Zalantza juridikoei zirrikiturik utzi gabe, Foru Hobekuntzak trafikoaren eskumen historikoaren aitortza jasotzeko prozesuan murgilduta daude Nafarroan otsailetik. Gaur, Nafarroako Parlamentuan urrats bat gehiago egin du norabide horretan, eta gehiengo handiz aurrera atera du: UPNk, PSNk, EH BIlduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak alde bozkatu dute. Gaiak arrakalak sortu ditu eskuinaren barnean. PPk ez zuen aurreratu zer egingo zuen bozketan, eta, azkenean, Voxi eskutik helduta, kontra bozkatu du.
Nafarroako Gobernuak sustatu du aldaketa. 2023ko aurrekontuak onartzeko eztabaidan, EH Bilduk PSOErekin hitzartu zuen trafiko eskumenaren transferentzia behingoz gauzatzea —bi gobernuen arteko negoziazioa lau urtez luzatzen ari zen—, eta aurreko legealdian Madrilgo eta Iruñeko gobernuek trafiko eskumena itzultzeko akordioa hitzartu zuten.
Uztailaren 1ean sartu zen indarrean, baina, iragan otsailean, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen transferentzia errege dekretu bidez onartu izana. Ordutik, Foru Hobekuntza aldatzeko bidea hartu da, eta, bi gobernuek akordioa hitzartu ostean, Nafarroako Kontseiluaren aldeko ebazpena jaso du.
Eztabaidaren hasieran, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak espero du Gorenaren epaia «parentesi» bat izatea, eta azpimarratu du gobernuak nahiago izan duela aurrera begiratu. «Ezabatu egiten da, transferentziaren akordioan esaten denetik harago, bestelako interpretazio juridikoak egiteko aukera». Txibiteren hitzetan, gobernu batek egunerokoari eta luzaroko estrategiari aurre egin behar dio bere jardunean, eta eztabaida horrek biak batzen ditu: «Ez da gauza txikia. Oinarrizko zerbitzu bat gertutasunez, ezagutzaz eta eraginkortasunez egiteko aukera ematen du azken finean autogobernuak».
Ikusi gehiago
Historikoki bere gain izan du Nafarroak bideen zaintza, baita motordun ibilgailuak hasi zirenean ere. Alta, 1961ean dekretuz kendu zion erregimen frankistak orduko diputazioari. Txibitek gogora ekarri du ordutik Nafarroan kolore guztietako gobernuek babestu zutela eskumen hori Nafarroara itzuli behar zela, baita UPNkoek ere. Berez, 2000ko hamarkada hasieran, PPren eta UPNren gobernuek negoziatu zuten Nafarroak errepide zaintza berreskuratzea «EAEko eta Kataluniako ereduari» jarraituz. Hori aintzat harturik, Txibitek adierazi du nahiko lukeela aldaketa horrek «kontrako baino aldeko aliatu gehiago» izatea. «Ezerk ez du justifikatzen Nafarroa zigortzeko botoa», gaineratu du.
Alta, eskuineko alderdien artean ezberdintasunak azaleratu dira, eta adierazgarria da batzuek eta besteek historikoki aldeztu dutenaren kontra dihardutela orain. Iazko martxoan, Transferentzien Batzordeak, zeinak Nafarroako Parlamentuko talde guztien ordezkaritza duen, aho batez onartu zuen Nafarroak trafiko eskumena osorik berreskuratzeko akordioa. Iaz aho batez onartu zena gehiengo zabal bihurtu da orain. Aintzat hartu behar da iazko bozketan Navarra Suma eskuineko koalizioko parlamentari batek —UPNko Juan Luis Sanchez Muniainek— onetsi zuela akordioa, eta ekainaz geroztik eskuin muturrak bi ordezkari dituela parlamentuan.
Bitarte horretan guztian, UPNk eta PPk salatu dute Guardia Zibilaren trafikoko brigada Nafarroatik kanporatzeko baliatu nahi dela transferentzia, eta PSOEk EH Bilduren esanei men egin diela. UPNk historikoki defenditu du Foruzaingoak errepide zaintza osorik hartu beharko lukeela «mehatxu terrorista desagertutakoan», baina gaurko eztabaidan berretsi du transferentziaren bidez Guardia Zibila kanporatzeko asmoa dutela.
UPN eta PPren arteko talka
Alta, talka dialektikoa egon da eskuineko bi alderdi nagusien artean. Javier Esparzaren esanetan, bateragarria da hori defenditzea eta trafiko eskumena Foru Hobekuntzan berrestea. Hala, kontrako botoaren bidez, «foruaren aurkako alderdi» bihurtu izana leporatu dio Alderdi Popularrari. «Zergatik bozkatzen dute aurka? Interes alderdikoiak eta politikoak dituztelako, baina horiek ezin dira erabili foru erregimenari kalte egiteko». Izan ere, gauza bat da eskumen historikoak aitortzea, eta bestea bi gobernuek lankidetza hitzarmen bat egitea. «Gezurra da esatea baiezko botoarekin Guardia Zibila kanporatu nahi dela, bi gauzak bateragarriak baitira».
Guztiz alderantzizko argudioa erabili du PPko Javier Garciak. «Alderdi abertzaleek alde bozkatzeak ez nau harritzen, baina UPNk hori bera egiteak kezkatzen nau, bai eta harritu ere». Haren esanetan, aurretik lankidetza hitzarmen bat izan gabe Foru Hobekuntza aldatuta, «gobernu honi aitzakia ematen zaio EH Bilduren eskutik nahi duena egiteko eta desegiteko». Garciaren esanetan, ez dute onartuko «zuzenean edo zeharka Guardia Zibila Nafarroatik kanporatzea», eta hori lortu nahi dela berretsi du. «Hemen eztabaida ez da eskumenen gainekoa», dio, eta gaineratu: «Foruak arma gisa erabili nahi dituzte Espainiaren aurkako mezua zabaltzeko, EH Bilduren mesedetan».
Epaiaren aurka
Eskuineko alderdien mezuek Auzitegi Gorenaren erabakietan isla izan dutela iradoki dute EH BIlduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Laura Aznalek irmo salatu du Gorenak «hankaz gora» utzi nahi izan duela Nafarroako eskumen historiko hori. Hala, haren ustez, «kontraforu bat izan da Gorenaren epaia». Izan ere, adierazgarria iruditzen zaio 1982an EAEk trafiko eskumena errege dekretu bidez ezarri izana, eta 1996an Aznarren gobernuak gauza bera egin izana Kataluniarekin. «Han balio izan zuenak orain ez du balio hemen. Zera ikusten dugu, erabaki politikoak judizializatu egiten direla eta frankismoak ezarritako egoera bat kosta ahala kosta iraunarazi nahi dutela».
Geroa Baiko Pablo Azkonak eskatu dio UPNri konplexuak alboratzeko: «Voxek PP baldintzatzen du, eta ezin duzue onartu zuei ere eragitea. Ez da ona Nafarroarentzat».
Behin akordioa onartu eta gero, Madrilera joango da testua. Espainiako Gobernuak onartu beharko du aldaketa, eta Espainiako Gorteek onartu beharko dute gero. PPren botoa ikusita eta Senatuan gehiengoa duenez, Kongresuaren esku egongo da azkenik trafikoa eskumen gisa berresteko aldaketa. Hori gabe ezingo da transferentzia gauzatu.