Aurrekontuen truke Estatutua betetzeko exijituko dio EAJk PSOEri

Ezer ez egitea leporatu dio Urkulluk Eusko Jaurlaritzari, baita PPrekin izan ezik alderdi politikoekin eta erakundeekin ez biltzea ere

Zarautz
2010eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Gernikako Estatutua ez bada beteko, ez daitezela gure babesaren zain egon». Mezu argia igorri zion atzo Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari. 2011ko Espainiako Aurrekontu orokorrak babestearen ordainetan, Gernikako Estatua osorik beteko duela hitz eman beharko du. Jeltzaleen buruak argi utzi du alderdiaren lehentasuna «Euskadiren» interesak defendatzea dela, autogobernuan sakontzea eta «Euskadiren» erakundetzea garatzea, larrialdi sozio-ekonomikoari aurre egiteko, euskal herritarrek tresna gehiago behar dituztelako.

Sendotasuna erakutsiz ekin dio Urkulluk urte politiko berriari. Iaz bezala, Zarauzko Foruen enparantza (Gipuzkoa) aukeratu du EAJk datozen hilabeteetan eta datorren urteko foru eta udal hauteskundeei begira bere politikaren ardatzak izanen direnak aurkezteko. Ehunka alderdikide eta EAJren jarraitzaile bildu dira, mehatxatzen zuen euriari aurre eginez. Joseba Egibar alderdiko GBBko presidentea eta Imanol Lasa Zarauzko alkatetzarako hautagaia izan ditu lagun oholtza gainean.

Joan den urte politikoaren balantzea eginez hasi da Urkullu, eta gogor kritikatu du Lopezen gobernua. Gobernu «hutsa» izan da, haren erranetan, «asko hitz egin eta gutxi egin» duena. Beste hainbatetan bezala, gogoratu du «naturaren aurkako» Eusko Jaurlaritza dela. Baina, haren arabera, hori ez da okerrena. EBBren presidenteak uste du hauteskundeetatik iragan den urte eta erdian argi gelditu dela gobernuaren «eraginkortasun eza». «Ez du funtzionatzen».Horren froga eman du langabezia handiago dela, baita zor publikoa ere, politika sozialetan laguntzak kendu dituela, hezkuntza arloaren haserrea areagotu dela, eta hitz eman arren, eskuduntza berririk ez duela eskuratu. Politika arloan ere, zalantzan jarri du Lopezen gobernuaren jarduera. «Harro harro lege egutegi bat aurkeztu zuen. Ez du bete, eta ez du beteko».

Gisa berean, PPrekin izan ezik, gaineratiko alderdi eta erakundeekin ez biltzea leporatu dio, are gehiago, harremanik ez izatea. Urkulluk jakinarazi duenez, joan den urtarrilaren 29an bildu ziren azken aldikoz haiekin. Maiatzaren 24an aldundiekin bildu zen eta EUDELek martxoaren 11n igorri zion Udal Legerako proposamena, baina geroztik «erantzunik ez». EBBko presidenteak argi ikusten du Lopezen gobernuak ez daukala «Euskadi eraikitzeko gogorik». «Euskadi ez eraikitzea da Eusko Jaurlaritzaren gogo bakarra». Funtsean, hori PP eta PSE-EEren batasunaren estrategia dela uste du: «ezer ez egitea, aurretik egindakoa desegitea, eta poliki Euskadi Espainiaren nortasun bakarrean barneratzea».

Etorkizunari begira eta datorren udaberriko hauteskundeei begira, horri aurre egitea izanen da EAJren apustua: «Euskadi eraikitzen jarraitzea eta harentzat beste etorkizun bat diseinatzea». Autogobernuan aurrera egiteko, «Euskadiren erakundetze prozesuaz harro dauden indar abertzaleekin» batzearen aldeko apustua egin du. Beharrezkotzat jo du «Euskadin» beste marko bat eratzea, «euskal erakundeak XXI. mendeko erronkei egokituko dituen marko bat», haren hitzetan. Diskrezioz bada ere, dagoeneko horretan ari direla aurreratu du. «Euskadirentzako berezko bide bat» diseinatzen ari dira, «gizartearekin konpartitzeko eta eraikitzeko».

Ikasturte politikoa «historikoa» izanen da, Urkulluk dioenez, «erabakigarria» izanen delako Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat. «Kontzientzia eta gogoa duen herri bat gara, eta horri nazioa deitzen zaio. Nazio bat gara, eta guk erabakitzen dugu».

Egibarrek ildo beretik jo du hitza hartzean, baina kritiketan eta konpromisoetan zorrotzago izan da. Lopezi lidergorik ez izatea leporatu dio, baina horrek ez duela harritzen gaineratu du, haren ustez, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den arren, ez baitu «herrian sinesten». «Lopezek nola defendituko du Euskadi herri gisa existitzen denik ez badu sinesten?». Horren froga eman du ez duela inoiz hitz egiten euskal herriaz, baizik eta euskal gizarteaz, Gernikako Estatutuak berak euskal herriaz ari denean.

Urkullu bezala, gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa, zor publikoa «neurrigabe» handitzen ari delako gastu publikorako, ekonomia adituek hori ez dela egin behar aholkatzen ari direnean, Egibarren arabera, eta PP, «bere bikotekidea», hori bera erraten ari denean. Ondoko belaunaldiak kontua ez hartzea leporatu dio.

Erabakitzeko eskubidea

Egibarren erranetan, bi izanen dira EAJren ardatzak hauteskundeei begira: giza eskubideen errespetua eta erabakitzeko eskubidea. Azken hori «giltza» da, GBBko presidentearen ustez. Horren harira, Lortu arte agiriarekin ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak helmuga bat jarri dutela ohartarazi du, baina bitartean zer egin zehaztu ez izana leporatu die. Indarkeriari dagokionez, ohartarazi du «urrats bat» falta dela. «ETAk armak utzi behar ditu. Armak txatarrera bota behar ditu».



Silva: «Itunen truke eskuduntzak eskatzea positiboa da»

Carmela Silva PSOEk Espainiako Senatuan duen bozeramailearen esanetan, «normala eta positiboa» da erkidegoek edota alderdiek eskuduntzak eskatzea Espainiako Gobernuari «itunen edo babes parlamentarioen truke». Hala, EAJk Zapaterori egin dizkion eskaerak «normaltasunaren barruan» hartu behar direla esan du, «joko demokratikoaren parte» delako transferentziak aldarrikatzea.Gainera, PSOEko eledunaren iritziz,Patxi Lopez lehendakariak «leialtasunez eta eskuzabal» jokatuko du Madrilgo negoziaketetan.Ildo beretik jo du Tomas Gomez Madrilgo PSOEko idazkari nagusiak: «Lehendakariak ahots garrantzi- tsua izango du, eta bereerabakia funtsezkoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.