Lokarriren bitartez Belfastera (Irlanda) bidaia egin duten joera politiko anitzetako gazteek elkarrizketak hasteko eta adoretsuak izateko eskatu diete alderdi politikoei: «Bidaia honetan parte hartu dugunok ezberdinarekin elkartu eta elkar entzuten ausartu gara. Ordezkari politiko guztiei dei egiten diegu, gure ereduari jarraituz ausartak izan daitezen eta hitz egitera eser daitezen». Horrez gain, bidaian sortutako «elkarrizketa gunea» mantentzeko asmoa agertu dute, «foro barneratzaile, iraunkor eta erregularra izan dadin, hitzarmen eta proposamen zehatzak lortu ahal izateko».
Gazte horiek abenduaren 1etik 4ra Irlandan izan dira, Adiskidetzearen zubiak eraikiz proiektuaren barnean, eta agerraldia egin dute Lokarrik Bilbon duen egoitzan, bidaian ateratako ondorioak plazaratzeko. Prentsaurrekoan izan dira Batiste Ezeiza (Euskadiko Gaztediaren Kontseilua), Andoni Rojo (Gazte Independentistak), Jonathan Martinez (Alternatiba), Maider Karrere (Gazte Abertzaleak), Mikel Anderez (Iratzarri) eta Maialen Lizarralde (Lokarri). Euskadiko Gazte Sozialisten ordezkari Koldo Gutierrez ezin izan da bertan egon lan arrazoiengatik, baina argitu du ados dagoela irakurri duten adierazpenarekin.
Hiru ikasgai nagusi motxilan
Bidaian, Irlandako bake prozesuan parte hartu zuen hainbat eragilerekin batzartu dira gazteak. Hala, modua izan dute elkarrizketa politikoaren, memoriaren, biktimen eta justiziaren arloetan komunitate katoliko eta protestanteetako ordezkariek izandako esperientzia ezagutzeko. Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak «oso ezberdinak» direla ondorioztatu duten arren, Belfasten izan direnentzat «oso garrantzitsua izan da orain dela gutxira arte etsaitzat hartzen ziren pertsonak gela berean esertzeko gai direla egiaztatzea». Kontu jakin horri dagokionez, etorkizunean bi prozesuen arteko analogia egin ahal izateko itxaropena adierazi dute: «Haiek gai izan badira, gu ere hala izango gara». Gero aitortu dutenez, bidaia lagungarria izan zaie jarrerak hurbiltzeko. «Elkar ulertzeko lagundu digu, eta baita gutako bakoitzaren beldur, arrazoi eta jomugak hobeto ulertzeko ere». Gainera, bizipen horiek euren erakunde politikoetan zabaltzen ere saiatuko dira. Hiru ikasgai nagusi atera dituzte Irlandan egindako bileretan. Alde batetik, bake prozesuak aurrera egiteko konpromisoak duen garrantzia aipatu dute. Bestetik, «iragana adorez lantzea» oinarrizkoa da, haien ustez, «etorkizunean berriz ere ez errepikatzeko». Azkenik, gizarte osoa prozesuan inplikatu beharko litzatekeela adierazi dute. Adostasun politikoak, gehiengo demokratikoaren errespetua eta joera politiko guztien parte hartzea «giltzarriak» dira, haien iritziz, «baina bake prozesu bat gauza askoz zabalagoa da, gizarte osoa barnean hartu behar duena, eta, jakina, baita gazteak ere».
Belfasteko sentipenak
Karrererentzat, Irlandako talde armatuetako kide ohiekin egindako mahai ingurua izan da bidaiako esperientziarik zirraragarriena, «gogorra» eta «polita» aldi berean. «Euren esperientziak kontatu dizkigute; hitzarmenen edukiari buruz hitz egin digute; gizartea eta prozesua nola ikusten duten esan digute». Rut Martinezi, ostera, deigarria suertatu zaio «komunitateen arteko banaketa soziala». «Horrek erakutsi digu Irlandan prozesu politikoa askoz aurreratuagoa dagoela prozesu soziala baino».
Ausartak izateko eta hitz egiten hasteko eskatu diete gazteek alderdi politikoei
Prozesuak aurrera egin dezan, hiru ikasgai atera dituzte Belfastera egindako bidaiatik zenbait joera politikotako gazteek«Elkarrizketa gunea» mantendu nahi dute, eta foro «iraunkor eta erregularra» eratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu