Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina lege bihurtu izana «gure herriaren bake eta konponbide nahiaren aurkako eraso zuzena» izan dela salatzearekin batera, «oztopo handien gainetik» aurrera egitera deitu zuten, atzo, Gernikako Akordioaren izenpetzaileek, euskal presoei bizi osorako kartzela zigorra ezartzen dien «salbuespeneko legediaren» aurka Bilbon egindako manifestazioaren amaieran.
Gernikako Akordioa izenpetu zuten alderdi, sindikatu eta gizarte eragileen eta manifestazioarekin bat egin duten beste eragileen izenean Etxerat-eko Jone Artolak eta ESK sindikatuko Isabel Castrok irakurri zuten manifestazioaren amaierako testua.
«Irmoki arbuiatu» zuten Auzitegi Konstituzionalak euskal presoei zigorra luzatzeko doktrina ontzat eman izana: «Erabakia oso larria da. Lehenik eta behin, oinarrizko giza eskubideen aurka egiten duelako. Baina, horrez gainera, gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia da, gobernuaren borondate falta agerian uzten duena».
Doktrina hori, bai Euskal Herrian bai nazioartean, aspaldi auzitan jarri dutela gogorarazi zuten, eta, hala ere, Konstituzionalak «mendekua bilatzen duen eta salbuespenekoa den doktrina lege bilakatzea» erabaki izana gaitzetsi zuten. «Erabaki hori gure herriaren bake eta konponbide nahiaren aurkako eraso zuzen gisa interpretatzen dugu», esan zuen Artolak: «Estatuak blokeo egora ezarri eta betikotu nahi du, gatazkaren konponbide politiko eta demokratikorik nahi ez duelako eta bere asmoa bakea eraikitzeko aukera zapuztea delako».
Herritarren inplikazioa
Konstituzionalaren «eraso zuzenaren» eta Espainiako Gobernuaren jarrera «blokeatzailearen» aurrean, ordea, Gernikako Akordioaren izenpetzaileek «aterabide demokratikoa erdiesteko» konpromisoa berretsi dute: «Irekiriko prozesua bururaino eramateko konpromiso osoa eta sendoa dugu: euskal herritar guztiok garaile izango garen gatazka politikoaren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino, alegia», azaldu zuen Artolak.
Horretarako, baina, «funtsezkoa» izango da «gatazkaren konponbidean inplikatzea» eta konponbidearen alde jardutea, eta, «orain artean bezala, aurrerantzean ere», herritarren inplikazioa eta bultzada «erabakigarria» izango dela uste dute. Horregatik, konponbidearen aldeko lanean aurki daitezkeen oztopoen aurrean geldi ez egoteko deia luzatu zuten: «Estatu espainiarrak eta PPren gobernuak bakea eraikitzeko aukerei jarriko dizkieten oztopo handien gainetik, aurrera egingo dugu, aurrera egin behar dugulako, ez baitago besterik!», azpimarratu zuen Artolak, eta jendearen txalo zaparrada jaso zuen; «gehiengoak ez duelako bakea eta konponbidea ez den besterik nahi», erantsi zuen.
Gernikako Akordioak dioena osorik garatu dadin «gatazkaren arrazoiak konpondu eta ondorio guzti-guztiak gaindituak izan daitezen lanean jarraitzeko asmo sendoa ere azpimarratu zuten: «Konponbideak osoa behar baitu izan, demokraziari bide eman behar baitio, eta ez du galtzailerik bilatu behar, guzti- guztion onura eta garaipena baizik, bakea eta demokraziarekin guztiok irabazten baitugu».
Agiriaren irakurketa amaituta, hitza hartu zuen berriro Artolak, hau esateko: «Bakoitzak bere ardura du betetzeko. Ziur lortuko dugula, preso eta iheslaririk gabeko egoera. Horretarako guztiak behar zaituztegu»; txalo zaparrada jaso zuen orduan ere.
«Aurrera egingo dugu, aurrera egin behar dugulako; ez baitago besterik!»
Hasitako prozesua bururaino eramateko konpromisoa berretsi dute Gernikako Akordioko eragileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu