Adingabeen babes juridikoa aldatzeko erregimen berriak beste hamar bat lege garrantzitsu moldatzea ekarri du. Espainiako Kode Zibila, atzerritarren legea, osasun publikoarena, mendekotasunarena eta genero indarkeriarena daude horien artean. «Elkarlanaren fruitua izan da», esan zuen Alonsok. Aurrerapausoa herren gelditu zaio, ordea. «Aukera bat galdu da gauzak ondo egiteko». Hala uste dute hainbat gizarte eragile, alderdi politiko eta adituk: etorkin adingabe guztien babesa ez duela ziurtatu salatu du, esaterako, SOS Arrazakeriak. EAJ, CiU eta ERC ere kexu agertu dira, legeak autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituelakoan. Aditu batzuek, gainera, ezbaian jarri dituzte beste hainbat aldaketa —genero indarkeria jasan dutenen seme-alabak biktima zuzentzat hartzea, adibidez—.
HARRERA FAMILIAK
Lehen aldiz, babesgabetasun egoeraren definizioa zehaztu du gobernuak, autonomia erkidego guztietan berdina izan dadin. Orain arte, batik bat, gurasoen egoera ekonomikoa eta elbarritasuna hartzen zen kontuan babesgabetasuna aitortzeko, baina beste baldintza batzuk txertatu ditu legeak. Umeak jatorrizko sendian mantentzea hobetsiko du arau berriak. Ezinezkoa bada, harrera egoitzak saihestuko dituzte: harrera familiek eta adopzio familiek izango dute lehentasuna.Horrez gain, harrera eta adopzio prozesuak bizkortu eta sinplifikatuko dituzte, bi kasuetarako irizpideak bateratuta. Irizpide horiexen artean dago harrera prozesuak epaitegietatik ateratzea: guraso biologikoen helegiteak tramitatu eta argitu bitartean umeak familietan egon daitezen, eta ez harrera egoitza batean.
Ahalegin berezia egingo dute 3 urtetik beherako umeekin, egoitzetatik igaro ez daitezen; eta anai-arreben kasuan, elkarrekin jarraitzea hobetsiko dute. Erronka zaila dirudi: gaur egun, 35.000 adingabe daude Espainiako, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako erakundeen ardurapean; eta horietatik 13.400 harrera zentroetan daude, familien zain. Gipuzkoan, aldiz, «askoz hobea» da egoera, aldundiaren arabera: uneotan, 0-3 urteko haur guztiak familietan daudela baieztatu du. 6 urtez azpiko zortzi haur bizi dira, ordea, aldundiaren egoitzetan; eta «erronkatzat» daukate legealdia amaitzerako horiei familia bat topatzea.
ADOPZIOAK
EAJ, CiU eta ERC alderdien haserrea eragin du nazioarteko adopzioetan egindako aldaketak: Espainiako administrazioaren eskumena izango da adopzio horiek hastea, mugatzea edo gelditzea. EAJ ez dago ados erabakiarekin, orain arte erkidegoetako instituzioak adopzio horien «ardatza» zirelako. Antzeko ikuspegia dute CiUk eta ERCk: neurri «zentralista eta onartezina» dela uste dute.Beste aldaketa batzuei erreparatuta, haurrak adopzioan ematen dituzten emakumeek soilik behin eman beharko dute adopziorako baimena, jaiotzetik sei astera, eta ez dute gerora berritu beharrik edukiko. Adoptatuek, berriz, guraso biologikoen inguruko informazioa eskatzeko eskubidea izango dute 18 urte betetzerakoan: nortasun eta historia medikoaren berri izan ahalko dute. Adingabeek ere izango dute parada, legezko ordezkarien bitartez.
ATZERRITAR ADINGABEAK
Tirabira handiak egon dira azken urteotan bakarrik dauden atzerritar adingabeen egoerari buruz. Gasteizen, kasurako, gazteak adingabeen zentroetatik kanporatzeagatik eta aldundiak adina zehazteko proba gehiegi egiteagatik kexatu dira eragileak. Gazteek euren adina egiaztatzeko pasaportea bazuten ere, zenbait erakundek ezbaian jarri dute agirion egiazkotasuna, eta proba medikoak egin izan dizkiete etorkinei adina zehazteko, baita pasaportedunei ere. «Azkartasun» printzipioan oinarritzen dira probak. Eskumutur edo masailezur erradiografiak izan ohi dira, eta adingabe oro neurtzen dute estatistika horien arabera. Fisikoki 18 urte baino gutxiago dituztela frogatu ezean, adingabe atzerritarren zentroetatik kanporatzen dituzte gazteak; asko, paperik gabe.Aldaketak ekarriko ditu, oro har, haurren babeserako legeak: hemendik aurrera, fiskalak erabakiko du gazteen pasaportea fidagarria ote den edo ez. Fidagarritzat jotzen denean ezingo zaie inolako proba medikorik egin; Fiskaltzak sinesgarritasunik ez badio ematen, ordea, bai: azterketak egiteko eskumena izango du administrazioak.
Gizarte eragileek gaitzetsi dute lege berria ez datorrela bat Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko urrian emandako ebazpenekin: gazteen adina zehaztean, froga fisikoak eta dokumentazio idatziak aurrez aurre baleude, agiri idatziei eman zien zilegitasuna auzitegiak. Neurriak kritika gehiago ere jaso ditu: etorkinen egoera zibila epaitegi batek erabaki beharko lukeela, eta, hortaz, fiskalak hori erabakitzeko eskumenik ez duela uste dute abokatu batzuek. Bestalde, haurren babeserako legeak «gizarte zerbitzu guztiak» ziurtatuko dizkie adingabeak direla frogatzen duten immigranteei. Artikulu horrek eskubide berririk ez badakar ere, «positiboa» dela deritzo SOS Arrazakeria taldeko kide Mikel Mazkiaranek, lehendik zeudenak «indartu» egiten dituelako.
Ñabardura baten falta sumatu du, ordea: «'Haurraren egoera administratiboa edozein dela ere'». Mazkiaranen esanetan, amaieran hori jarriko balu, artikuluak ez luke bestelako interpretaziorik edukiko. Izan ere, legeak ez du zehaztu gurasoekin migratu duten haurrekin zer gertatuko litzatekeen, paperik gabeko familietan bizi direnean, batik bat.«Beste hutsune bat» ere aurkitu du Mazkiaranek: ez du aipatu ondoriorik edukiko al duen administrazioak bere eginbeharrak ez betetzeak; hau da, etorkin adingabeei beharrezko dokumentazioa ematen ez badie.
GENERO INDARKERIA
Genero indarkeriaren biktima zuzenak izango dira tratu txarrak pairatu dituzten emakumeen seme-alabak. Beraz, epaileek kautelazko neurriak hartu beharko dituzte haien segurtasuna bermatzeko, seme-alabek aitarengandik zuzenean tratu txarrik jaso ez badute ere. Espainiako Botere Judizialaren barnean dagoen Genero Indarkeriaren Behatokiaren gomendioz hartu dute neurri hori. Zenbait adituk «hutsa» dela uste dute, alabaina. Miguel Lorente auzitegi medikuaren iritziz, ez da «beste izendapenik» behar, lehen ere legeak biktimatzat zituelako adingabeak, eta haien babeserako neurriak har zitezkeelako abagune horretan. Hala azaldu zuen Lorentek, azaroan BERRIAk eginiko elkarrizketa batean. Kontzeptuak nahas ditzakeela eta lan pedagogikoa oztopa dezakeela ere uste du auzitegi medikuak: «Dezente kostatu zaigu genero indarkeria identifikatzea emakumeen aurka egiten den bortizkeria gisa».Aldi berean, haur edo gazteen tutoretza amaren esku dagoenean, eta hura genero indarkeriaren biktima izan bada, botere publikoek amaren zaintza defendatu beharko dute. Eta epaileek seme-alaben guraso agintea kendu ahal izango diete indarkeria matxista leporatu zaien aitei. Gainera, bikotekideak hil dituzten gizonek ezingo dute alarguntza pentsiorik kobratu, orain arte gertatu bezala. Halaber, haien seme-alabek, aita bizirik egonda ere, umezurtzentzako pentsio osoa eskuratuko dute.