Bi urte eta bost hilabete egin ditu Arantza Quirogak EAEko PPko presidente gisa. Kargua hartu zuenetik, alderdian trantsizio bat egiten ahalegindu dela azaldu du, «erresistentziatik, eragina izatera» pasatzeko. Argi aitortu du orain: «Porrot egin dut horren aldeko borondateak biltzeko saioan». Alderdiak hala aginduta egon da isilik astebetez, baina ahoan bilorik gabe eman zituen dimisioaren arrazoiak, atzo, PPren Donostiako egoitzan egindako agerraldian. Presidente izan den denboran ez zaio liskarrik falta izan Quirogari, eta, berak azaldu duenez, Eusko Legebiltzarrean Askatasun eta Bizikidetza lantaldea sortzeko proposamenarekin gertatutakoa izan da egoera «lehertu» duen azken gertaera.
Autokritika egin du horretan, baina bizikidetzari buruzko lantaldea sortzeko ahaleginean berretsi da Quiroga: «Mila eta bat aldiz aurkeztuko nukeen mozioa». PP bizikidetzaren alde borrokatu dela nabarmendu du, eta hori dela oraindik ere euskal gizartearen «ikasgai nagusia». Bide horretan, ausardia eskatu die alderdiaren gidaritza hartuko dutenei, pauso bat aurrera egin dezaten: «[EAEko] PP abangoardia izan da urte askoan terrorismoaren aurkako borrokan, asko kosta zaigu, eta PPk izan behar du abangoardia bakezko bizikidetza bilatzen ere, askatasunez, terrorismoari zilegitasuna kenduz, egiatik eta biktimekiko justiziatik».
Joan den asteazkenean iragarri zuen Quirogak berak atzera bota zutela legebiltzarreko proposamena, eta ostegun goizean jakinarazi zion dimititzeko asmoa PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedali —haren apustua izan zen, Antonio Basagoiti joan zenean, Quiroga EAEko PPko presidente izendatzea—. Atzo arteko epea emanda, erabakiaren inguruan «hausnartzeko» eskatu zion De Cospedalek. Asteartean ere bildu ziren biak, eta berriz galdegin zion idazkari nagusiak erabakiaz pentsatzeko. Alderdiaren esana bete bai, baina hasierako jarrera mantendu du Quirogak: «Denbora honetan, hartutako erabakian berretsi naiz».
Kazetariz eta kameraz betetako aretoan, Quirogak ez du ezkutatu bizikidetza lantaldearen proposamenarekin gertatu dena: «Eskatu egin zidaten erretiratzeko, agerikoa da». EH Bilduk izandako jarrera «alderdikoa» aipatu zuen urriaren 7an atzera egiteko arrazoi nagusi gisa, koalizioak mozioa «garaipen gisa» hartu izana. Hori ez du ezeztatu, baina arrazoi nagusiak beste batzuk zirela argi geratu da Quirogaren azalpenean. «Ez da justua EH Bilduren jarrerari bakarrik egoztea gertatu dena». Alderdian zituzten desadostasunak eta kanpoko presioak aipatu ditu; gehienbat Madrilgoak, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak ere bai. «Egunkariren baten azal faltsua» jarri du adibide gisa: «EH Bildurekin akordioa egitea ere leporatu didate».
«Bizikidetzaren haziak»
Desadostasunak desadostasun, Quirogak esan duenez, berez ez zen hainbesteko berrikuntza bizikidetza lantaldea sortzeko proposatutako testua. Horren erakusle moduan aipatu zuen, esaterako, «zoru etikoa» onartu izana. PPren mozioan bezala, terrorismoari zilegitasuna kentzea aipatzen zen han ere. Gaitzestearen ordez, arbuioa eskatzen zuen PPren azken proposamenak. Quirogaren hitzetan, hori da «azkenaldian erabiltzen ari zen hizkera». Bere jarrerarekin «minduta» sentitu direnei edo hori «ulertu ez dutenei» barkamena eskatu die Quirogak; bereziki, ETAren biktimei.
Hala ere, «zintzotasunez» aritu dela esan, eta egindakoaz ziur agertu da EAEko PPko presidente ohia. «Hori da bidea, eta konbentzituta nago: orain ez bada, denbora batera egingo da». Bizikidetza lantzea «betebehartzat» hartu duela azaldu du, eta horretarako tresna zela mozioa. «Ulertzen dut egoera, baina zerumuga hori hor dago». Horretan, gizartea «oso aurretik» doala aitortu du, alderdi politikoei enkargua utzita: «Ez ditugu etorkizuneko indarkerien haziak erein behar, bizikidetzarenak baizik». Bereziki, PPri bota dio begirada: «Gu gara ekarpen gehien egin dezakegunak etorkizuneko bizikidetzan».
Ibilbideaz harro
PPren zuzendaritza eta Eusko Legebiltzarreko aulkia utzi arren, alderdiko militante izaten jarraituko duela argitu du Quirogak. Espainiako Gorteetarako bozetarako, Mariano Rajoyren aldeko botoa eskatuko duela. Alderdian aritu den hogei urteez harro agertu da, eta eskerrak eman dizkie alderdikideei, egunotan berarekin izan duten jarreragatik. Batez ere, PPko eta EAEko PPko idazkari nagusiei: Maria Dolores de Cospedali eta Nerea Llanosi, izandako «leialtasunagatik».
EAEko PP. Quirogaren dimisioa
Ausardia eskatuz esan du agur
Dimititu egin du EAEko PPko presidente Arantza Quirogak.Alderdian trantsizioa egin nahi zuela azaldu du: «Porrot egin dut».Bizikidetzarako mozioa defendatu du: «Mila aldiz aurkeztuko nukeen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu