Gertu dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuak negoziatzeko prozesua, eta, hori ikusirik, EH Bilduk bere jarrera argitu nahi izan du. Maddalen Iriarte bozeramaileak esan duenez, beharrezkoa da «negoziatzeko esparru iraunkorra» sortzea, «dena erabakita utzi baino lehen», eta hala eskatu dio Jaurlaritzari. Iriarteren arabera, osasun larrialditik atera osteko abagunea «oso garrantzitsua da»: «Orain hartzen diren eta ez diren erabakiek hamarkada oso bat baldintzatuko dute». Horretarako «akordio politikoak josteko esparru bat» behar da.
Halere, EH Bilduko bozeramaileak uste du Jaurlaritzaren jokamoldea kontrakoa dela, eta «eskema zaharkitu bati» jarraitzen diola: «Ezer ez da mugitzen beraiek aurrekontu proiektua aurkeztu arte; eta gero, euren aurrekontua, euren politikak partekatu eta ukitu gabe, milioi batzuk gordetzen dituzte alderdiren batekin milioi horiek zertan erabili negoziatzeko, eta taldeok hori onartzea baino ez dugula dirudi».
Jaurlaritza, berriz, prest dago «beharrezkoak diren elkarrizketa guztiak» izateko, Bingen Zupiria eledunak esan duenez, aurrekontuen babesa handitzeko xedez. EAJren eta PSE-EEren sostengua ziurtatuta, Jaurlaritzak ez du beste inoren beharrik aurrekontuak onartzeko, baina, halere, «gobernuak duen gehiengo osoa gainditu» egin nahi dute talde gehiagoren babesa lortuz.
Navarra Sumarekin labur
Nafarroan, atzo hasi ziren aurrekontuen inguruko elkarrizketak. Gobernukideak Navarra Sumarekin elkartu ziren lehenik, eta EH Bildurekin gero. Javier Remirez eta Xabier Aierdi foru gobernuko lehen presidenteordeak eta bigarren presidenteordeak hartu zuten hitza bileren irakurketa egiteko. Txarretsi zuten Navarra Sumarekin bilerak hamar minutu baino ez iraun izana. Navarra Sumako Javier Esparzak «antzerkitzat» jo zuen bilera, «gobernuak erabakia duelako EH Bildurekin akordioa egitea». Remirezek esan zuen aurrekontu proposamenaren eztabaidan ez zirela sartu ere egin: «Aurrekontuen negoziazioa haustea erabaki dute». EH Bildurekin bestelako jarrera bat sumatu zuten. Aierdik esan zuen bidea ibiliz egiten dela. EH Bilduk ere akordiorako borondatea sumatu zuen bileraren ostean.
Aurrekontuez hitz egiteko «esparru iraunkorra» galdegin du EH Bilduk
Jaurlaritza, berriz, «beharrezkoak diren elkarrizketa guztiak» izateko prest dago. Nafarroan ekin diote lehenengo kontaktuak izateari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu