Aurrera egiteko konpromisoa berretsi dute alderdiek

Ezker abertzale, EAJ, EA, Aralar, Alternatiba, EB-Berdeak eta PSko ordezkariek hitza hartu dute ekitaldian

Koldo Aldabe.
Brusela
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleko, EAJko, EAko Aralarreko, Alternatibako, Ezker Batua Berdeetako eta PSko ordezkariek ere parte hartu zuten Europako Legebiltzarreko ekitaldian. Hurrenez hurren hauek mintzatu ziren: Xabier Mikel Errekondo, Izaskun Bilbao, Pello Urizar, Inaki Irazabalbeitia, Xabier Soto, Jose Navas eta Frederique Espagnac. Denek eskertu zuten Europan hitza hartzeko egin zieten eskaintza, eta denek berretsi zuten Aieteko bide orrian aurrera egiteko konpromisoa.

Errekondok Aieteko adierazpenen ondorioetara jo zuen «Euskal Herrian partekatutako gutxieneko demokratikoetan oinarritutako jokalekua finkatzeko oinarri» direla esanez, eta alderdi guztien artean akordio demokratiko bat lortzeko elkarrizketa giroa sortzen ahalegintzeko esfortzua eskatu zuen.

EAJk Aieteko adierazpena puntuz puntu bere egiten duela gogorarazita, ETAk beste urrats bat egin behar duela nabarmendu zuen Bilbaok: erabat desegitea. Era berean, Europari eskatu zion Irlandan martxan jarritako Peace Programm bat behar dela Euskal Herriarentzat ere.

Euskal Herrian «une erabakigarria bizi dugu» esan zuen Espagnacek: «Ipar Euskal Herrian adostasun ia erabatekoa dugu gatazkari dagokionean, baina Parisen ez digute entzuten oraindik. Hollanderen alderdikoa naiz; hauteskundeakirabaziz gero, hurrengo egunetik ekin egin behar diogu. Entzun egin behar gaituzte Parisen eta Madrilen, horregatik behar dugu Europak lagun gaitzan».

Gatazka konpontzeko oinarriak badirela esan zuen, berriz, Urizarrek, egoera atzeraezina dela eta orain sakontzea falta dela. Horretarako, Espainiaren eta Frantziaren immobilismoagainditu eta elkarrizketa politikoak ere aktibatu behar dira, Urizarren ustez. Antzera mintzatu zen Irazabalbeitia ere, eta indar handia jarri zuen herritarren parte-hartze aktiboa defendatzeko orduan. Sotok gatazka politikoa erabaki politikoen ondorioz izan dela azpimarratu zuen, eta konponbideak ere politikoa behar duela izan. Navasek, azkenik, bozak aurreratzeko eskatu zuen, Eusko Legebiltzarrak herritarren borondatea ordezkatu dezan eta konponketan parte aktibo izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.