiatik. Salutregiren arabera, «Euskal Herriaren historia beltzera» pasatu diren hitzak esaten: «Norbaitek pentsatzen al zuen ez ginela ausartuko?».

Pertsiana operazioa. Izen hori jarri zion Poliziak bere egitekoari. «Nik beti esan dut ez zutela pertsiana jaitsi, igo egin zutela», dio Salutregik. «Gerora etorriko zenaren aurrekaria izan zen Egin-ena. Denaren kontra egin nahi zuten, pertsiana guztiak igo eta indarrez leku guztietan sartzeko: alderdietan, sindikatuetan, tabernetan, komunikabideetan, enpresetan...». Garzonek agindu zuen operazioa. «Dena da ETA» doktrina izango zena abiatu zuen horrela, «dena aurretik eramateko», kazetako zuzendari ohiak azpimarratu duenez.

Berrehun agente arduratu ziren Hernaniko egoitzari eta Iruñeko, Bilboko eta Gasteizko delegazioei giltzarrapoa jartzeaz; eta atxilotzeaz, zuzendaritzako zein administrazio kontseiluko hamabost lagun; Salutregi, astebete geroago, bere kabuz epailearekin hitz egitera joatean. «Egun onak ematen ere ez zidan utzi; haren bulegoaren atean zain nengoela atxiki ninduten». Aske egon zen aurreko egunak, dena den, «oso produktiboak» izan zirela uste du Salutregik. «Agian, horregatik nahi ninduten espetxean», dio, irri maltzur batez.

«Egun bakar bat ere ez ginen egon Egin gabe», azaldu du Beitialarrangoitik. Aterpe bila hasi ziren, propaganda batzordea sortu zuten, langileen egoeraz arduratu zen talde bat... Egunero batzen ziren Hernaniko Eziago poligonoan zegoen egoitzaren aurrean. Egunero, egunkari bat egiteko. «Gu ere ausartu ginen».

Langileek gogoan dute poliziak oraindik egoitzan zirela, Langileak Kudeatzeko Zerbitzuaren buru zen Tomas Arrizabalagak Egin-en ale bat eskuan, hura azkena izango zela esan eta berehala, Salutregik deitu zituela «ahalik eta azkarrena» egunkari bat egitera. Hurrengo egunerako kalean zen Euskadi Información, eta mantxeta horrekin jarraitu zuten, harik eta 1999ko urtarrilaren 30ean Gara-ren aurreneko zenbakia kaleratu zen arte.

«Ez genuen ezer. Dena utzita egin behar izan genuen lan lehen egun haietan», azaldu du Salutregik: kazeta berriaren izena —Alfonso Sastre idazlearena—, ordenagailuak —herritarrenak—, eta egoitzak —tartean, bost urte geroago auzitegi beraren aginduz itxi zuten Euskaldunon Egunkaria-rena—.... Baina «garrantzitsuena» falta zuten: inprimategia. «Horrekin tematu nintzen ni. Ez dut esango elkartasunik eza sumatu nuela, baina bai beldur handia lanbideko kide batzuen artean. Azkenean, ez dakit nola, lortu genuen pertsona bat konbentzitzea, inprenta artisau bat zuena». Lehen egunean, hiru mila ale bota zituzten. Ez ziren nahikoak eskariari erantzuteko; fotokopiak egin eta banatu zituzten hainbat herritan. Arazo ugari topatu zituzten; horretan ere poliziak atzetik zituzten. «Baina zailena eginda zegoen», gogoratu du Beitialarrangoitiak. 'Egin' egingo dugu izan zuten lelo egun, aste eta hilabete haietan.

«Estatu operazioa»

«Egin-en itxierarekin hasten da Espainiako demokraziaren kapitulu beltz eta tristeenetako bat», azpimarratu du Salutregik. Ikerketa zabalago baten parte zen kazetaren aurkakoa; ezker abertzalearekin loturiko eragile politikoak, sozialak eta enpresetakoak sartu zituzten 18/98 sumarioa deiturikoan. Prozesu hori «mugarri» bat izan: «Gauza askoren hasiera izan zen», Beitialarrangoitiaren arabera.

Biek uste dute, baina, une horretan euskal gizartea ez zela jabetu gertatzen ari zenaz. «Parte batek irentsi zuen Espainiako botereen diskurtsoa: Egin ETAren parte zela, eta hori guztia. Gogoratu behar dugu garai hura: Aznar, Mayor Oreja... Epe luzeko operazio bat izan zen, Euskal Herritik ere elikatu zena», dio Beitialarrangoitiak.

Kazetaria ez da kexu herritarren erantzunarekin —«handia» izan zelako laguntza eta elkartasuna—, baina uste du denboran behar izan zutela «benetan gertatzen ari zenaren kontzientzia» hartzeko. «EuskaldunonEgunkaria-ren itxierarekin ireki zituzten begiak askok. Ematen ziren argudioak aitzakia hutsak zirela konturatu ziren. Ikusi zuten zer zetorren atzetik, estatuaren operazio bat zegoela oinarrian».

Salutregi bat dator horrekin. Azaldu du «estatu aparatuek» eraikitako «estrategia» baten parte izan zela Egin-ena, gerora etorriko ziren legez kanporatzeei-eta bidea egiteko, eta aurreneko urrats horietan alderdi jeltzaleko kideek ere «kolaboratu» zutela salatu du. «EAJk ere ireki zuen pertsiana hori, lagundu zuen Egin-en aurkako kriminalizazio kanpainan. Aurrena izan zen gurean publizitate instituzionala ordaintzeari uztea, irratiko lizentziak ukatzea; eta ikusi zutenean arazo ekonomikoei ere aurre egiten geniela, ezin gintuztela isilarazi, etorri ziren buruzagi batzuen adierazpenak gu ETArekin lotuz, Egin-en itxiera eskatuz».

«Zauriak», zabalik

Salutregik argi dauka zergatik itxi zuten Egin. «Deserosoak ginelako, Madrilgo gobernuarentzat eta Gasteizkoarentzat. Beste komunikabideetan azaltzen ez ziren informazioak ematen genituen, ahotsa ematen genien hitz egiten uzten ez zietenei...». Kazetako azken zuzendariak gogoratu duenez, sorreratik bertatik itxi nahi izan zuten Egin. «UCDren gobernuaren ministroen kontseiluan hitz egiten zen horri buruz. Adibidez, papera erosteko diru laguntzak kendu zizkiguten. Baina ez ziren ausartu beste batzuk egin zutena egitera».

18/98 sumarioan 52 lagun auzipetu zituzten denera. Egin-ekin loturik hamahiru zigortu zituzten, eta bi eta 11 urte inguru egin behar izan zituzten preso. 2015eko urriaren 29an irten zen espetxetik Salutregi, zigorra osorik beteta. Egindako kalteaz Espainiako erakundeetatik ez duela ezer espero dio. «Gobernua kolore batekoa zein bestekoa izan».

Beitialarrangoitiak gogoratu du 2009an Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzat jo zuela kazetaren itxiera, baina azpimarratu du horrek ez duela ekarri «justizia, aitortzarik eta erreparaziorik», ez eta «berriz errepikatuko ez den bermerik ere». Egindako minak ez duela «atzera bueltarik» dio, kartzela urteak gogoan. Eta orduan irekitako «zauri» asko itxi gabe daudela oraindik ere. Horrekin loturik, gogoratu du Garzon epaileak Gara egunkariaren bizkar utzi zuela Egin-ek Gizarte Segurantzarekin zuen ustezko zorra, 4,7 milioi eurokoa. «Egin-k ez zion utzi pagatzeari, beste enpresa asko zeuden antzeko egoera batean zegoen. Gainera, Gara-ri ez dagokio hori kentzea».

Salutregik uste du Garzonek erabaki horrekin hasieratik «ito» egin nahi izan zuela sortzekoa zen komunikabide berria. Horrez gain, eta, oro har, Egin-en kontrako operazioa «kazetaritza askearen» aurkakoa ere izan zela ondorioztatu du. «Egin-en ondoren saiatu dira komunikabide guztiak azpiratzen; diru laguntzekin, edukietan eragin nahi duten legeekin —Mozal legea-eta—... Geroz eta gehiago nabari da diodana».

Nolanahi den, Salutregik uste du «Egin, Egunkaria eta itxi zituzten besteak» arrasto sakona utzi zutela, « abentura miragarriak» izan zirela, eta «baliagarriak» direla aurrera begira martxan jarri nahi diren proiektu informatibo eta kulturalentzat. «Galdu genuen herri proiektu bat, herri hau ulertzeko modu bat. Baina etorriko dira besteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.