PPk, Sumarrek eta Voxek osoko zuzenketak jarri zizkieten Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei, eta gaur egin dute horien bozketa Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Espero bezala, atzera bota dituzte, kontrako 39 boto (EAJ-PSE), 27 abstentzio (EH Bildu) eta aldeko bederatzi boto jasota. Gobernuak eta EH Bilduk negoziatzen jarraituko dute, beraz. Behin betiko bozketa hilaren 20an izango da. Halere, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren lehen aurrekontuak ez daude kolokan, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengoa dutelako.
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak beren botoaren zergatia azaldu du: «Gure abstentzioak bidea eman nahi du funtsezko akordioetara iristeko bi gai oso garrantzitsutan: etxebizitza eta gutxieneko soldata. EH Bildu mugitu egin da eztabaida honetan; orain, gobernuari tokatzen zaio». Halaber, gobernua eta EH Bildu egiten ari diren negoziazioetan aurrerapausoak eman direla adierazi du Jaurlaritzako Ogasun Sailburu Noel D’Anjouk: «Bi aldeen jarrerak eta esfortzuak fruituak eman ditu».
Joan den astean egin zuten azken bilera, eta hartan, 23 ekinaldi biltzen zituen proposamen berri bat aurkeztu zion Jaurlaritzak EH Bilduri. D’Anjouren arabera, hitz egiten segitzen dute, modu «serio eta diskretuan», eta ari dira akordiorako pausoak ematen: «EH Bildu gure jarreratik oso urrun zegoen, baina gerturatu egin da gure proposamenera. Hori egin du jarrera maximalistak alde batera utzi dituelako». Zuzenketa partzialak adosten saiatzen ari direla esan du.
Hitz egiten segituko dutela azpimarratu du, «aurrekontu proiektua hobetuko duen akordio bat» erdiesteko asmoz. «Hori da gizarteak gugandik espero duena».
Otxandianok, berriz, adierazi du EH Bildu prest dagoela akordioetarako, baldin eta horiek «politika eraldatzaileak martxan jartzeko» badira.
Aurrekontuetan akordioa lortzeko funtsezkoak iruditzen zaizkien bi kontu aipatu ditu: etxebizitza eta gutxieneko soldata. Etxebizitzaren alorrean dituzte bereziki desadostasunak, eta Otxandianok adierazi du gobernua «nahiko urrun» dagoela koalizioaren proposamenetik.
Gutxieneko soldataren inguruan, berriz, uste du «aukera bat» dutela parez pare: «Aukera baten aurrean gaude herri akordio baten bidez gure ezaugarri propioetara egokituko den lanbide arteko gutxieneko soldata bat martxan jartzeko. Eta horretarako, akordio politiko bat oso inportantea litzateke. Burujabetza ariketa bat litzateke herri honetan halako akordio bat egitea. Uste dugu aukera daukagula hurrengo orduetan».
Proiektu «kontinuista»
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak, osoko zuzenketa aurkezterakoan, «koherentziaz» jokatu dutela ziurtatu du. Esan du gobernuak hasieratik exijitu ziela berek ondutako bide orriari jarraitzeko. Ez zetozen bat, ordea, planteatutakoarekin. Haren ustez, Jaurlaritzak aurrekontuetan bildutako lehentasunak «okerrak» dira, eta egindako proposamena, «kontinuista». Hernandezen ustez, «ez da soluzioak emateko gauza», eta, besteak beste, ez dio behar bezala heltzen klima aldaketaren aurkako borrokari, ez du osasun publikoaren aldeko apustu garbirik egiten, hezkuntza pribatuaren zerbitzuan dago, eta ez dio irtenbiderik ematen etxebizitzaren «arazo larriari». «Eta, gainera, ez diete jaramonik egiten politika feminista garrantzitsuei».
Javier de Andres PPko legebiltzarkideak, bestalde, esan du ez dutela bat egiten Jaurlaritzaren «kalkulu ekonomikoekin», eta proiektuan «inbertsio falta» sumatu dutela. Gainera, salatu du azken legegintzaldian ez zituztela bete aurreko aurrekontuetan jasotako inbertsioak. De Andresen ustez, aurrekontuaren igoera ez dago bideratuta «beharrezko kontuetara»; besteak beste, Osakidetza eta Ertzaintza aipatu ditu: «Baliabideak ez daude behar bezala esleituta». Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen bozeramaileak uste du PPren osoko zuzenketak estrategia eta diskurtso politiko bat duela oinarri, eta esan du haien proposamena «aitzakiaz» osatuta dagoela.
Voxek ere aurkeztu du osoko zuzenketa, eta kritikatu du gobernuaren proposamena «kontinuista» dela.
Eztabaida hasi aurretik, Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua babestu du, eta esan «erantzukizunean, zorroztasunean eta bideragarritasunean» ardaztuta dagoela. D’Anjouren arabera, hiru oinarri izango ditu: zerbitzu publikoak sendotzea, eraldaketetan inbertitzea, eta komunitate sena indartzea. 15.720 milioi euro jarri nahi dituzte horretarako. Lehentasunezkotzat jo ditu «sistemaren iraunkortasuna bermatzea eta euskal erakundeen arteko lankidetza sustatzea».