«Aurrerapauso bat» emateko aurkeztuko dira Equo Berdeak bozetara

Becerra izango dute lehendakarigai Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. «Politika baliagarria» egingo dutela agindu dute

Becerra, aurreko lerroan kartel bati eusten, atzo, Gasteizen. BERRIA.
Igor Susaeta.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Equo Berdeak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko dira, eta Jose Ramon Becerra izango dute lehendakarigai. Hori erabaki zuen, atzo, Gasteizen, alderdi ekologistaren batzarrak. Aurreko legegintzaldian egin bezala, Ahal Dugu-rekin eta Ezker Anitzarekin koalizioan aurkezteko asmoa zuen alderdiak, baina Pablo Iglesias Podemosen liderrak ezarritako «betoa» salatu zuen joan den otsailaren 21ean, eta Elkarrekin Podemosen parte ez izatea erabaki zuen.

Becerrak atzo nabarmendu zuenez, «aurrerapauso bat» emateko ordua heldu zaio alderdi ekologistari, eta «aukera independente» moduan aldarrikatu zuen. Azkeneko legegintzaldian Elkarrekin Podemosekin legebiltzarkide izandakoak agindu zuen «politika baliagarria» egiteko «modu berri bat» sustatuko dutela. Gogoratu zuen, bide batez, 2012ko hauteskundeetan Equo Berdeak bakarrik aurkeztu zirenean 700 boto falta izan zitzaizkiela legebiltzarkide bat lortzeko.

Bestalde, EH Bilduk datorren apirilaren 5eko hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu zituen atzo, Donostian, eta Maddalen Iriarte lehendakarigaiak nabarmendu zuen «geroz eta gehiago» direla «gobernatzeko ereduan» aldaketa bat eskatzen duten ahotsak.

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak ere hitz egin zuen atzo, Barakaldon egindako ekitaldi batean, eta adierazi zuen bere alderdia dela «ezker baliagarria». PP-Cs koalizioak jakinarazi du Carmelo Barrio izango dela Arabako zerrendaburua, Muriel Larrea Gipuzkoakoa, eta Bizkaiko zerrendan Carlos Iturgaiz lehendakarigaia joango dela lehen tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.