Sare Herritarrak «giltzen olatu» bihurtu nahi du Bilbo larunbatean. Plataformako eledun Nahikari Iturbek azaldu duenez (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1984), urruntzea eta sakabanaketa amaitu arren, salbuespenak ez dira eten. Hala, adierazi du mobilizazioak balio behar duela erakusteko gizartearen gehiengoaren aldarria dela salbuespen politikak amaitzea.
Aldaketa urtea izan zen iazkoa. Urruntzearen eta sakabanaketaren amaieraren ostean, orain zer?
Salbuespenezko espetxe politika amaitzea litzateke hurrengo pausoa. Egia da aurrerapauso nabarmenak eman direla, baina, salbuespenak indarrean jarraitzen duen bitartean, eskubide urraketak izango ditugu aurrerantzean ere.
Bide horretan, Konponbiderako giltzak manifestua aurkeztu duzue. Non dago giltza?
Sareren hastapenetatik, lanketa kolektiboa izan da lanerako oinarria. Bake integral baten aldeko pausoak emateko, euskal gizarteak joan behar du konponbiderako ateak irekitzen. Giltza bere eskuetan dagoela irudikatu nahi izan dugu dinamika honekin.
Uste duzue gizartearen gehiengo batek bat egiten duela?
Gehiengo sozial bat dago aurrerapausoak emateko prest. Gatazkaren ondorioei amaiera ematea dagokigu. Manifestuak jasotako harrera onak ere adierazten du euskal gizartearen gehiengoak bat egiten duela konponbidearen eta elkarbizitzaren alde ekiteko.
Gaur egun, 25 preso daude hirugarren graduan, baina aipatu duzue ehundik gora direla horretarako baldintzak betetzen dituztenak. Urrats gehiago behar dira?
Osotara, 150 euskal preso inguru daude, eta horietatik gutxienez 115ek dute baldintzapean aske edo hirugarren graduan egoteko eskubidea. Eskubideez ari garela azpimarratu behar da; haien eskubidea baita espetxe ibilbidean aurrera egitea. Horretan oinarrituta, eta ikusita zer erritmo daraman Eusko Jaurlaritzak, ausardia puntu bat eskatzen diogu.
«Ikusita zer erritmo daraman Eusko Jaurlaritzak, ausardia puntu bat eskatzen diogu».
Aplikatzen diren salbuespen legeen ondorio dira Auzitegi Nazionalaren esku hartzea eta hark agindutako gradu erregresioak. Nola erreparatzen diozue auzitegi horren jokabideari?
Euskal gizartea pauso bat aurrerago doa konponbide bat eraikitzeko bidean, eta gradu erregresioekin ikusten dugu Madrilek egiten duela atzera. Iraganean ainguratutako espetxe sistema bat ikusten da, mendekuan oinarritutako sistema bat. Gaur-gaurkoz, euskal gizarteak beste testuinguru politiko bat eraiki nahi du. Talka horrek irudikatzen du testuingurua erabat ezberdina dela.
Bestelako urratsak egin dira gizarteratzeko oztopo horiei aurre egiteko; esaterako, espetxe araudiko 100.2 artikuluaren bidez ateraldiak egin ahal izateko. Halako zirrikituak bilatu behar dira?
Legeari zirrikituak bilatu behar zaizkio, euskal presoek oxigenoa ere behar dutelako. Oztopoak topatzen diren horietan, arnasguneak bilatu behar dira. Urte asko izan dira urrunduta, bakartuta, lehen graduan.
Nafarroako espetxeko zuzendaritza aldatu zen, baina ez da gradu progresiorik ikusi.
Hobekuntza batzuk egon dira, baina espetxe progresiorako sarbidea oso mugatua dago oraindik. Lehen baimenak ematen hasi dira, eta espero dugu hirugarren graduetan sartzeko prozesua ez atzeratzea. Zuzendari berria izendatu zutenean, birgizarteratzeko benetako joera zuen espetxe sistema baten alde egiten zuen pertsona gisa aurkeztu zen. Hala ere, ikusten ari gara Iruñean izan diren aldaketa xumeak planteamendu horietatik oso urrun geratzen direla.
Salbuespen dira gehienezko espetxealdia 40 urtera igo izana eta Frantzian betetako zigor urteak ez zenbatzea ere. Horietako batzuk duela bi hamarkada ezarri zituzten.
Salbuespen lege horiek bertan behera geratu behar dira, dugun testuinguruan anakronismo hutsera erori baitira. Ez datoz bat dugun testuinguruarekin, eta horiek egokitu beharra dago. Bake eta konponbide integral baten alde egin behar badugu, guztiok eman behar ditugu pausoak. Ausardia behar da ateak irekitzeko, eta euskal gizartea prest dago.
«Madrilen dagoen gobernuak borondate politikoa azalduko balu, izango luke aukera salbuespen legeak bertan behera uzteko».
Horiek aldatzeko, beharrezkoak dira lege erreformak. Aukera ikusten duzue aldaketak egiteko?
Madrilen dagoen gobernuak borondate politikoa azalduko balu, izango luke aukera salbuespen legeak bertan behera uzteko eta elkarbizitzaren aldeko bere hondar alea jartzeko. Horretarako, gure lana izango da salbuespenak gizarteratzea. Urruntzearen amaierak berekin ekarri du erlaxazio bat, baina, salbuespenak indarrean jarraitzen duen bitartean, eskubide urraketek hor jarraituko dute.
Iheslari eta deportatuen afera ere mahai gainean dago. Hor bada urratsik egiteko aukerarik?
Hor ere borondate politikoa beharko litzateke. Ahal den neurrian legeak dioen bidetik aterabideak ematea, eta haien inguruan ezartzen diren ziurgabetasun juridikoak gainditzea. Kontuan hartu behar da urte asko Euskal Herritik kanpo daramatzaten pertsonak direla, eta urte luzez pairatu dute urruntze hori. Gehienak adinekoak dira.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots jomugan jarri dituzte, Konponbiderako giltzak kanpainarako eginiko bideo batengatik.
Erabat zentzugabeak dira egiten zaizkien salaketak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek atxikimendua eman besterik ez zuten egin. Beraiek egiten duten moduan, kantuz eta irriz. Etorkizuneko ateak irekitzearen aldeko manifestu baten alde egitea terrorismoari gorazarre egitea bada, ez dakit, ba.
Ulertzekoa da biktima batzuek sentitu dezaketen mina, eta adierazi nahi izan dugu min horren aitortzan eta erreparazioan lan egitea dagokigula. Baina, uste dut zentzugabekeria bat dela gertatutakoa. Distortsionatu eta kriminalizatu egin nahi da euskal presoen eskubideen alde egiten den lana. Irudikatu nahi izaten dute zigorgabetasunean oinarritzen direla hirugarren graduak. Baina zigorrak betetzeko beste modu bat dira. Etxerako bidea egitea soilik ari gara eskatzen, legea aplikatuta.