Aurrerapausoak, baina itzalak ere bai

Euskararen Legea indarrean izan den denboran aurrera egin dela diote euskalgintzako eragileek, baina gabeziak ere ikusten dituzte.

Asier Iturriagaetxebarria.
2007ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hutsuneak edo gabeziak ikusi arren, oro har 1982. urteko azaroaren 24an Legebiltzarrak onartutako Euskararen Erabilerarako eta Normalizaziorako Legeak aurrerapausoak ekarri dituela uste dute euskalgintzako eragileek. Besteak beste, irakaskuntzaren munduan emandako pauso garrantzitsua azpimarratu du Ikastolen Elkarteak. Dena den, oraindik eta urrats esanguratsuagoak egiteko «aukera galdutzat» ere ikusten du.

25 urteko ibilbideak aurretik egindakoaren analisia egiteko balio die euskalgintzako eragileei, eta, jakina, aurrera begirako hausnarketa ere egin dute. Irakaskuntzan egindako aurrerapausoak nabarmendu dituzte ikastolek, baina oraindik eta aurrerago joateko aukera galdu dela diote. Kontseiluko Xabier Mendigurenek, berriz, legea gaurko gizartearen ezaugarrietara eta errealitatera egokitzeko eskatu du. Era berean, legearen edukia zenbait arlotan egokia izan arren hizkuntz politikak ez direla onak izan salatu du. Bestelako hizkuntz politika eskatu du Euskal Herrian Euskaraz-ek, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza bakarra dela iritzita.



Eusko Jaurlaritza

«Erabakigarria izan da galbidean zihoan euskara indarberritzeko»

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko koordinaziorako zuzendari Erramun Osaren iritziz, orain dela 25 urte Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskararen Erabilerarako eta Normalizaziorako Legea «erabakigarria izan da galbidean zihoan euskara indarberritzeko». Zehaztu du euskaraz jarduteko gero eta aukera zabalagoak eskaini dituela: «Administrazioan, irakaskuntzan, askotariko zerbitzuen alorrean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen aitorpenean, hedabideetan, informazio eta komunikazio teknologietan, eremu sozio-ekonomikoan, aisialdian eta abarretan jarduteko gero eta aukera zabalagoak eskaintzen ditu». Hala, gero eta gizarte elebidunagoa ehuntzen lagundu duela azpimarratu du, «elkarbizitzan ekarpen onuragarria eginez».

Osak adierazi duenez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ez dauka Euskararen Legea aldatzeko asmorik, «arian-arian haren garapena ahalbidetzeko baizik». Dekretuei, ebazpenei edo dena delakoei horrenbeste begiratu beharrean herritarren borondateari begiratu behar zaiola dio. Era berean, hizkuntza politikak askotarikoen arteko adostasuna behar duela nabarmendu du. «Horrek prozesua moteltzea dakar, akaso, baina, aldi berean, horrek ematen dio sendotasuna, iraunkortasuna eta eragingarritasuna euskara indarberritzeko ahaleginari».

Legea «ez dago agortuta», Osaren hitzetan. «25 urteotako Euskararen Legeak askotarako eman du, eta oraindik are gehiago ere eman dezake. Herritarren gogoak ez du legearen eustormak gainezkatzea lortu, oraingoz».

.

Kontseilua

«Legea garatzeko politikakez dira egokiak izan»

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez, Euskararen Legea «aldaketa onuragarria» izan zen orain 25 urte. Hala, hainbat aurrerapauso egiteko balio izan duela aitortu du. Besteak beste, euskararen estandarizazioan, irakaskuntzaren euskalduntzean egindako urratsak, euskal kulturan emandako aurrerapausoak eta euskalgintzako elkarteak laguntzea eta euskal komunikabideak sortzea nabarmendu ditu.

Legeak alde onak dituela baina hainbat esparrutan hutsuneak dituela esan du. Euskararen Legeak definitzen duen euskararen estatusa «ez da egokia». «Ez da orekatua: gaztelania ezagutu beharrekoa da, eta euskara, ez». Mendigurenen hitzetan, horrek «funtsezko desberdintasunak» ezartzen ditu, eta normalizazio prozesua baldintzatzen du. Eskubideen alorreko helburuak egoki formulaturik daudela uste du, baina eskubide horiek praktikan ondo ez betetzea salatu du. «Haustura handia dago legeak ezarritako helburuen eta errealitatearen artean». Legearen formulazioari dagokionez, aditz zehaztugabe eta ebaluaezin asko erabiltzen da testu osoan. «Lege testuetan zehaztasuna ezinbestekoa da ebaluazioak egiteko», gogoratu du.

Legearen edukiez gainera, legea betetzeko helburuarekin abiatutako hizkuntz politiken eraginkortasun falta salatu du Mendigurenek. «Hizkuntz politikek ez dute lortu, 25 urte pasatu ondoren, lortu ahal eta behar zuten egoera. Beraz, legea garatzeko politikak ez dira egokiak izan».

Mendigurenen ustean, legea egokitu egin beharko litzateke, estatus egokia ezarriz, formulazio zehatzagoak proposatuz, epeak finkatuz eta gaurko errealitatera egokituz. Era berean, legearen egokitzapenak hizkuntz politika egoki eta eraginkorra eskatzen duela azaldu du, «horretan legeak eman zezakeena ez baita lortu, ezta hurrik eman ere». Borondate politiko falta izan dela azpimarratu du. «Hitz batean, ez da lortu euskaldunok geure hizkuntz eskubidea bermaturik izatea».



Ikastolen Elkartea

«Hezkuntzaren alorrean aukera galdua izan da»

Euskararen Legea indarrean ezarri aurreko urteak gogora ekarri ditu Xabier Garagorri Ikastolen Elkarteko Aholkulari Pedagogikoak. Izan ere, 1978. urtean irakaskuntzako hizkuntz ereduen proposamena prestatu zuen aditu talde batek. Garai hartan, ikastolek ez zuten eredu finkorik, euskaraz ez zekiten ikasleei lagundu guran. «Ereduen kontua egoera desatsegin bat bezala bizi izan genuen». Baina eztabaida horrek eta Euskararen Legearen ondorioz indarrean jarri zen ereduen sistemak «hausnarketarako aukera» eman zien ikastolei. 1990eko hamarkadan eleaniztasunaren planteamenduari ekin zioten ikastolek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortu zuten hizkuntz ereduen sistemaren arrazoiak azaldu ditu Iñaki Etxezarretak, Ikastolen Elkarteko zuzendariak. «Orduan, irakasleen %10 ziren euskaldunak. Gainera, guraso gehienen gogoetan ez zegoen ikastolen murgiltze eredua. Horregatik asmatu zituzten A, B eta D ereduak. Denbora irabazteko modua izan zen».

Irakaskuntzaren alorrean, azken 25 urteetan irakasleak euskalduntzeko «sekulako inbertsioa» egin dela nabarmendu du Etxezarretak. Hala ere, ikastolen munduak aurretik zabaldutako bidea ez baliatzeagatik penatuta azaldu da. «Aukera galdua izan da. Baina gaur dugun emaitza ondo baloratu behar da. Oso herri gutxik lortu dute hain denbora gutxian hemen lortu dena».

Lortutako emaitzak onak izan arren egun indarrean dagoen hizkuntz ereduen sistema gainditu beharra dagoela azpimarratu du. «Behar sozialak ez dira berberak. Gaur familiek eta gizarteak berak beste helburu eta lehentasun batzuk dituzte, eta ereduen sistema horretara egokitu beharra dago».



AEK

«25 urteotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira»

Euskararen Legean eta bere ezarpenean gabeziak izan direla aitortu arren, azken 25 urteetan «aurrerapen garrantzitsuak» izan direla azpimarratu du Mertxe Mujika AEK-ko Nazio Batzarreko kideak. Hala, hemendik 50 urtera gabezia horiek gaindituta egotea espero du.

Gabeziak aipatuta, euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran hutsunea dagoela gogora ekarri du. Era berean, euskarak dituen funtzio guztiak ez bete izana ere aipatu du. «Oraindik ere, lan handia dago erabileran eta lan mundua euskalduntzen. Hori lortu ahal izateko, euskararekiko diskriminazio positiboa egiten jarraitu behar dela nabarmendu du.

Mujikaren hitzetan, benetako gizarte elebiduna lortzeko asko falta da oraindik. «Euskara erabiltzeko pauso hori egin behar da. Euskaraz bizitzeko aukerak handitu egin behar dira». Erabileraren alorrean pausoak ematen ari direla esan du, «baina oraindik bide luzea dago».

Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreari dagokionez, Euskararen Legea onuragarria izan dela deritzo Mujikak. «Lege ona izan da sektorearentzat. Azken batean, helduen euskalduntze-alfabetatzeak bidea egitea ekarri du».



Euskal Herrian Euskaraz

«Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza bakarra»

EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko kide Eulate Zilonizaurrekoetxeak gogoratu duenez, erakundeak ez du Euskararen Legearen 25. urteurrenaren balorazio berezirik egin. Hala, iaz Nafarroako Euskararen Legearen 20. urteurreneko balorazio bera egiten du. Hizkuntza politika eraginkorra izateko, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza bakar bezala azaltzea ezinbestekoa deritzo EHEk. «Euskal Herriko hizkuntza politikek ez diote horri erantzuten. Ez dituzte euskaldunen hizkuntza eskubideak babesten eta ez dute euskararen ofizialtasuna lurralde osorako bermatzen». Horregatik, egoera «larria» dela deritzo.





«Euskararen Legea ez dago agortuta. Askotarako eman du, eta oraindik ere gehiago eman dezake»

eusko jaurlaritzako kultura saila


«Haustura handia dago legeak ezartzen dituen helburuen eta errealitatearen artean»

kontseilua


«Irakaskuntzan oso herri gutxik lortu dute munduan hemen hain denbora gutxian lortu dena»

ikastolen elkartea


«Oraindik ere lan handia dago egiteko euskararen erabileran eta lan mundua euskalduntzen»

aek


«Indarrean dauden hizkuntza politikek ez dituzte babesten euskaldunen eskubideak»

euskal herrian euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.