Euskara

Aurrera doa Egungo Euskararen Hiztegia

Euskara-Euskara hiztegirik zehatzenaren B letra amaitu dute, eta hiruzpalau urte barru oso-osorik bukatuta egongo da. EHUko Euskara Institutua garatzen ari da EEH Egungo Euskararen Hiztegia, Ibon Sarasola ikertzailearen ardurapean, eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.

B hizkiaren azken sarrerak, Egungo Euskararen Hiztegian.
2017ko martxoaren 9a
07:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Egungo Euskararen Hiztegia amaitzeko A eta E hizkiak besterik ez dira falta, baina horiek hiztegiaren %20 hartuko dute. Gainontzeko hizkien orrazketa ere egiten dabiltza, “Euskara Institutuaren Egungo Testuen Corpus erraldoiak ematen duen informazioan oinarrituta”; dagoeneko C, D, F, G eta H letrak osatu dituzte. Hiru edo lau urte barru hiztegia erabat bukatuta egongo dela iragarri dute proiektuaren arduradunek: “EEHk biltzen dituen datuak oso urrun uzten dituzte gainerako euskal hiztegi guztiak”.

Nekane Balluerka EHUko errektorearen hitzetan, “hiztegia erreferente izango da”. Hiztegiaren aurrerapausoak aurkeztu dituzte gaur, Bilbon, Balluerkak, Pello Salaburu EHUko Euskara Institutuko zuzendariak eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak.

XXI. mendeko testuak dira hiztegiaren abiapuntua: ereduzko erabiltzaileen testuetatik sortutako corpusean oinarrituta dago. Duela zortzi urte abiatu zuten proiektua, Sareko Euskal Gramatika abiatu zuten urte berean. Internetez kontsulta daitezke bi baliabideak, eta beste asko ere, doan.

Hona hiztegiaren datu aipagarri batzuk:

Sarrera kopurua: 56.425

Azpisarrera eta adierak: 203.666

Adibide kopurua: 419.886

Hitz multzoak: 342.925

Azaldu dutenez, adibide kopurua handia bada ere, horrek ez du esan nahi horiek direla corpusean ageri diren adibide guztiak. Milaka gehiago dago: adibide aukeratuak dira, behin bazterturik informazio berria ematen ez duten adibideak. Hitz multzoak, berriz, “oso interesgarriak” dira hitzen erabileraren testuinguruaren berri izateko. Adibidez, hitz batzuek beti badute joera beste batzuen ondoan agertzeko: 'parte hartu' edo 'aintzat hartu' asko erabiltzen dira, baina 'esku poltsa hartu' edo 'egurkada' hartu askoz gutxiago erabiltzen dira aipatu testuetan.

Aurkeztu berri duten B hizkia egiteko urtebete behar izan dute, “material asko eskatzen duen letra baita” —A eta E hizkien gertatzen den moduan—:

B letraren sarrera kopurua: 6.532

Sarrera + adierak: 17.765

Adibideak: 56.595

Hitz multzoak: 95.927

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.