Aurreikus zitekeen Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen negoziazioak ez zuela bide luzerik egingo aurten. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak hilabete gutxi barru izango dira, eta Iñigo Urkullu lehendakariak aurki egingo duen deialdi horren itzalpean ari dira alderdiak aspaldi honetan. Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk kartak mahai gainera ateratzea erabaki du, eta aitortu «ia ezinezkoa» dela oposizioarekin adostasunak lortzea. «Zintzoagoa» da, haren esanetan, negoziazioa bukatzea, elkarrengandik «urrunegi» baitaude gobernuaren eta oposizioko alderdien proposamenak.
EH Bilduk «harrigarritzat eta kezkagarritzat» jo du Jaurlaritzak erabakitzea «eztabaidarik gabe ixtea» 2024ko aurrekontuen tramitazioa. Haren ustez, oposizioko alderdiekin «harremanak hasi gabe ere amaitutzat» eman ditu Azpiazu sailburuak, eta, erabaki horrekin, Urkulluren gobernuak erakutsi du ez dela «garaia ondo irakurtzen ari». Koalizioaren ustez, «ezinbestekoa» da orain «elkarrizketa, bestea aintzat hartzea eta baldintzak sortzea». Hala uste du Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak: «Argi dago Jaurlaritzak ez duela akordiorako borondaterik izan».
«Proposamen zentzuduna»
Kortajarenaren arabera, «arlo estrategikoetan egiturazko arazoak» metatzen ari dira, eta EAJren eta PSE-EEren gobernuak erabaki du ez dela «egokia» horri buruz eztabaidatzea. «Sinetsarazi nahi digute gauzak bakarrik beren modura egin daitezkeela, horrekin konformatu behar dugula, baina guk argi dugu beste modu batean egin daitezkeela», ziurtatu zuen atzo koalizioko bozeramaileak.
Kortajarenak azpimarratu zuenez, EH Bilduk «proposamen zentzudunak» egin ditu alor jakinetan, besteak beste hauetan: Osakidetzan, etxebizitzan, hezkuntza publikoan, ingurumenean eta zaintza sisteman. Halere, eledunak salatu zuen Jaurlaritzak «bidea itxi» duela.
Azpiazu sailburuaren ustez, berriz, «ez du merezi» aurrekontuen negoziazioekin jarraitzeak, sinetsita baitago «gerturatzeko borondaterik ez» dutela EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk. Negoziazioekin aurrera egin izan balute, «espektatibak ez ziratekeen beteko».
Are gehiago, Ogasun sailburuak uste du EH Bilduk eta EP-IUk «normal onartu» dutela egoera hori.