Aurrera beharrean,

Abortuaren Legearen inguruko eztabaida piztu da berriro Hego Euskal Herrian talde eskuindarrek bultzatuta, eta PSOEren Espainiako Gobernuak esan du oraingoz behintzat ez duela legea berritzeko asmorik, hori agindu zuen arren.

Asier Iturriagaetxebarria.
2008ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
A bortuaren Legearen eztabaida kalean dago berriro Hego Euskal Herrian. Baina eztabaida ez dute talde feministek edo emakumeen eskubideen aldeko taldeek sustatu. Talde eskuindarrak eta berez abortuaren legearen aurka daudenek eragin dute abortuaren eztabaida berriro puri-purian egotea. Abortuak egiten dituzten klinika pribatuek salatu dute beren kontrako «jazarpena» gertatzen ari dela. Horren ondorioz, atzotik greban daude 31 klinika pribatu, horietako bat Bizkaian. Kontuan hartuta klinika pribatuak direla abortuen %97 egiten dituztenak, asteon abortatzeko asmoa zuten emakume askok arazo batekin egin dute topo.

«Gertatzen ari dena gaizki egituratutako eta egindako legearen ondorioa da», esan du Andrea talde feministako Tere Saezek. Hego Euskal Herrian eta Espainian abortua legezkoa da 1985. urtetik. Presio latzak jasan eta gero, Felipe Gonzalezen PSOEren gobernuak abortuaren Legea onartu zuen. Abortatzea legezkoa da orduz geroztik, baina gaiak tabu izaten jarraitzen du emakume askorentzat.

Hego Euskal Herrian hiru baldintza betez gero da legezkoa abortuak egitea: bortxaketa (lehenengo 12 asteen barruan egin daiteke), fetuak gaitz fisikoak edo psikikoak izateko arriskua (lehenengo 22 asteen barruan egin daiteke eta bi sendagileren txostena behar da) eta amaren egoera fisiko edo psikikoa arriskuan egotea. Azken hirugarren baldintza horretarako epe mugarik ez dago, eta mediku batek egindako txostena nahikoa da. Hain zuzen, azken hirugarren baldintzari heltzen diote abortua egin nahi duten emakumeen %96k, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.

«Legearen idazkerak zalantza asko sortzen ditu. Abortuaren legearen kontra daudenak horixe baliatzen ari dira abortuak egiten dituztenen kontra egiteko eta Espainiako Gobernuari presioa egiteko», azaldu du Saezek.

Presio horrek emaitzak eman ditu. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente sozialista hautagai zela, abortuaren Legea berrituko zuela agindu zuen hauteskunde programan. Lau urte joan dira, eta legean ez da inolako aurrerapausorik eman. Joan den abenduaren 18an abortua baldintza guztietan legezkoa izateko proposamena eztabaidatu zen Espainiako Parlamentuan, eta 21 diputatu baino ez ziren alde agertu. Bozka sekretuan emateko aukera izan zuten diputatuek, baina bistakoa da PSOEko diputatu gehien-gehienek behintzat kontrako botoa eman zutela.

Hurrengo martxoan Espainian berriro izango dira hauteskundeak, eta Zapaterok aurreratu du abortuaren Legea berritzeko proposamena ez duela programan sartuko. Ezkerretik aldendu eta erdibidearen alde egin du PSOEk, boto bila.

Aurrera beharrean, atzera. Bilgune Feministako Maite Segurolak argi dauka egun kalean dagoen abortuaren inguruko eztabaida ez dela erreala. «Hauteskundeak bertan ditugu, eta ikusten ari garen guztia hauteskunde giro horren barruan dago». Abortuaren inguruko eztabaida giro lasaiagoan egitea eskatu du. «Eta oso gauza garrantzitsua hartu behar dute beti kontuan politikariek: Abortuaren Legea prestatzen ari direla emakumeen iritzia kontuan izan behar dute, ez dutelako inoiz egiten».



KLINIKA PRIBATUAK GREBAN. Abortuaren aurka talde eskuindarrek egindako presioa gehien jasan dutenak klinika pribatuak izan dira. Besteak beste, joan den abenduan Kataluniako eta Madrilgo hainbat klinika pribatu itxi dituzte, ustez legezkoak ez diren baldintzetan abortuak egiteagatik. Era berean, abortuak egiten dituzten hainbat mediku ezagun ere atxilotu dituzte. Horren ondorioz, oso aurreratuta dauden haurdunaldietan abortuak egiten direnaren ustea zabaltzea lortu dute talde eskuindarrek. Baina Espainiako Osasun Ministerioak atzera bota du datu hori: haurdunaldiko 21 aste bete eta gero eta egiten diren abortuak %2 baino ez dira.

Itxi bakarrik ez, beren kontrako «jazarpena» gertatzen ari dela diote abortuak egiten dituzten klinika pribatuek. Egoerarik larriena Madrilen gertatzen ari da (PP dago Madrilgo erkidego autonomoko agintean). Orain arte, urtean bi inspekzio egiten zizkieten Madrilgo klinika pribatuei, baina aurten batez beste sei egin dizkiete, eta zenbaitzuei hamar inspekzio ere egin dizkiete. Horren aurrean, Espainiako 31 klinikak greba abiatu zuten atzo (horietako bat Bilbon dago), eta halaxe egongo dira hilaren 12ra arte. Agintari politikoei babesa eskatzen diete, eta gaizkile bezala ez begiratzea. Izan ere, agintariengandik jasotzen dituzten inspekzioez gainera, hainbat talde eskuindarrek elkarretaratzeak egin dituzte haien kliniken aurrean, eta sarri irainak eta mehatxuak jasotzen dituzte.

Abortuak egiten dituzten klinika pribatuak pairatzen ari diren egoeraren aurrean agintari politikoak erakusten ari diren jarrera «hipokrita» dela esan dute talde feministek. «Kontuan izan behar da osasun sistema publikoan abortuen %2 edo %3 egiten dituztela bakarrik. Klinika pribatuek hartzen dute ardura hori, klinikek betearazten dute legea, eta orain, euren atzetik dabiltza, gaizkileak izango balira bezala», adierazi du Saezek.

Klinikak bakarrik ez, abortatzera joaten diren emakumeek ere jasan behar izan dituzte talde eskuindarren irainak eta mehatxuak. Gainera, emakumeek ere jazarrita daudela igartzen dute. Madrilen 25 emakumeri abortatzeko erabili zituzten mediku txostenak eskatu dizkiete, iruzurra egin duten edo ez jakiteko. Era berean, Iruñeko emakume bat atxilotu egin zuten joan den abenduan. Abortua eragiteko, hainbat pilula hartzea leporatzen diote. Oraingoz, ez du espetxera joan beharko, baina hamabost egunean behin epaitegian sinatu beharko du.



EPEEN LEGEA. Azken asteetan gertatzen ari den egoera ez errepikatzeko, indarrean dagoen Abortuaren Legea aldatzea beharrezkoa dela uste dute talde feministek eta klinika pribatuek. Grebara deitu duen Acai Espainiako klinika pribatuen elkarteak epeen legearen alde egin du. Horren arabera, epe jakin baten barruan abortatzeko aukera izango du emakume batek, eta ez zaio inolako baldintzarik betetzeko eskatuko. Europako estatu gehienek antzeko legea dute indarrean, bakoitzak bere epe muga ezartzen duen arren. Antzeko bidetik jo du Andrea talde feministako Tere Saezek: «Epeen legearekin emakumeak erabakitzeko daukan aukera handiagoa da. Ez du azalpenik eman beharrik izango».

Saezek gogoratu duenez, gaur egun ez da erraza abortatzea. «Abortatu nahi duen emakume batek estutasun handiak igaro behar ditu. Egoera deserosoak ere bai. Hainbat medikurekin hitz egin behar du, eta medikuak aldeko txostena emateko zain egon behar du, larritasun egoera eraginez».

Bilgune Feministako Maite Segurolak ez du zehatz epeen legeaz hitz egiten, baina abortatzeko eskubidea «askea eta doakoa» izan behar dela azpimarratzen du. «Epeak jarri behar badira, ondo, eta hori egitea zientzialariei dagokie. Haurraren eta emakumeen segurtasuna bermatuta egon beharko dira beti». Ipar Euskal Herriari dagokionez, epeen legea ezarrita dutenez (lehen 12 asteen barruan abortatzeko eskubidea dute emakumeek, baldintza gabe), abortatzeko askatasuna ziurtatuta dago. Baina oraindik ez da doakoa, Segurolak gogoratu duenez. Abortatzen duten emakumeek berek ordaindu behar dute interbentzioa, eta gero, estatuak kostuaren %80 itzultzen die (170 euro inguru). Dena den, pobrezia egoeran dauden emakumeei kostuaren %100 itzultzen diete.

Epeen legea ezartzen bada, ikastetxeetan sexuari buruzko hezkuntza hobea eskaini beharko dela agertu dute talde feministek. Diotenez, sexu hezkuntza egokia izateak abortu kasuak murriztuko ditu. Adibide bat ere jartzen dute hori erakusteko. Europan Herbehereak dauka abortu legerik malguena, eta hor beste inon baino abortu gutxiago egiten dira, ikastetxeetan sexu heziketa ona dutelako.



«Gertatzen ari dena gaizki egituratutako eta egindako legearen ondorioa da bakarrik»

tere saez
andrea talde feministako kidea
«Egunotan ikusten ari garena ez da abortuaren inguruko eztabaida erreala; hauteskunde kutsua dauka»

maite segurola
bilgune feministako kidea




HIru BaLDInTzaK

Hego Euskal Herrian hiru baldintza betez gero da abortatzea legezko:

1Bortxaketa. Bortxaketa pairatu duten emakumeek lehenengo 12 asteetan egin dezakete abortua.

2Fetuaren gaitza. Fetuak gaitz fisiko eta psikikoak dituenean, edo izateko arriskua duenean, 22 asteren barruan egin daiteke abortua. Horretarako, bi medikuren txostena behar da.

3Ama arriskuan. Amaren egoera fisiko edo psikikoa arriskuan dagoenean aborta daiteke mugarik gabeko epean. Mediku baten txostena nahikoa da.





Epeen legea erabiltzen dute Europan

Hego Euskal Herria eta Espainia atzean geratu dira abortatzeko eskubidea arautzerako orduan. Espainian hiru baldintza betez gero abortatu daiteke, baina Europako herrialde ia guztietan ez dute baldintzarik jartzen. Epeen legea erabiltzen dute. Horren arabera, eta epe jakin baten barruan, emakumeak abortatzeko eskubidea dauka inolako azalpenik eman gabe.

Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Frantzia, Portugal, Grezia, Bulgaria, Eslovakia, Estonia, Letonia, Lituania, Hungaria eta Txekiar Errepublika dira abortatzeko eskubidea bermatzeko epeen legea ezarrita dutenak. Herrialde horietan 12 asteren barruan edozein baldintzatan abortatu daiteke. Italiak, Errumaniak eta Herbehereak ere epeen legea dute indarrean. Italian 90 eguneko epea ematen dute, Errumanian 14 astekoa eta Herbeheretan 24 astekoa.

Legezko epea gaindituta ere abortatzeko eskubidea bermatzen zaie emakumeei herrialde batzuetan, betiere baldintza batzuk betez gero. Grezian, adibidez, fetuak malformazioren bat badu 24 asteko epearen barruan abortatzeko aukera dago. Belgikan, Danimarkan, Frantzian, Italian eta Austrian ez da epe mugarik jartzen fetuarentzat arriskua dagoen kasuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.