Urtero bezala, aitortza eta memoria ariketa egingo dute uztailaren 8an, Orreaga etorbidean. Espainiako Poliziak han erail zuen German Rodriguez gaztea, buruan tiro bat emanda. Haren omenezko hilarria paraturik den tokian, ekitaldi bat egingo dute aurten 78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioak. Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak ere bat egingo du.
Horren berri emateko agerraldia egin dute taldeok, Orreaga etorbidean bertan. Datorren astelehenean izango da omenaldia, 13:00etan. Berritasun gisa, Irene Araujok aurreskua dantzatuko du, eta Mikel Legorburuk eta Josu Sarasatek txistua eta atabala joko dute. Hain zuzen ere, azken bi horiek larriki zaurituak izan ziren 1978ko gertaera haietan.
Ikusi gehiago
Gainera, Mikel Lasarte bertsolariak, Fermin Balentzia abeslariak eta Nerea Loron rap kantariak ere parte hartuko dute.
Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko kideek bat egin dute aurten omenaldiarekin, eta Jon Julen Wenddling Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko kideak eskerrak eman dizkie 78ko Sanferminak Gogoan taldeko ordezkariei, egindako eskaintzagatik. Haren ustez, 1978ko gertaerak «iraunkortasun eta duintasun istorio bat» dakarte gogora. «Badakigu gaur egun memoria ez dagoela boladan, eta arrakala handia dagoela honelako istorioetan».
Wenddlingen aburuz, Rodriguezen ondarea nabarmendu nahi dute. «Gazte inplikatu eta solidarioa zen, militantea eta konprometitua». Haren adibidea gaur egungo errealitatera ekarrita, garbi dute Alde Zaharreko auzo mugimenduan parte hartu eta auzoen merkantilizazioa salatuko lukeela. «Haren ondareak zerbaitetarako balio behar du», aldarrikatu du.
Kereila jarri dute
Aitor Garjon 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak gogora ekarri duenez, aurten kereila bat jarri dute berriro ere epaitegietan, Iruñeko epaitegiak ikertu ditzan 1978ko gertaera larriak. Duela bost urte urrats bera egin zuten, baina, azkenik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak artxibatu egin zuen.
Nafarroako Parlamentuak babesa adierazi dio saiakera berri horri, mozio baten bidez. Mozioak aldarrikatzen du frankismoak egindako krimenak gizateriaren aurkakotzat jo behar direla. Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen 2. artikuluan zehazten du gizateriaren aurkako krimenak preskriba ezinak direla. Horregatik, hori litzateke modua 1977ko amnistiaren legea gainditzeko eta duela 45 urteko gertaera larri haiek argitzeko.
«Horrek guztiak adorea ematen digu egia, justizia eta ordainaren aldeko borrokan jarraitzeko, gaurkotasuna duen eskakizuna baita, gure jendarteak dituen arazoei aurre egiten diena», aipatu du Aitor Garjonek. Oraingoz, epaitegiek ez dute ezer erabaki.
Era berean, gogora ekarri dute aurtengo ekitaldian Israelgo Estatua Gazan egiten ari den genozidioa salatuko dutela.
Rakel Arjol Iruñeko Peñen Federazioko presidenteak aipatu du peñek ere gogoan izango dutela 1978ko sanferminetan gertatutakoa. Asteleheneko zezenketetan minutu bateko isilunea egingo dute. Gainera, hura amaituta, peñek egin ohi duten kalejira isilik egingo dute. Gainera, 20:30 aldera, omenaldia egingo diote Orreaga etorbidean bertan.