Eusko Jaurlaritzarako aurrekontu proiektua aurkeztu berri du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, eta, gainerako erakundeek ere ariketa hori egin behar duten honetan, EH Bilduk marko bat aurkeztu du aurrekontuen negoziazioetarako. Unai Urruzuno politika instituzionaleko idazkariak eta Onintze Oleaga udal politikako idazkariak eman dituzte azalpenak, Donostian. Urruzunok gogoratu du diru bilketa handitzeak bide eman diola Eusko Jaurlaritzan izan den aurrekonturik handienari. Baina inflazioa ere aipatu beharrekotzat jo zuen. «Salbuespen» egoera hori baliatu beharra dagoela esan zuen. Aro aldaketa bat islatuko duten eta inbertsio publikoa sustatuko duten aurrekontu proiektuak defendatuko dituzte, bultzada politikoz, irautea xede izango dutenak «egoera soziodemografiko berri baterako eta erronka sozial berrietarako trantsizioari ekiteko».
Eusko Jaurlaritzarako, Nafarroako Parlamenturako eta Espainiako Gobernurako aurrekontuak jorratzeko orduan «ongizatea» sustatuko duten inbertsioak lehenetsiko ditu, osasunean eta hezkuntzan indar eginez bereziki. Bizitzaren garestitzearekin lotuta, alokairu babesturako diru sailak sustatuko dituzte, eta udalentzako finantzaketa lerroak ere bai. Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea eta soldatak KPIren arabera eguneratzea ere bultzatuko dute.
Urruzunok kezka agertu du industria pisua galtzen ari delako. «Joera hori iraultzeko politikak behar ditugu». Adierazi du Finantzen Euskal Institutuak ehun industrialari «hemen eusteko azterketa egin eta hemengoa bultzatu» beharko lukeela eragileekin elkarlanean.
Oleagak gogora ekarri du EH Bilduk udal ordezkaritza gero eta zabalagoa duela. Udal politika «jendearen bizitza hobetzeko eta egungo erronka garaikideei aurre egiteko» tresnatzat daukate. Hiru ardatzetan egingo dute indarra: zaintza publiko komunitarioak jauzi kualitatibo bat eman dezan lan egingo dute udaletako aurrekontuen negoziazioetan; berdintasun soziala sustatuko dute; energia berriztagarriei bultzada emango diete, klima larrialdiari aurre egiteko aitzindaritza hartuta; eta etxebizitza errazago eskuratzeko udal politikak garatzeko aurrekontuak jorratuko dituzte.
Aurrekontuetan «aro aldaketa» islatzea du helburu EH Bilduk
Eskatu dute inbertsio publikoa sendoa izan dadila eta luzaz iraun dezala. Esan dutenez, zaintza publiko komunitarioak «jauzi kualitatiboa» behar du udaletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu