«Defizitaren, errentagarritasunik ezaren, xahutzearen eta lurralde desegituratzearen sinonimo» delakoan, AHT Gelditu Elkarlana taldeak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio 2013ko aurrekontuetan AHT abiadura handiko trenari dirurik ez emateko. «Aurrekontuek gizartearen oinarrizko beharrak bermatzea lehenetsi behar dutela uste dugu», adierazi zuen atzo Mila Elorza bozeramaileak, Donostian. Eskaria berresteko, bi elkarretaratze antolatu ditu Jaurlaritzaren Bilboko eta Donostiako egoitzen aurrean, otsailaren 20an.
Mezua ez ezik, argazkia ere esanguratsua izan zen atzoko agerraldian. Elkarlaneko eta beste azpiegitura handi batzuen aurkako mugimenduetako kideekin batera, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuko ordezkariek ere parte hartu zuten. Tren lasterraren proiektua «gelditzea eta bertan behera uztea» galdegin zuten, AHTa eraikitzeko lanekin jarraitzeak «herriaren etorkizuna hipotekatzea» dakarrelakoan.
Izan ere, AHTaren aurka jarduteko arrazoi nagusi izandako ingurumen kalteari eta eredu ekonomikoari beste bat gehitu zaie azken urteotan: krisi ekonomikoak utzitako egoera. «Ziurgabetasun ekonomikoaren garaiak dira hauek, prestakuntza eta gastu sozialak etengabe murrizten ari baitira. Euskal ekonomiarentzat jasangaitza da batere erabilgarritasun sozialik ez duen azpiegitura defizitario horretan hainbesteko dirutza xahutzea».
Elorzak azaldu du azpiegiturak ez lukeela errentagarritasunik izango Euskal Herrian, eta Espainian gertatutakoa jarri du adibide: «Mantentze eta ustiatze kostu handiak ditu, eta bidaiari kopuru eskasa; nabarmenki defizitarioa denez, etengabeko finantzaketa publikoa behar du». Salgaiak garraiatzeko ere ez luke balioko; CEOE Espainiako patronalak eta bidaia antolatzaileek berretsitakoa ekarri du gogora taldeko bozeramaileak: «Abiadura handiko lineak merkantziak eramateko ezegokiak eta ziurtasun gabekoak direla adierazi dute».
50 urterako zorra
Elkarlanak kontuak atera ditu. Zorraz mintzatu da. Taldearen arabera, trena eraikitzearen eta martxan jartzearen gastua kitatzeko, 50 urte beharko lirateke, «kostua baino hamar bider gehiago ordainduta, jakina». «Adituek egindako ikerketa sinesgarri bat bera ere ez dago AHTan egindako inbertsioa defendatuko duenik», erantsi du Elorzak.
Eta egungo egoera ekonomikora ekarrita, are larriagotzat jo du azpiegitura horretan diru publikoa jartzea, murrizketak ekar baititzake; hau da, gizarte zerbitzuei, beharrean dauden sendiei edota enpresa txiki eta ertainei kentzea. Behin baino gehiagotan ateratako ondoriora iritsi da berriro Elkarlana, eta «elite ekonomikoen interesetara makurtzea» leporatu dio Jaurlaritzari: «AHTa eraikitzearekin, soilik eraikitzaile jakin batzuk aberasten dira, gizarte ezberdintasunen tartea handituz doan bitartean».
Ildo horretan, tren azkarraren alde erabilitako argudioetako bat erabili du kontrako jarrera indartzeko: enplegua. Elorzak gogorarazi du trena eraikitzeko obretan kontratatuko langileek lan eta soldata baldintza «ezin txarragoak» dauzkatela: «AHTa eraikitzeak lanpostuak sortzen dituela esaten digute. Jakina, baina sortzen duen lanpostu bakoitzeko lau lanpostu galtzen dira egiten diren murrizketengatik, horiek bai, egoki ordainduak, iraunkorrak eta kualifikatuak».
Aurrekontuetan AHTari dirurik ez emateko eskatu du Elkarlanak
Otsailaren 20an, elkarretaratzeak egingo dituzte Jaurlaritzaren Bilboko eta Donostiako egoitzetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu