Aurrez aurreko 23 ikastaro antolatu ditu UEUk, «komunitate bizi bat sortzeko»

Koronabirusaren izurriak «baldintzatuta» osatu dute eskaintza, eta ikastaro bakoitzak 25 euroko prezio sinbolikoa izanen du

Kepa Sarasola, Irati Iciar eta Edurne Koch UEUko arduradunak, Katakraken, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko ekainaren 2a
12:50
Entzun

Izurri garaian antolatutako bigarren udako ikastaroak izanen dira aurtengoak. COVID-19ak zeharo baldintzatu zuen UEU Udako Euskal Unibertsitatearen iazko egitaraua; 49. aldirako, ahalegina egin dute egitasmoaren berezko izaerari eusteko: «Aurrez aurreko udako ikastaroak antolatu ditugu aurten ere», esan du UEUko zuzendari Kepa Sarasolak. Iruñeko Katakrak liburu dendan egin dute aurtengo eskaintzaren aurkezpena. Mari Luz Esteban UEUko irakaslearen hitzak gogora ekarri ditu Sarasolak, presentzialtasunaren aldeko hautua arrazoitzeko: «Aurrez aurrekoa politikoa da, eta UEUk bere egiten du esaldi hori. Online irakaskuntza oso garrantzitsua da gure proiektuan, baina presentzialtasuna ezin da guztiz ordezkatu, udako ikastaroak UEUren nortasuna direlako, bizipenen bidez ikasten delako eta presentzialtasun hori beharrezkoa delako komunitate bizi bat sortzeko».

Ideia horrekin bat egin du Irati Iciarrek, UEUko udako ikastaroetako arduradunak: «Udako ikastaroak online izango balira, ez genituzke berdin sentituko». Hala ere, eskaintza birmoldatu dute «espazio seguruak» sortze aldera. Alde batetik, ohi baino ikastaro gutxiago antolatu dituzte (iaz baino gehiago hala ere): 18 ikastaro eta bost jardunaldi. 23 jarduera, guztira. Horrez gain, «neurri bereziak» ezarri dituzte, parte hartzea sustatze aldera: besteak beste, ikastaro laburrak antolatzea (egun bakarrekoak gehienak) eta ikastalde txikiak osatzea, egoitza bakoitzaren edukiera eta segurtasun neurriak aintzat hartuta.

Ekainaren 25etik uztailaren 16ra bitartean eginen dituzte ikastaroak, hiru gune nagusitan: Iruñean, Eibarren eta Baionan. Horiez gain, beste ikastaro batzuk ere antolatu dituzte Donostan, Laudion eta Usurbilen. Pedagogia feminista, udako bertso eskola, Txikipedia hezkuntzan, pandemia, Nafarroako erresumaren konkista, euskalgintza, filosofia eta zuzenbidea izanen dira ikastaroetan jorratuko dituzten gaietako batzuk.

Eskaintza «elkarlanari esker» ondu dutela azpimarratu du Iciarrek: «Zukua atera diogu Elkar Ekin leloari. Eskaintza hau ez litzateke posible izango gure bidaideen gogorik eta inplikaziorik gabe: UEUko sailak, Bertsozale elkartea, Laboa katedra, Noaingo bataila elkartea, Gezki, LAB-hezkuntza, HITT taldea, ALDEE, ASNABI, Bilketa, EWKE, Agora elkartea, Iratzar fundazioa, EEP, Ikas elkartea, Euskal Elkargoa, Hendaiako Herriko Etxea, Mintzalasai elkartea, Neiker, Aiaraldeko Ekintzen Faktoria, Bernat Etxepare lizeoa, Katakrak, Jakin, Usurbilgo Udala, Tabakalera eta EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazio saila».

Nafarroako Gobernuarekin elkarlana

UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako ikastaroak aurkeztu ditu Edurne Kochek, UEUren Nafarroako arduradunak: «Lau ikastaro eta jardunaldi bat eskainiko ditugu aurten Iruñean, ekaineko lehen astean. Horietatik, hiru dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin adostutakoak. Doan eskainiko ditugu, eta lehentasuna izango dute hezkuntza graduko ikasle nafarrek». Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera indartzea eta hizkuntza ohiturak lantzeko tresnak ematea izanen da ikastaro horien helburua. Iaz bezala, hiru egoitza nagusi izanen ditu UEUk Iruñean: Ezpeleta jauregia, Kondestablearen jauregia eta Katakrak liburu denda.

Akademiatik herrigintzara, herrigintzatik akademiara izeneko jardunaldiak hasiera emanen dio aurtengo udako ikastaroei, Iruñean. Matrikula doakoa da, baina ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako epea zabalik da jada, eta www.ueu.eus webgunean egin daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.