Iraultza dator garraioaren mundura. Erregai fosilak agortzeak eta klima aldaketaren mehatxuak aldaketa ekarriko dute, nahitaez, eta energia aurrezteko zein gas isurketak gutxitzeko norabidea hartuko du sektoreak, segur aski, abaguneak eta nazioarteko erakundeek behartuta. Baina zein da garraioan aurrezteko modurik onena? Bide asko daude, baina denetan ezinbestekoa izango da gutxiago mugitzea, Gorka Bueno telekomunikazio ingeniari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen ustez. Ondorio horretara heldu da, aurrezteko aukerak eta baldintzak aztertu ondoren: «Ez dago oinarri teknologikoko irtenbide magikorik garraioan energia kontsumoa murrizteko». Joan den astean aurkeztu zuen bere ikerketa Bilbon, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoan, euskara batzordeak gonbidatuta.
Teknologiak egiteko garrantzitsua duela sinetsita dago Bueno: «Garrantzitsua da efizientzia handitzeko, lurreko garraioa elektrifikatzeko, garraio elektriko hori berriztagarrien bidez elikatzeko... Baina ez da nahikoa». Europako Batasunak ezarritako helburuak betetzeko ez behintzat. 2020. urterako xedea anbiziotsua zen: berotegi efektuko gasen isurketak %20 gutxitzea, energia kontsumoa %20 murriztea, eta kontsumituko den energiaren %20 berriztagarrien bidez lortzea. Baina 2050. urterakoa are zorrotzagoa da: gasen isurketak %80 eta %95 artean gutxitzea eta energia kontsumoa %41 murriztea.
Sei jokaleku
Zifra horietara nola heldu aztertzeko, hipotesiak planteatu ditu Buenok. Sei bide, sei jokaleku marraztu ditu: eraginkortasunarena, elektrifikazioarena, berriztagarrien bidez elikatutako elektrifikazioarena, garraio publikoarena, birlokalizazioarena eta aurreko guztiak uztartzen dituena. Jokaleku horiek Europako Batasunaren helburuetara zein neurritan hurbiltzen diren probatzeko, formula bat asmatu du, hainbat aldagai kontuan hartzen dituena: garraiatu beharreko pertsonak edo produktuak, ibilbidearen luzera, ibilgailuaren ezaugarriak —propultsio teknologia, kontsumoa—, ibilgailuaren okupazioa...
Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatu du ikerketa, bertako datuak eskura izan dituelako, baina uste du ondorioak orokor daitezkeela. Izan ere, aukera bakoitzak alde positiboak zein negatiboak dituela antzeman du.
Adibidez, energia eraginkortasunaren jokalekuan autoek %30 aurreztuko lukete erregai kontsumoan, eta kamioi edo autobusek %50, «iraultza teknologikorik egin gabe», soilik egun bidean dauden efizientzia hobekuntzak aplikatuta: neurri aerodinamikoak, ibilgailuen mantentze egokia... Baina jokaleku horrek eskatzen du ibilgailu guztietan jartzea hobekuntza horiek, hau da, ibilgailuen parkea berritzea.
Eraginkortasun handiagoa lortuko litzateke bigarren jokalekuan, motor elektrikoak erabiliz erregai fosilen ordez. Energia kontsumoa eta isurketak erdira murriztuko lirateke, «baina elektrizitatea lortzeko azpiegitura berriak eraiki beharko lirateke».
Baita garraiorako elektrizitate hori iturri berriztagarrien bidez elikatuta ere. Buenoren kalkuluen arabera, urtero 3,5 gigawatteko potentzia sortu beharko luke parke eolikoak —guztira, 2020rako 1,4 gigawatt sortzea espero du Eusko Jaurlaritzak—, edo 4,7 gigawatt sistema fotovoltaikoak. «Horrek eskatuko luke mendi tontor guztiak haize errotez betetzea, edo EAEn artifizializatutako eremuaren %10 eguzki plakez estaltzea. Eta bakarrik garraioa elikatzeko; aztertu beharko genuke merezi ote duen».
Garraioa «publifikatuz»
Irtenbide teknologikoak nahikoa ez direla agerian uzten dute lehenengo hiru jokalekuek. Laugarrenak aldagai soziala hartzen du kontuan: garraio publikoa. Ibilgailu pribatuak alboratzea zaila den egoeretarako, erdibideko aukera proposatu du Gorka Buenok: «Autoen batez besteko okupazio tasa %30ekoa da, eta hori handi daiteke, car sharing estrategien bidez. Ibilgailu pribatua publifikatzen ariko ginateke». Energia kontsumoa eta gas isurketak %55 murriztuko lirateke.
Birlokalizazioak ere aldaketa sozialak eta ekonomikoak eskatzen ditu. Energia zein kontsumo produktuak bertan ekoizteak berarekin ekarriko luke garraioa gutxitzea: lurrekoa %57 jaitsiko litzateke; itsasokoa, %35, eta airekoa, %90. Ekonomiaren norabide aldaketa erabatekoa eskatzen du horrek, egungo argazkia ikusita. «EAEko sistema ekonomikoa Espainian eta Europan integratuta dugu: inportazioak eta esportazioak oso garrantzitsuak dira. Garraioa horretara bideratuta dago: hiru aireportu dauzkagu —beste hiru oso hurbil—, bi itsas portu, eta hiru trenbide sare, laugarrena bidean».
Teknologia eta aldaketa sozioekonomikoak uztartuz marraztu du azken jokalekua, hau da, aurreko bostak elkartuz. Energia eraginkortasun neurriak aplikatuz, garraioa elektrifikatuz eta berriztagarrien bidez elikatuz, garraio publikoa bultzatuz, eta ekonomia birlokalizatuz, energia kontsumoa %80 eta gas isurketak %90 gutxitu litezkeela ondorioztatu du.
Hortaz, ikerketak azaleratu du garraioaren iraultza ez dela arazo bakartua. Eraldaketa sakonago baten barruan kokatu du ingeniariak: «Gero eta gehiagoko gizartea da egungoa: sistemak ez du funtzionatzen hazkunde barik, murrizketa hitza ez dago hiztegian. Baina Europako Batasunaren helburuetara heltzeko, hori aldatu behar dugu; naturak eta baliabideen urritzeak behartzen gaituzte».
Baina nola jar daiteke praktikan hori, egun? Jokalekuetara itzulita, garraio publikoaren bestelako antolaketaz eta maiztasunaz mintzatu da, eta ekonomiaren birlokalizazioa proposatu du. «Hiri plangintzan iraultza bat eskatu behar dugu? Bilbon auto gabe bizi gaitezke, baina zer gertatzen da herri txiki batean bizi bazara eta Gasteizen lan egiten baduzu?».
Irtenbide magikorik ez den bitartean, hausnarketaren beharra nabarmendu du Gorka Buenok, eta, gogoetatze horretan, ezinbestekotzat jo du egungo jarrerak eta pentsamoldeak auzitan jartzea: «Mugikortasuna murriztu behar dugula onartu behar dugu. Gutxiagorako aldaketak, segur aski, hoberako dira. Hainbeste mugitzea desiragarria al da?».
Aurrezteko, mirari teknologikorik ez
Garraioan energia aurrezteko eta gas isurketak murrizteko, ibilgailuen elektrifikazioan eta eraginkortasunean aurrera egin behar da, baina Gorka Bueno ingeniariaren ustez, gizarteak mugikortasuna gutxitu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu